Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Caracasen Eusko Etxea sortu eta gailurrera eraman zuen belaunaldia omenduko dute

Omenaldia egingo zaie asteburu honetan Caracasen 1939an, duela 70 urte, bertara errefuxiatu eta emeki emeki Euskadi txiki bat eraikitzeko oinarriak ipini zituen belaunaldiari, Diaspora osoko euskal komunitate aktibo eta eragileenetako bat sortu arte.

Bere buruari, bere historiari egingo dio asteburu honetan omenaldia Caracasko Eusko Etxeak. Belaunaldi aitzindari haren seme-alaba direnek euren gurasoei luzatuko diote esker on publikoa. Eusko Etxeak, Venezuelako euskal komunitatearen izenean egingo du; Iruñetik propio joandako Ortzadar taldeko dantzariek, Euskal Herriko eta gazte diren heinean egingo dute; eta, azkenik, Chacaoko Udalak, lagun eta komunitate venezuelarraren izenean.

Gogor borrokatutako gizaldia izan ziren, dezente pasatutakoa. Eta Venezuelan berriz ere erakutsi behar izan zuten zerez eginak zeuden, eta hala egin zuten; gauza izan ziren aurrera egiteko, euren baloreen eta kemenaren sendotasuna frogatzeko, euren barne-indarra eta ekimena baliatzeko eta familia sortzeko, enpresak hasteko, erkidegoa eraikitzeko, heientzat eta ondokoentzat mundu berri bat eta aukera berriak sortzeko, euren sorterritik hainbat mila kilometrotara.

Euskal Herria eta Espainia Francoren diktadurak astintzen zituela, Caracasko Eusko Etxea eta Venezuelako euskal komunitatea oro har euskal kultura alorrean ekimen ugari eta bizitza bizia garatu zituen esparru bilakatu zen. Pertsona zintzoen izaera edo portaera omen da esker onekoa izatea, eta horixe bera da, bada, bihar, errefuxiatu etorri zen belaunaldia hurbiletik ezagutzen duen jendeak adierazi eta emango duena: esker ona, besarkada, txalo beroa. Pentsa dezagun gerokoak diren bestelako egoerak ez dutela baldintzatuko hau guztia eta izaera eta ezaugarri guztietako euskaldunek, lehentasunak noiz eta non behar diren ezarri jakinik, bat egingo dutela lagun artean antolatutako ekitaldi hauekin.

'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira' dio euskal adagio ezagunak. Agian segituko du kateak eta Venezuelan ere euskal kolektibitatea gauza izango da ezadostasunak eta ezinikusiak baztertu, eta lehentasun ezarriko duela iragan aberatsari etorkizun aberatsa emateko erronka.

Lerro hauetatik 'mila esker' edo 'eskerrik asko' handi bat dioen mezua nahi dut bidali Caracas aldera, gisa bereko beste hamaikatxo mezurekin bat egin eta besarkada bihur dadin. Lagun euskal-venezuelar batek idatzi dit esanez bera omenaldira bertaratu eta parte hartuko duela, omenaldi berezia egin nahi baitio duela urte batzuk hil zen bere aitari, hura untzi aitzindari izan ziren haietako batean sartu baitzen Venezuelara. Mila esker --aitari edo amari esanda, edo aitatxi edo amatxiri...-- asteburu osoan behin eta berriro errepikatuko diren hitzak izango dira.

2009/11/27

Harat hunat Argentinan zehar, Bahia Blancako Euskal Asteko berriak

Gure irakurleetako batzuk gogora ekarri didatenez, joan den hilabete hasieran eman nuen argitara azkeneko 'Nire Talaiatik' sail hau eta, geroztik, Bahia Blancako Euskal Astean parte hartu zuten gure irakurle argentinarrek EuskalKultura.com bertan egon zela baiezta badezakete ere --Buenos Airesko gure korrespontsal Sabrina Otegi eta ni neroni ordezkari--, egia da zintzilik daukagula, argitaratzeke, euskal-argentinar ekitaldi garrantzitsu horretako berri, eta dilindan daukagula baita ere 'Nire talaiatik' saila normaltasun bidean sartzea, alegia, berriz ere asteroko dinamikari eustea.

