Hemen zaude: Hasiera Albisteak Buenos Airesko Euskal Echea Institutuak 'Etxetik etxera' lelopean ospatu zuen ikasturte amaiera

Buenos Airesko Euskal Echea Institutuak 'Etxetik etxera' lelopean ospatu zuen ikasturte amaiera

2009/11/13

Buenos Airesko Euskal Echea Institutuko ikasleek euskara eta euskal kulturari buruzko tailer batean hartzen dute parte urtean zehar. Proiektuak jadanik bost urte ditu eta ume eta gazteen aurrerapenak, ezagutza eta engaiamenduari dagokionez, gero eta nabariagoak dira. 'Etxetik etxera' leloarekin baserriaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuten ikasturte amaierako jaiaren antolatzaileek, eta baita ere, aldi berean, inoiz Euskal Herritik, etxetik, joan behar izan bazuten ere, Argentina etxe bihurtu zela euskaldun askorentzat. Bostehun inguru ikaslek ikurriñaren kolore eta dantzekin alaitasunez bete zuten eskolako Jai Alai jolastokia, Arrecifesetik propio etorritako Ugarritzak Taldeak eta Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak lagunduta.

Buenos Aires, Argentina. Milaka pertsona biltzen dira urtero Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea eskolak antolatzen duen euskal jaian. Hori dela eta bi funtzio egiten dira, bata goizean, bestea arratsaldean, egitarau bera jarraituz. Aurten aukeratutako leloa 'Etxetik etxera' izan da. Horrela azaltzen dute antolatzaileek erabakia: 'Baserriaren balioa transmititzen diegu gure ikasleei, Etxearen balioa. Euskal baserria, Euskal Herria bera bezala, indarraren eredua da; eta euskara eta euskal kulturaren babesa ere izan da eta izango da beti'.

Euskal Echea Institutuko Euskal Jaia

[Ikasleak sartu ahala esertzen ziren aretoko eskaileretan (argazkia EuskalKultura.com)]

Txalapartaren soinuarekin sartu ziren ikasleak aretora. Ondoren Argentinako bandera eta ikurriña sartu ziren eta ereserki argentinarraren eta Gernikako Arbolaren estrofak abestu zituzten ikasle guztiek aho batez. Banderak agurtu eta gero, dantza ikuskizuna hasi zen.

Euskal Echea-ko ikasleak, Ugarritzak eta Ekin Dantzari Taldea

Arrecifesko Ugarritzak Taldeak hogei urte betetzen ditu aurten eta dantza egiten ospatzen ari dira data adierazgarri hau. Horregatik onartu zuten Euskal Echeak luzatutako gonbitea eta zortzi dantzari bidaiatu ziren Buenos Airesera euskal jaian parte hartzeko. 'Aurreskua' beraz, Ugarritzak Taldeko kide baten esku geratu zen. Jaio berria den Ekin Dantzari Taldeak ere gonbidapen berezi bat jaso zuen eta haiei egokitu zitzaien, Llavalloleko egoitzako ikasleekin batera, 'Agurra' dantzatzea. Aitor Alavaren gidaritzapean dagoen talde honek 'Zuberoako makil dantza' ere aurkeztu zuen.

Euskal Echea Institutua

[Arrecifesko Ugarritzak Dantza Taldeak hogei urte betetzen ditu aurten eta dantza egiten ospatzen dute (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Echea Institutua

[Ekin Dantzari Taldea Llavalloleko dantzariekin batera 'Agurra' dantzatzen (argazkia EuskalKultura.com)]

Jarraian, eskolako umeek hartu zuten agertokia eta urtean zehar ikasitakoa erakutsi zieten bildutako familiarrei eta lagunei. Bigarren mailakoek gorputzeko atalen izenak ikasteko balio duen 'boogi' bat abestu zuten. Hirugarren mailakoek, berriz, 'Esku Dantza' dantzatu zuten eta laugarrenekoek, 'Txulalai'. Seigarren mailako ikasleek 'Arku Dantza' prestatu zuten jai honetarako, eta bosgarrenekoek, tresna berezi batekin egiten den beste dantza bat, 'Makilak'. Zazpigarren mailakoek, festako helduenek, 'Orbaizeta' dantza-jokoa interpretatu zuten. Azpimarratzekoa da irakasleak ez zirela dantzalditik kanpo geratu. Izan ere primaria mailako andereño guztiek 'Kuadrille' dantzatu zuten.

