Actions sur le document

Peleolitoa

K. a. 200.000. urtetik hasi eta K. a. 9.000. urtera luzatzen den garaia da.
Euskal Herrian aurkitutako lehen giza eta material-aztarnek 300.000 urte baino gehiago daukate. K. a. 100.000. urte inguruan Neanderthala nagusitu zen eta K. a. 30.000. urte inguruan desagertu.

Goi Paleolitoan (K. a. 35.000-10.500) bizimoduak abiada bizia hartu zuen esparru guztietan. Crô-Magnon edo Homo sapiens sapiens gizakiak ziren nagusi, eta klima hotza zen Wurm glaziazioa zela tarteko. Hori dela eta, aztarnategi gehienak kostaldean agertu dira, batez ere haitzuloetan.

Garai hartan aurrerapen teknologiko handia gertatu zen: harriz, hezurrez, sokaz eta era orotako landare-zuntzez egindako denetariko arma eta tresnak ekoizten zituzten. Horrekin batera, landare-, arrantza- eta ehiza-baliabideen harraparitza espezializatu egin zen. Ehiza jarduera selektiboa bihurtu zen, geroko harrapakinak segurtatzeko ehizakien adina eta sexua kontuan hartzen hasi baitziren; gainera, kobazulo bakoitzean espezie jakin batean espezializatutako giza taldea bizi zen.

Gaur egun planetan bizi garen gizaki guztiak CrôMagnon edo Homo sapiens sapiensaren ondorengoak gara. Goi Paleolitotik gaurko egunera arte Euskal Herrian elkarrekin bizi izan diren, bertan finkatu diren eta bertatik pasatu diren herri guztiak eboluzio-adar horretatik datoz.

Goi Paleolitoan populazioak gora egin zuen, eta asentamenduak finkatu ziren. Eskualdean bertan zeuden baliabideak ustiatu zituzten, eta asentamenduen hierarkia bati ekin zioten.

Garai honek iraun zuen bitartean, izugarri garatu ziren estetika, musika eta errito-ikusmoldeak. Euskal Herrian 12 kobazulo daude pintura edota grabatuekin. Isturitzeko aztarnategia Europako inportanteenetakoa da, bai kantitateari eta bai arte higigarriaren kalitateari dagokionez ere; asko eta asko dira aurkitu diren musika-tresnak.

http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historiaurre/paleolitoa/eks_structuredocument_view