Atzerapen hauen arrazoia, bata bestearen ondotik etorri diren zailtasun txiki batzuen konbinazioan datza, horri erantsita ni Bahia Blancako Euskal Astetik aurrera Argentinan barrena nabilela --oraintxe bertan Pehuajó-tik ari naiz idazten, Buenos Airestik 360 bat kilometro Mendebaldera-- hamar egunetan Rio Negro, La Pampa eta Buenos Aires probintzietako hamar euskal etxe bisitatu eta hamar hitzaldi emateko plangintza trinko baten barruan, orain artean 3.000 kilometro eginik, lo gutxi eginda eta buletina hala ere egunero plazaratuz, ondorioz denbora gutxirekin nire gain hartu nuen Euskal Asteko kronika handiko materiala eta irudiak behar bezala taxutu eta editatzeko, nahiz eta une honetan kronika hori argitatzeke baina egina dagoela esan dezakedan, prest, izan ere, datorren astelehenean, atalka --ehundik gora irudi eta bideo biltzen baititu--, argitaratzen hasteko.

Egiari zor, gauzak bestela prestatuak eta antolatuak genituen, baina honela atera dira. Nik neronek batzuetan ahaztu egiten dut nire indarrak eta baliabideak mugatuak direla eta bestela nahi izanda ere egunak 24 ordu dituela eta ez naizela batere hamalau, Bilbotik gertu bizi izanda ere.

Arestian esan bezala, Pehuajó-tik ari naiz idazten. Atzo Trenque Launquen-etik hona iritsi, hemengo 'Etxe Alai' euskal etxea bisitatu, euskal gizataldeko kide batzuekin bildu eta hitzaldia eman nuen euskal egoitzan. Gaur arratsaldean, berriz, Buenos Aires hiriburura bidaiatuko naiz autoz, eta bihar eguerdian, azkenik, hegazkina behar dut hartu, larunbat eguerdiostean Euskal Herrira iristeko.

Lerro hauek baliatu nahi ditut esker biziak emateko azken egunotan harrera ezinhobea eta zinez abegikorra egin didaten lagun eta euskal etxeei, Viedma eta Patagones-en (Rio Negro probintzian), Coronel Dorrego, Tres Arroyos eta Coronel Pringles-en (Buenos Aires probintzian), General Acha, Macachín eta Santa Rosa-n (La Pampa probintzian) eta General Villegas, Trenque Lauquen eta Pehuajó-n (Buenos Aires probintzian ostera ere). Mila esker bizi-bizi.

Hurrengo hitzordua, irakurle, bazter honetanxe, datorren astean.

2009/11/12

Bilerak, elkarretaratzeak, euskal asteak eta abian den kanpoko euskal mundua

Mundu aberatsa da kanpoko Euskal Herriarena eta hamaika dira egunero, astero eta hilabetero kanpoko euskaldunak protagonista gertatzen diren gauzak. Horregatik --oraingoan bezala-- zutabe hau idatzi gabe denbora bat pasatzen bada, gaiak pilatu egiten dira eta, okerrago dena, karia hortara hainbat gauza aipatu gabe geratzen dira, nahiz eta azken hau edonola ere beti gertatuko den gauza izan.

Bukatu berria den irailean gertatu dira, besteak beste, Mikel Atxaga kazetari eta lagunaren heriotza, Euskal Herrian, eta ia harenarekin batera aita Patxi Aldasororena Kaliforniako San Diegoaldean. Bien elizkizunetan egon ginen, Urnietan lehenik, Mikelen sorterrian, eta geroago --Kalifornian egin zituztenen ondotik-- aita Patxirenak Gipuzkoako Mutiloan, bere sorterrian.

Aita Patxi euskal artzainen apez izan zen Estatu Batuetan, Idahon (1954-1959), eta Estatu Batuetan artzain izandakoek, bizpahiru bilkura eta elkarretaratze egin dituzte irailean. Lehena, Nafarroako Erroibarrekoak, Nevadako Gardnervillen, Jose Luis Urrutia mezkiriztarra antolatzaile; gero, hurrengo asteburuan, Nafarroako Auritzen izan zuten bilera amerikanoak, bostehun jende baino gehiago bilduz; eta, azkenik, bi asteren ondotik, azkeneko asteburu honetan, Baigorrin bildu dira amerikanoak eta euren familiak, gehienbat Iparraldeko jendea bilduz urtero urriaren lehenengo asteburuan gauzatzen den hitzordu honetan, aurtengoan berrehundik gora lagun bildurik.

