EuskoSare > Euskal Mundua > NABOk, Ipar Amerikako Euskal Erakundeak, eskuratu du 2009ko ENE Saria
2009-12-03 09:57
Azken aldaketak: 2009-12-04 12:33

NABOk, Ipar Amerikako Euskal Erakundeak, eskuratu du 2009ko ENE Saria

North American Basque Organizations (N.A.B.O.) delakoak irabazi du ENE SARIA 2009, Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta ematen duen saria.

Epaimahaiak 1973tik NABOk egiten duen lana hartu du kontuan, izan ere, orduz geroztik Amerikako iparraldeko hemisferioan lan egiten duten elkarteen koordinazioan aritu da euskara sustatzen eta euskal sustraiak bizirik iraun dezan lanean, baita Ipar Amerikako euskaldun eta kanpokoen arteko harremanak bultzatzen ere.

2006tik, ENE Sariak Euskal Herritik kanpoko erakunde bat saritzen du. Saria bera, onarpen publikoa eta Nestor Basterretxea artistak diseinatutako anagramaren erreprodukzio eskultorikoa dira.

2009ko edizioan aurkeztutako hautagaitzen kopuru eta mailak sari honen sona baieztatu eta bere etorkizuna bermatzen dute. Aurkeztutakoen artean, besteak beste, Argentina (La Plata, Hiru Erreka, Arrecifes), Kolonbia, Madril, Bartzelona edo Bordel aurkitu ditugu.

 

Izaskun Kortazar Errekatxo, NABOko Euskara Koordinatzailea

Sondikan jaiotako bizkaitar honek 6 urte darama AEBetan, hain zuzen ere, Idahoko Boisen. Euskararekiko maite-su handia dauka, eta horri esker, egun, NABOko euskara koordinatzailea lanetan dabil.

- Gaur, hilak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatuko al duzue modu berezi batetan?
Bai, Euskararen egunean, euskal etxe bakoitzak euskara eguna ospatzen du zeren distantziak handiak dira eta garestia da honelako ekitaldi handi bat ospatzea. Baina proiektu polita da diru nahiko dugunerako. Momentuz dirua jasotzeko kontu bat daukagu weborrian. Orain arte dirua euskara ikasteko inbertitzen ari gara, irakasleen soldatak ordaindu, irakasleen ikastaroa egin, baina korrika bezalako zerbait egin beharko genuke autofinantziatzeko gehiago. 

- Zergatik euskara?

Hizkuntza ez da dantza edo musika bezala, egun batean kontzertu bat edo dantza erakusketa bat egin ahal dena. Hizkuntza da edozein egoeratan pentsamendua adierazteko modua. Beraz saiagoa da ekitaldi kultural batean sartzea. Antzerkia, pelikulak, bertsoak, euskal kulturako ikastaroak egin ahal dira euskaraz. Baina kontuan hartu behar da gehiengoek ez dutela euskaraz hitz egiten. Honegatik ideia ona dantza euskaraz irakastea edo musean euskaraz jolastea, zeren euskaraz egiten ari zara nahiz eta euskaraz ez jakin. Baina egun bateko jai bateko folklorismoan ez erortzeko, eta euskarak benetan aurrera egin dezan modu bi daude: euskara ikasi eta erabili.

- Etorkizunari begira, nola ikusten duzu euskara AEBetan?

Erronka da hurrengo belaunaldietara hizkuntza pasatzea eta haiengan interesa piztea. EHra joan eta euskara ikasi edo gurasokein euskaraz egitea desiragarria litzateke. Baina hemen ez da euskara kalean entzuten EHan bezala eta telebista arrunta ez da euskaraz. Askoz ere meritu handiagoa dauka hemen euskara ikasi duen batek zeren hemen ez dago euskaltegirik egunero 2-5 ordu euskara ikasteko. 

Informazio gehiago:

Euskonews Gaztean egindako elkarrizketa irakurri


Kalifikatu:
http://www.euskosare.org/euskal_mundua/ene_saria_irabazlea_2009_nabo/eks_newsitem_view