Euskal Echea Institutuak antolatutako euskal jaia

[Euskal Echea-ko hirugarren mailako ikasleek 'Esku dantza' aurkeztu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal Echea Institutuak antolatutako euskal jaia

[Euskal Echea-ko seigarren mailako ikasleei 'Arku dantza' egitea egikitu zitzaien (argazkia EuskalKultura.com)]

Tartean, publikoak talde gonbidatuek prestatutako beste dantza batzuez gozatu ahal izan zuen. Arrecifestarren kasuan, 'Maskarada Suletina', 'Fandango' eta 'Arin Arin'; Ekin Taldeak 'Iekorako Katea', 'Belauntxingo' eta 'Tafallako Jota' dantzatu zituen; eta Llavallolgo Euskal Echea-ko dantzariek Nafarroako Cortes-eko 'Trenzado doble' eta 'Arin Bodarin'.

Abestiak, kirola eta standak

Abesteko momentua eskolako txikien eskutik heldu zen, 'Aldapeko' abestiarekin. Baina eskolako helduenek ere klasiko batzuk interpretatu zituzten. Ikasleen gurasoek osatutako abesbatzak, besteak beste, 'Agur Jaunak' eta 'Aita Gurea' kantatu zituen.

Euskal Echeak antolatutako euskal jaia

[Ikasleen gurasoek ere hartu zuten parte euskal jaian: gurasoen abesbatzak euskal kanta tradizionalak abestu zituen (argazkia EuskalKultura.com)]

Iaiotasun proba batekin eman zitzaion amaiera aurtengo euskal jaiari. Eskolako heziketa fisikoko irakasle Nicolás Lareok aireko akrobazia erakusketa egin zuen, publikoa erabat harrituta utziz. Institutuko nagusiek eskerrak eman zizkieten, poz-pozik, irakasle guztiei, eta bereziki euskara eta euskal kulturari buruzko tailerra ematen dutenei, Vanesa Felix, María Belén Girasole, Victoria Abasolo eta Aitor Alavari. Jaia bukatu eta gero, ikasleek altxatutako stand-etan janari tipikoak dastatu eta oroigarriak erosi ahal izan ziren.

Bukatzeko, antolatzaileek esker bereziak eman nahi izan zizkieten festara bertaratutako autoritateei, tartean: etxe anfitrioiko batzordeko presidenteordea den Marta Urruspuru de Henning; hiriburuko Euskal Echea Institutuko legezko ordezkaria Roldofo Azcueta Roses; Emakumeen Batzordeko kideak; hiriburuko Euskal Echea Institutuko Zuzendari Nagusia den Santiago Bonfanti; Euskal Echea erakundeko batzordeko idazkari Enrique Fagoaga; erakundeko idazkariordea Enrique Aramburu; barruko auditorea Jon Kepa Erquiaga, Euskal Kulturaren arloko koordinatzailea Izaskun Ordoqui Urcelay eta Alejandro Seijo Apaiza. Beste euskal erakunde batzuetako ordezkariak ere izan ziren, tartean, FEVAko idazkaria Gabriela Mendia; Eusko Kultur Etxea-Eusketxeko lehendakaria María Elena Etcheverry eta Euskaltzaleak-eko lehendakaria, Teresa Zavaleta.

Lotura interesgarriak

Euskal Echea Institutua
www.euskalechea.esc.edu.ar

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.