Bilkuren arloan ere, joan den asteburuan, baina larunbatez, Europako eta Ameriketako Gatxitegi/Gachiteguy familiakoak bildu dira Euskal Herrian. Europan ezezik, familia gutxienez Argentinan eta Estatu Batuetan daukate barreiatua. Sendi honetako kide da aita Adrian Gachiteguy beneditar aldudarra, 88 urte, egun Belokeko (Lapurdi) monastegian bizi dena. Aita Patxi Aldasoro Estatu Batuetan artzain euskaldunen apez ibili zen garaian, hura ere bertatik ibili eta bertan jasotako kontuekin Les Basques dans l'Ouest Americain (Mendebalde Amerikarreko Euskaldunak) liburua 1955ean plazaratu zuen. Joan den astean Estatu Batuetatik etorri zaizkion ahaideen artean, Patricia Ayerza, Oregoneko Portland-eko Euskal Etxea fundatu zuena, aspaldiko laguna. Gaur egun, ez dabil oso --batere-- aktibo euskalduntasun antolatuan, baina nork daki berriz ere ez ote dion ekingo Oregoneko hiri horretako euskaldunak batzeari.

Tarte honetan baita ere, osorik egin dute Kolonbiako Euskal Etxekoek euren urteroko Euskal Astea, aurten seigarrena, aurreko urteetakoak baina apalagoa, baina ekimenari eutsiz. Argentina eta Txileko Nafar Etxeek, berriz, egoera ekonomikoa dela-eta, eta Nafarroako Gobernuarekin adostuta, bertan behera utzi dute urtero egiten duten elkarretaratzea, beste gauza  batzuk jo baitituzte hau baino lehentasunago. Argentinan bertan, ekainean egitekoa bazen ere, orduan A gripearen neurriek aginduta atzeratu zen Neguko Barnetegia --Munduan Euskaraz programa barnean astebete irauten duena-- azkeneko aste honetan egin dute, arrakastaz eta ikasle/irakasleek indarrak berrituta, datozen sei lan-hilabeteei eusteko. Ameriketako zazpi herrialdetatik, Estatu Batuetatik Patagoniaraino, bildu dituzte partaideak.

Gauza askoz ere gehiago gertatu dira, baina gaurkoz hementxe utziko dugu.

Esango dut bukatzeko, eta hainbat jende esperoan daukan gaia denez, azkenean oraintxe, aste honetan, ordu gutxi barru, plazaratuko dela Euskal Etxeentzako 2009ko dirulaguntzen ebazpena. Ea zenbakiek sorpresa handirik ez dakarten. Argitaratu bezain pronto emango dugu albiste gisa horren berri.

[Oharra: arazoak izaten ari gara bideoak igo eta lotzeko eta pare bat ekitalditakoak ditugu zain, tartean Auritzeko artzain amerikanoen egunekoak eta joan den igandean Baigorrin hartutakorik ere. Ea arazoa non dagoen lehen bait lehen harrapatu eta berehala argitaratzen ditugun]

2009/10/06

Elvira Kortajarena Euskadiko Ordezkari berria Argentinan

Jaurlaritzaren aste honetako Gobernu Kontseiluak Elvira Kortajarena Iturrioz (Pasaia, Gipuzkoa, 1947) izendatu du Euskadiko Ordezkari berri Argentinan. Argentinakoa da, izan ere, Eusko Jaurlaritzak munduan dituen ordezkaritzetan, ikur dena, seguruenik garrantzitsuena edo esanguratsuena behintzat badena, kontuan izanik euskal enpresarien eta interes ekonomikoen indarra, lan diplomatiko eta politikoa eta, jakina, Argentinako euskal diasporaren indarra, ezin baita batere ahaztu munduko euskal etxeen erdia bederen Argentinan dagoela.

