Actions sur le document

Oparoaldi ekonomikoa eta gatazka soziala

1960tik 1974ra arteko datuak.
Garai honetako gauzarik azpimarragarriena zera da: erabat baieztatu zirela 1950eko hamarkadan nabaritzen hasitako aldaketa sakonen zantzuak, harik eta joera positibo hori 1974ko krisialdi ekonomikoarekin eten zen arte. Orduantxe hasi zen, hain justu, egitura ekonomikoen birmoldaketa latza. 1960 eta 1975 bitartean, Barne Produktu Gordina, BPG, %270 hazi zen, 1966 eta 1971 bitartean atzerriko inbertsioak iritsi ziren, batez ere metalurgia- eta kimika-sektoreetara, eta zerbitzuen sektoreak itzelezko garrantzia hartu zuen; laborantza-sektorearen berregituraketak, berriz, biztanleria aktiboaren beherakada ekarri zuen.

Gainera, garai honetan laneko gatazkak ere ugaritu egin ziren eta horren eraginez Langile Komisioak finkatu ziren. Era berean, 1964an, Aberri Egunak ospatzen hasi ziren berriro, nahiz eta euskal nazioa errebindikatzen zuten mugimenduak jazarri eta zapaldu egin ohi zituzten.

1959. urte inguruan sortu zen ETA, Euskadi Ta Askatasuna, EAJ inguruko gazte-mugimenduen ezkerraldean zebilen erakundea. ETAren jardunbideak erabateko aldaketa ekarri zuen politika ulertzeko eran, Euskal Herrian ez ezik, baita espainiar estatu osoan ere. Hasieratik, ETAk borroka armatua erabili zuen; hori zela eta, batzuen laudorioak eta beste batzuen gaitzespena jaso zituen.

1967tik hasita eta diktadorea hil arte, edozein langile- edo nazio-errebindikaziok salbuespen-egoerara eramaten zuen maiz.

1970ean, erregimen frankistaren aurkako ETAren jarduera armatua epaitu zuten Burgosen; horren harira, itzelezko kanpaina egin zen zigortuei elkartasuna erakutsi eta erregimena salatzeko.

1975ean Franco hil zenean, mugimendu sendoa sortu zen euskal herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde, amnistiaren alde, euskararen berreskurapenaren alde eta askatasunaren alde.

http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historia_garaikidea/oparoaldi_ekonomikoa_gatazka_soziala/eks_structuredocument_view