EuskoSare > Professions et Entreprises > Eikenek berezko kalitatezko zigilu bat garatu nahi du euskal ikus-entzunezkoen sektorearentzat
2009-11-30 08:55
Dernière modification: 2009-11-30 09:05
Actions sur le document

Eikenek berezko kalitatezko zigilu bat garatu nahi du euskal ikus-entzunezkoen sektorearentzat

Euskadiko Ikus-entzunezkoan Klusterrak euskal ikus-entzunezkoen sektorera bereziki zuzendutako kalitatezko estandar bat garatzeko beharra aztertu du.

 Kalitatearen XV. Europar Astearen barruan, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin, Euskalitekin (Kalitaterako Euskal Fundazioa), SPRIrekin eta EiTBrekin lankidetzan, Eiken Basque Audiovisual-Euskadiko Ikus-entzunezkoan Klusterrak jardunaldi bat antolatu zuen Zamudioko Teknologia Elkartegian. “Eiken 9000, Kalitate eta Berrikuntza zigilurantz Ikus-entzunezkoen arloan: posible ote?” izenburupean euskal ikus-entzunezkoen sektorera bereziki zuzendutako kalitatezko estandar bat garatzeko beharra aztertu dute. Topaguneak, SPRIren Zuzendari Nagusia buru zuela, erakundeetako eta sektoreko enpresaburuen 60 ordezkari baino gehiago bildu ditu. 

Bosgarren urtez segidan, Eikenek lan jardunaldi hau antolatu du ikus-entzunezko industriako enpresa guztiek bat eginik, txiki nahiz handi, kudeaketa eta berrikuntza praktiketan sektoreak dituen erronkei buruz gogoeta egiteko, eta bestalde, Klusterraren konpromisorik behinena berresteko, Sektorearen sendotzeari eta lehiakortasunaren hobekuntzari begira.

Hiru orduz baino gehiagoz, etorkizuneko zigiluak izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu dira, digitalizazioa dela-eta etengabe aldatzen eta eraldatzen ari den industria baten lehiakortasun faktore erabakigarri gisa, baita zein diren enpresek, erakundeek eta tartean dauden eragileek jarraitu beharreko estrategia partekatuak ere, adostasunaren bitartez, estandarren egokitzapen bat lortu ahal izateko, enpresa kudeaketaren arloan bereizketa argia ekarriko duena.

Orobat, jardunaldia klusterren behatoki estrategikoen lan parametroen barruan egin da, SICC izeneko ekimena, hain zuzen, “Kluster Inteligentzia Lehiakorreko Sistema”, Eusko Jaurlaritzak enpresen esku jarri duena kluster elkarteen bitartez, Berrikuntza babesteko eta barne eztabaidak dinamizatzeko.

Topagunea Eikenen Presidente Juan Mari Gurrutxagak ireki du. Ikus-entzunezkoan Sektorearen aipamena egin du hitz hauekin: “Kalitate eta berrikuntza hartu ditu funtsezko tresna gisa, gero eta globalizatuagoa dagoen merkatu batean lehiakortasuna irabazteko”. “Nahiz eta betidanik sektorearen enpresetako jarduera ohikoaren parte izan diren, gaur egun lehiakortasunaren  funtsezko giltza bihurtu dira, enpresen kudeaketako arlo guztietara zabaldu behar direnak eta mundu mailako Ikus-entzunezko Industria bizitzen ari den eraldaketa sakonei erantzun behar dietenak eta, bereziki, gure inguruneko aldaketei”. Horregatik, Plan estrategikoarekin eta Sektoreko Berrikuntza Agendarekin bat eginik, EIKEN 9000rekin “Ikus-entzunezkora egokitutako kalitatezko estandar bat sustatu nahi dugu, batetik, lehiakortasun handiagoa emango diguna, desberdinduko gaituena eta bestetik, -zergatik ez- erreferente bihurtuko gaituena”.