Aurreko ordezkariak, Marieli Díaz de Mendibil arabarrak, soslaia politikoa zeukan eta euskal Administrazioan kargu politikoduna eta EAJko legebiltzarkidea izandakoa zen argentinaratu aurretik. Profil politiko are azkarragoa dauka ordezkari izendatu berriak, Elvira Kortajarena gipuzkoarrak, PSE-EE-PSOEko diputatu hautetsia baitzen --baita oraindik-- Madrilgo Kongresuan eta aurretik kargu politikoak bete baititu herri mailan, Gipuzkoa --Foru Aldundi-- mailan, zein Espainiako Administrazioan. Biek banatzen dute, formakuntza aldetik, alor sozialetik etorri izana, biak baitira Lan Sozialean diplomatuak. Argentinako Euskadiko Ordezkaritza indartuta atera dela dirudi, izendapen honekin.

Patxi Lopezen gobernuak eginiko bigarren Euskadiko Ordezkari izendapena da honakoa, uztailetik ari baita Bogotá-n, Kolonbia eta Venezuelarako Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzaburu Ignacio Martínez.

Hilabete gutxi pasatu dira, eta uda tartean gainera, eta goiz da oraindik esateko zer nolako politika eramango duen Lopezen Eusko Jaurlaritzak atzerrian. Galeriara begira soslaia politikoa kendu eta Ordezkaritzen eta SPRI eta arlo ekonomikoaren artean bategite bat egingo zuela errepikatu izan du Lehendakariak behin eta berriro. PPk Ordezkaritzak kentzea eskatu dio, behin eta berriro baita ere. Baina ez dirudi prentsari egindako adierazpen horiek --egindakoak eta egingo direnak-- salbu, PPk nahi duen ildo gogorra gailenduko denik.

Lopezek agintea hartu zuenean, EAJk izendatutako Euskadiko Ordezkari guztiak dimisioa aurkeztu zioten Administrazio berriari, Mexikoko Ordezkariak ezik, azken honek --Iñaki Ruiz-- segitzea eskatu baitzuen. Orain arte, beraz, Lehendakariak Ordezkaritzen arloan hartutako neurriak izan dira Mexikoko Ordezkaria, Iñaki Ruiz, mantentzea; Kolonbia eta Venezuelarako Ordezkari berria Ignacio Martinez izendatzea; eta, orain, Argentinako Ordezkari Elvira Kortajarena izendatzea --nor eta ibilbide politiko handia eta oso ongi konektatutako pertsona bat--. Ez dirudi hemen Ordezkaritzen 'desmantelatze' bat datorrenik, nahiz eta molde aldaketa bat edo beste etorriko den. Ikusminez segituko dugu.

2009/09/10

Ikasturte berriaren hasiera

Opor labur batzuk hartu ondoren, hemen gaude berriz ere, lagun irakurle, euskal kultura eta diasporako berriak astintzeko. Datozen egunetan eguneratuko gara azken hamar egunotan bidali dizkiguzuen ohar eta abisuekin, eta ikasturte berriari ekingo diogu.

Ikasturte berria diogunean, badakigu horrek bakarrik Ipar Hemisferiorako balio duela, eta Euskal Herrian, esaterako, 2009-2010 ikasturtea hastekotan bagabiltza, Argentinan, Uruguain, Txilen... eta oro har Hego Hemisferioko herrialdeetan, 2009 ikasturtean daudela, eta ikasturte hori abenduan bukatuko dela, ikasturteak, hor, urte naturalekin batera baitoaz.

Bestela, esan dezagun, Argentina bezalako herrietan, pixkanaka eta maila batean normaltzen doala bizitza A gripeari dagokionez, edo bederen azkeneko hilabeteetan karia hortara bertan behera utzi ziren hainbat ekitaldi birprogramatzen ari direla. Geure eskuetara iritsi den azkenetako bat aipatzearren, datorren asteburu honetan bertan egingo du Rosarioko Nafar Etxeak bere 'San Fermin Jaia', bere momentuan A gripeagatik suspenditu behar izan ondoren.

Bihartik aurrera argitaratuko dugu Euskal Herriko Balmasedan egin berria den Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketaren berri; San Frantziskon burutu berria duten NABO Pilota Txapelketari buruz; Txileko Valparaison egin duten Euskal Zinema Asteaz... eta munduan zehar garatu diren beste hamaika ekimenez.

Hemen gaude, beraz, berriz ere, hamar eguneko arnasaldia hartu ondoren. Ez zen aski, baina zalantzarik ez, on egin digu. Segituko dugu solasean.

2009/09/07

Oraingoan bai, irailaren 7ra arte

Abuztuko lehen egunetan argitaratu genuen toki honetan bertan abuztua opor hilabete hartuko genuela --lau aste, genion-- eta irailaren 7an itzuliko ginela. Bistan denez, hori ez da gertatu, buletina atera ez bada ere --eta atal hau izenpetu ez badut ere--, webgunea zintzo-zintzo egunero-egunero berritzen joan baita hilabete honetan, eguneroko martxak, horretara bultzatu gaituelako, aldez aurretik euskal etxe batzuekin hartutako obligazio batzuk medio eta irail aurretik emaitza positiboz egin behar genituen proba eta ariketa batzuk tarteko.

Gauza da arrazoin bat edo beste medio abuztuko azken egunotan gaudela eta gu oraindik hemen, oporrak hartu barik. Esan dezadan, dena den, irakurtzen ari zaren lerro hauek --lagun irakurle-- eta albisteen sailetan irakurriko dituzunak, azkenak izango direla datozen ia bi asteotako epean. izan ere, gaur asteartea, abuztuak 25, oporrak hartuko baititugu irailaren 7ra arte. Bi astes eskas dira, ez da aski, baina hau behintzat hartzeko delibero zinezko eta erabatekoa egin dugu.

Itzultzen garenerako, Estatu Batuetan jakingo dugu John Garamendi euskal amerikarra Kaliforniako kongresukide berri badenez (hauteskunde partzialak irailaren lehenean), Kalifornian ere baina San Frantsizkon, estreinatua izango dute Mixel Etxekoparren 'Euskamerikan artzain' pastorala xiberotar talde batek taularatua Etxekopar bera buru; Chinoko lagunek egina izango dute, buruileko lehenengo asteburuan, euren urteroko euskal festa... eta beste makina bat gauza.

Ber denboran, espero dezagun A gripearen komeria bideratuagoa egotea. Azken hilabeteotan asko izan dira, esaterako Argentinan --baina ez bakarrik hor-- arrazoin hortarik bertan behera utzi diren deialdiak. Batzuk lortu dute data berririk. Hala adierazi diguten azkenetakoak izan dira, esaterako, 'Esainada' edo Esain-Inda familiak Buenos Aires probintziako Navarro herrian egin behar zuen lehenengo familia bilkura: abuztuaren 16tik, urriaren 11era pasatu dute. Gisa bera FEVAren neguko barnetegiarekin, data berria irailaren 26tik urriaren 2a arteko aste baita, hau Las Flores, Buenos Airesen...

Esan, bukatzeko, datozen hamar egunotan berriak bidaltzeko asmoa daukatenek, hala egin dezatela, jakinez irailaren 7tik aurrera argitaratzen joango garela. Gero arte, aio.

2009/08/25

Geuk ere oporrak

Opor garai bete-betean bizi gara Euskal Herrian, abuztua udako opor sasoinaren gailurra baita geure artean, ahal dutenentzat behintzat.

Aurten geu ere talde horretakoak izaten saiatuko gara.

Datorren astelehenean, beraz, hilabeteko oporrak hartuko ditugu. Tarte horretan, agenda berrituko dugu, baina albisteen sail nagusiak irailaren 10a arteko atsedena hartuko du.

Asteburu honetan hasiko da Donostia Aste Nagusia, bete-betean dabiltza oraindik Gasteizen Ama Zuriaren jaiak, berehala hasiko da Bilbon bertako Aste Nagusia eta, Baionako festak astelehenean bukatu baziren ere, eta Iruñeko sanferminak aurtengoz joanak badira ere, zazpi probintzietako hainbat herritan festak pil-pilean, bor-bor dabiltza.

Ber gauza gertatzen da, esaterako Estatu Batuetan, non bihar bertan izango baitira Mountain Homeko euskal festak, edo bihar ere egingo duten Nevadako Gardnervillen NABO Euskal Kantari Eguna. Bitartean San Ignazio festak oraindik ari dira egiten, esaterako, asteburu honetan bertan Txileko Valparaison; edota datorren astean Argentinako Arrecifesen... Uda (Ipar Hemisferioan) izan zein negu (Hego Hemisferioan), beti segitzen du bizirik eta lanean munduko euskaldungoak.

Datorren astelehenean hemen izango gaituzu, irakurle, azkenekoz hilabete honetan, gero aipatu oporrak hartzeko. Segi bizkor!