Bestalde, SPRIren Zuzendari Nagusi Tomas Orbeak bere parte hartzea hasi du bertaratu guztiak animatuz Berrikuntza eta kalitatearen alde apustu egin dezaten, eta “egungo testuinguru ekonomikoak eskaintzen dituen aukera guztiez balia daitezen, gure industria ekoizpen, teknologia eta merkataritza mailan birkokatu ahal izateko” baita gizartea “ikus-entzunezkoagoa” bihurtzeko ere.

Eiken 9000 zigiluari dagokionez, Orbeak azpimarratu du apustu estrategikoa dela, “sektorearen aurrerabidea lortzen lagunduko lukeena, etorkizuneko garpen premiekin bat egiteko”.

Jardunaldiaren hasiera ekitaldiko beste partaideetako bat EiTBko Estrategia eta Kanpo Harremanetarako Zuzendari Patxi Arratibel izan da; EiTBren eginkizuna berretsi du “beharrezko bidaide” gisa Eikenek sustatutako ekimen honetan. Orobat, Patxi Arratibelek euskal telebista publikoari berriki eman zaion Enpresa Bikaintasunaren Europar Sariaren aipamena egin du “modu batean ala bestean, azken urteetan, EiTBren parte izan diren guztien eguneroko lanaren aitortza azken finean .”

Bere agerraldian, euskadiko ikusentzunezkoen sektoreari lehiakortasun handiagoa emango dion kalitate sistema baten bultzada emateko, EiTB-k, bere esperientzia propiotik abiatuta, duen lankidetzarako gogoa erakutsi du.

EiTBren kasuaz gainera, Andoni Aranburuk eta Jose Ramon Calongek aurkeztua, jardunaldian  Hegan-Euskal Herriko Aeronautika eta Espazioko Klusterraren jardunbide egokia ezagutzeko aukera izan dute, “Hegan 9000” deritzona. Horretan hain zuzen oinarritu da Eiken antzeko ekimen hau sustatzeko.

Zentzu horretan, Heganeko gerente Jose Juezek adierazi du zer-nolako aurrerabidea ekarri zuen bere garaian sektorearen eskakizunaren eta estandar eta ziurtagiri ugariren aurrean berezko kalitate arau bat ezartzeak, ISO-9000/94 arauen irizpideak elkartzen zituena, batetik, eta europar eta amerikar industria aeroespazialaren jarraibideak, bestetik. Arau hori, “Hegan-9000” izenekoa, barne erreferentzia izan zen euskal sektorearen ziurtagirientzat. Ondoren, mundu mailako industria aeroespazialak euskal enpresek emandako urratsa babestu zuen eta EN9100 nazioarteko araua sortu zuen, derrigorrez bete beharrekoa 2003. urtearen amaieran; euskal enpresak, beraz, pribilegiozko postu batetik abiatu ahal izan ziren hura lortzeko. Gaur egun, Hegan Klusterreko enpresa guztiak EN9100 ziurtagiria dute eta aitzindariak izan dira prozesu honetan estatu eta Europa mailako industria aeroespazialean.

SICCn analista taldeek egindako dinamizazio lanaren ondoren, bertaratuek, hainbat eztabaida mahaietan, proposamena landu dute. Emaitzek ekimen honen gainean egingo diren ekintzak bideratuko dituzte aurrerantzean.

Itxiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Plangintza eta Estrategia Zuzendariak, Inmaculada Freijek, zoriondu egin du jardunaldiak izandako arrakasta, eta azpimarratu du “Eikeneko Sektoreko Berrikuntza Agendaren proiektu estrategiko bat dugu aurrean, klusterren arteko harremanean eta Hegan klusterraren jardunbide egokian oinarritutako proiektu bat, eta Eikeneko SICC taldeak bideratu duen dinamizazio ariketa baten aurrean ere bai, gaurko egunean denok modu bateratu eta antolatuan gogoeta egitera eraman gaituena, ekimen interesgarri hau modu egokienean bideratu ahal izateko”.


Qualifier :
http://www.euskosare.org/enpresak/eiken_kalitatezko_zigilua_euskal_ikusentzunezkoentzat/eks_newsitem_view