2009/08/07

San Ignazioz, Iñaki Deunaz edo San Inazioz

Gaur uztailaren 30a da eta bihar, beraz, uztailak 31 egun izango ditu. Munduko euskal etxe askotan ederki gogoratzen eta gordetzen dute egun hau gogoan, tradizioari gehien atxikitako zentruetan gehienbat, San Ignazio eguna baita uztailaren 31, Euskal Herrian jai eguna Gipuzkoan eta Bizkaian. Izan ere, Azpeitiko santu euskalduna Gipuzkoako patroi edo zaindaria da, eta Bizkaiko patroikidea, Berriotxoako San Balendinekin batera.

Diasporan, esan bezala, toki askotan ospatzen duten festa da biharkoa, hasteko Argentinako leku askotan, gure agenda eta albisteei begiratu txiki bat emanez ohar daitekeenez. baina baita ere, esaterako Txilen, Uruguain edo Venezuelan... edo herrialde anglosaxoietara joz, esaterako Estatu Batuetako Boisen. Geure ingelesezko atalean eman dugu horren berri (ikus hemen). Garai bateko joera purista eta sabinianoek indarrik gehien hartu zuten euskal etxe historikoetan, santuari eta ospakizunari Iñaki Deuna deitzen diote, esaterako Txileko Santiagon edo Valparaison, edo Argentinako makina bat tokitan, eta Venezuelan, adibidez.

Boisen, aldiz, 'San Inazio' izena finkatu da azken urteotan, baita ingelesez ere, bertako euskal jaiak eta herriko kaleetan zehar santuaren irudia bizkar gainean harturik bertako Oñati taldeko dantzariek egiten duten prozesioa izendatzeko. Boisen San Inazio izena finkatu, baina aldi berean, dirudienez Euskaltzaindiak Ignazio izena erabaki omen du, 'g' eta guzti, 'su(a)' esateko hitz latinetik datorren izen hori idazteko. Ikusiko zer nolako arrakasta duen delibero edo gomendioak.

Ez dugu gaurkoan gehiago liuzatu nahi. Lerro hauek irakurtzen ari zarenean, irakurle adiskide hori, lerroon izkiriatzaile hau hegazkinean Europarako bidea hartuta ibiliko da seguruenik, Estatu Batuetako Renotik bueltan. Dilindan edo zintzilik gelditzen dira, argitaratzear, joan den asteburuan Renoko hiri horretan gertatutako euskal gauzak. gainditu behar ditugu horretarako Youtube-rekin izan ditugun gorabehera batzuk, baina horrek behin Euskal Herrira iritsita beharko du izan.

Iragartzen dugu, bestalde, abuztuan --ez lehenengo egunean, baina bai egun gehiegi pasatzen utzi gabe-- geuk ere oporrak hartuko ditugula, geure egoitza dugun Donostian, eta Euskal Herrian oro har, abuztua opor hilabetea baita. Behingoz normalak izan nahi dugu eta saiatuko gara geu ere dagokigun hilabeteko oporraldia hartzen. Baina adieraziko dizuegu garaiz, egiten ari garen lan tekniko batzuk --teknikarien agindupean gaude-- horretarako baimena ematen digutenean. Irakurleen artean ditugun Iñaki, Iñake, Iñaxi, Iñaxio, Inazio, Iñigo eta izen-guardasol horren pean dauden guztiei zorionak, eta uztailaren 31 ongi pasatzeko agiantza edo guraria, eta baita ere halako izenik ez dauzkatenei. Gaurko zutabetxoa uda-girokoa izan bada, hurrengoan bestelakoa agintzen dugu, kontutan izanik gainera, oporretan ez dauden irakurle gehienak Hego Ameriketan izango direla, eta Argentinan-eta negu gorrian daudela. Agur bero bat, irakurle, eta zaudenean zaudela, ongi izan.

2009/07/29

Gaztemundura etorritako Diaspora; krisi ekonomikoan sakontzen

Joan den astelehenean hasi zen Gasteizen Gaztemundu 2009, Diaspora (oso)tik? etorritako 47 partaiderekin. Urtero legez, argentinarrak dira erabateko gehiengo, proportzioz dagokien gehiengoa baino areago oraindik. Esanguratsua, Estatu Batuetako ia partaiderik eza [ez ahaztu Argentinaren ondotik AEBak direla euskal etxerik gehien duen herrialdea], pertsona bakarra etorri baita bertatik, ez gainera euskal etxeetako baten izenean, NABOrenean baizik; alegia, hogeita hamarretik gora diren euskal etxe estatubatuarretatik batek ere ez duela ordezkaririk bidali. Gainerako herrialdeetatik, ordezkatuta daude Txile, Kolonbia, Espainia, Uruguai eta Venezuela. Eta ez daude Andorra, Australia, Brasil, Kanada, Txina, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Frantzia, Italia, Mexiko, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Erresuma Batua eta Dominikar Errepublika. Gogoeta eragiten datuak dira.

Besteak beste gazteei buruz ari garelako [bai, badakit aurtengoan adin muga kendu egin dela Gaztemundun parte hartzeko, baina hala ere gazteak izaten segitzen dute gehienak]. Ez al du inork beste herrialde horietan interesik izan parte hartzeko? Adierazgarria al da joera hori herrialde horietako euskal etxe batzuek izan dezaketen geroari edo segidari dagokionez? Edo, Estatu Batuak kasu, hizkuntza arazoaz aparte [Gaztemundu gaztelaniaz izan ohi da urtero], besterik ere gerta daiteke, hala nola kultura edo harreman arazoak euskal etxeen eta Jaurlaritzaren artean, edo Jaurlaritza eta euskal etxeean artean? Edo besterik gabe euskal etxe batzuek Gasteizko gobernuarekiko izan dezaketen autonomia edo autosufizientzia maila handiago baten adierazle soila da? Egitate bat da euskal etxerik daukaten herrialde anglosaxoietatik (Erresuma Batua, Estatu Batuak, Kanada, Australia) ordezkari bakarra dagoela, lehenago aipatutako NABOko (AEB-Kanada) ordezkaria. Baina Eusko Jaurlaritzarekiko harremanek edo Gaztemundun parte hartzeak ez du batere gutxiesten euskal etxeen autonomia/independentzia, edo honela beharko litzateke ulertu...

Gaztemundu, bitartean, aurrera ari da, ezarritako xedeen ildotik, ustez. Lehenengo astea, emandako klaseak probestuz joan da, eskolak eta euskal bazter batzuekiko bisitak tartekatuz. Asteburuak, Donostia eta Gernika bisitatzea ekarri du, astelehen goizean berriz ere eskolei ekiteko. Atzean gelditu dira Guillermo Echenique eta Julian Celayaren ongi-etorri hitzaldiak Eusko Jaurlaritzaren izenean. Bide batez, esan dezagun Julian Celayak aurkezpen gutun ireki bat zuzendu diela ostiralean euskal etxeei [gaztelania hutsean, zoritxarrez bere aurrekoaren ildoari eutsiz] Euskaletxeak.net -en, bere "sostengu eta laguntasuna" berretsiz eta azpimarratuz bere guraria "ez soilik euskaldun gisa geure nortasuna gordetzeko, baizik eta baita ere gure harremanak estutu, geure kultura garatu, distantziak laburtzeko eta geure hizkuntza bultzatzeko lan egin eta, batez ere, Euskadiren sentipena zuenganatzeko, zeuen familia, euskal etxe eta komunitateetaraino helarazteko".

Bukatzeko, puntu ekonomiko bat. Segitzen dute ekonomia arloan iragarpen txarrek; are gehiago, arras okerragora egin dute ('amildu' hitza ere erabili da). Egun hauetako prentsak Carlos Aguirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren adierazpenak bildu ditu, euskal Administrazioa egundoko arazo baten aurrean dagoela esanez sarrerei dagokienez, zerga bilketa arrunt behera jausi baita [datu adierazgarria: Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, bilketaren %20ko jaitsierarekin itxi du 2009ko lehenengo seihilabetekoa], nahiz eta Lopez Lehendakariak konpentsatzeko eta gastu sozialarengan izan dezakeen eragina apaltzeko zorduntzearen bidea hartuko duela esan duen. Honek, pentsatu baino mozketa handiagoa ekarriko omen du gainerako sailetako aurrekontuetan, gastuen murrizketa handiago bat. Bistan denez, hau ez da berri batere ona aldez aurretik aurrekontu Jaurlaritzarekiko menpekotuak dauzkaten euskal etxeentzat. Hori honela izan ez dadin edo menpekotasun hori apalagoa izan dadin orain artean hartutako neurriak areagotu egin beharko direla nahi du esan, sarrera iturriak ugalduz, iturri berriak lortzeko formula berri eta irudimentsuak asmatuz, eta sarrerei lotuago diren aurrekontuak eginez. Betiko kontuak dira, ez naiz ezer berria asmatzen ari. Gauza errazak, esateko, baina zailagoak egiteko. Errealitateak agintzen du, ordea. Guztiontzat.

2009/07/19

Ke xuria: izendatu dute Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari berria

Kostatu zaio Lopez lehendakariari, baina albisteen sailean idatzi dugunez, primizia emanez gainera, joan den asteartean izendatu du Eusko Jaurlaritzak Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari berria. Izendapena, agerkari ofizialak argitaratzen duenean ofizialduko edo indarrean sartuko da, aste honen barruan, seguruenik ostiralean. Honekin lehen Josu Legarretak zeraman postua bete du Jaurlaritzak.

Ez dugu oraindik ezagutzen Julian Celaya Loyola, baina seguruenik berehalako batean egingo dugu. Hasteko, badirudi berarekin bilduko diren Diasporako lehenengoak datorren igandean Gasteizen Gaztemundu hasiko duten munduko euskal etxeetako partaideak izango direla. Bai, ohartu gabe, baina gainean dugu honez gero Gaztemundu, eta doi-doi hasiko da zuzendari berria izendatuta. Esan beharra dago, bestalde, bideratu direla Argentinako partaideekin Gaztemundun parte hartzeko tokiak egozten izandako gora-beherak, interneteko esparru batzuetan hainbeste zeresana eman dutenak. Azkenean, eta ohiz kanpoko neurri gisa, Jaurlaritzak honela erabakita, zalantzan zeuden hiru pertsonak euskalerriratuko dira ikastaroan parte hartzeko.

Aurreko batean genionez, Euskal Gizataldeekiko zuzendaria ez da Jaurlaritzako zuzendari bat gehiago, langintza berezia baita berea, gehienbat Diasporaren munduak ezaugarri bereziak dituelako, horietarik lehena musutruke lan egiten duten andana bat jenderen lana daukala ardatz; lan egiten dute, askotan gogor, ekarpena eginez bai bizi diren herrialdeari eta komunitateari --gehienetan eurak ere hor sortuak dira-- eta baita ere euren arbasoen kultura eta herriari, azken hau eurena gisa hartua eta bilakatua, gisa batera edo bestera, edo dedikazio maila handiago edo txikiagoz.

Horrek ez du esan nahi edonork nahi duena egin dezakeenik. Gobernuari dagokio bere politikaren ildo nagusiak eta lehentasunak ezartzea Diasporari dagokionez eta lankidetza eta kooperazio harremanak bilatzea euskal etxeekin eta Diasporaren baitan lan egiten ari direnekin, elkarrekin sinergiak batzeko euskal kultura eta euskalgintza alorrean, munduan zehar arlo honetan garatzen ari diren proiektuek aurrera egin dezaten. Hori du eskubide eta erantzukizun.

Zorte ona opa diogu zuzendari berriari. Berea postu paradiplomatikoa da eta eskatzen du jendea balioesteko, motibatzeko eta bultzatzeko nahia eta ahala izatea. Jendetasuna eskatzen du, borondatezko ahalegina egiten ari direnen lekuan jartzeko aguza izatea eta, nolabait, lehenengo boluntario bilakatzea. Eta hortik aurrera, lanean hastea. Korritzen hasi baitira graziako ehun egunak.

Beste gai batera etorriz, oroi dezagun gaur jai eguna dela Argentinan --Uztailaren 9a, Independentzia eguna-- eta hala izanik ere bata bestearen atzetik iritsi zaizkigu oharrak gaurko egunerako San Fermin ospakizunen barruan programaturik zeuden ekitaldiak bertan behera gelditu direla jakinaraziz, A gripearen karietara, Buenos Airestik hasita, bertako Nafar Etxea eta Eusko Kultur Etxea tartean, eta La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuko Euzko Etxean bukatuz.

2009/07/09

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik