Usted está aquí: Inicio Noticias Bertsolari, payadore, pajador, repentista, a zer saltsa!

Bertsolari, payadore, pajador, repentista, a zer saltsa!

18/03/2008

Joan den larunbat gauean Sao Paulok (Brasil) 'entsalada' berezi bat dastatzeko aukera izan zuen: bertsolari euskaldunak, argentinar payadore, brasildar pajador, emboladore eta repentistak menu berdinean! Cachuera Elkarteko aretoak eztiki ongietorria eman zien ikusle ugarien aurpegietan nabarmena zen galdera ikur bat. Datozen lerroetan gau hartako berri eta bildutakoek bizi izan zuten giroaren lekukotasuna ematen digu Sao Paulon bizi den Estebe Ormazabal lagun beasaindarrak.

Estebe Ormazabal

Gaua hasteko inprobisatzaile bakoitzak agur azkar bat bota zuen ondoren etorriko zenaren sarrera bezala: Paulo Mendonça de Freitas pajadore brasildarra eta Wilson pajadore argentinarra bere doinu gozo eta kitarraren laguntzarekin, Peneira eta Sonhador enboladoreak beren abiadura ikusgarri eta pandero deabruarekin, Sebastião Marinho eta Lucivan Matias repentisten violen doinu eta bertso zainduak eta azkenik Euskal Herritik Fredi Paia, Xabier Paia eta Maialen Lujanbio, askorentzako lehenengo aldiz euskara belarrietara eramanez.

Aurkezpenen ondoren, Euskal Herriaz eta Bertsolaritzaz filme motz bat, eta Bertsolariak saio librean hasi ziren: aurretik Sebastião Marinhok aipatua zuen entsaladari, Xabi Paiak erantzun zion beraiek zirela entsaladako tomate freskoak, Fredik berriz publikoari agur bat eta bertan zegoen txapeldun bati ea filmetik irten zen galdetu zion.

Jarraitzeko gai bat eskatu zitzaion publikoari eta hor irten zen Euskal Herriko independentziaren gaia. Horrela sortu ziren oholltzan PPko hautagaia zen Fredi eta Maialen euskal abertzalea Brasilgo hondartza batean: bertsoetan azaldu ziren bainu jantzi hori-gorria, Europako euskal indigenak Brasilgoei laguntza eske eta amaitzeko Bush eta Lula bera, denen harridurarako. Xabierrentzako bi hitz eskatu eta “amor” eta “patraña” hitzekin bi bertso eder entzun genituen amodioaren gazi-gozoaz, lehenengoa, eta amodioa, dena eman nahi eta ordain bezala ezer jaso nahi eza zela esan eta txalo ugari jasoaz. Amaiera punttuka egin zuten.

Emboladoreak izan ziren hurrengoak beren hizkera bizkor eta panderoekin publikoarekin jolasean ekiteko beren ohitura den bezala, baten bizarra, bestearen txapela, emakumeei bertso motzak botaz denen farre eta algara sortuaz.

Sebastião eta Lucivan etorri ziren gero, beren viola eta bertso zainduekin. Gai bat eskatu eta Lulataz egiteko esan zietenean, hau ere repetisten antzera Brasilgo Iparraldekoa izanik, bere lanaren defentsa luzea egin zuten. Iparraldeko estatuetako estilo eta neurri desbedinetan jarraitu zuten Brasilgo bertsolaritzaren ikuspegi eder bat emanaz.

Ondoren argentinar payadoreak eta brasildar pajadoreak ekin zioten elkarri zirika beren artearen aurkezpena egin ondoren. Brasildarrak emboladorearen laguntza eskatu zuenean bat biren kontra zeudela azaldu zion argentinarrak eta festa berotzen hasi zen: argentinarra gazteleraz brasildarraren estilora eta alderantziz!

Jarraian Sebastião eta Lucivanek Mailenen izena ezin esanik mila izen berri aukeran jarri zizkioten berak, bazela dagoeneko Sonhador izeneko bat eta Margarida hartuko zuela izen artistiko bezala erantzunaz denen algaren artean.

Bukatzeko Maialeni norgehiagokan zein zen irabazle galdetu eta hura etzela txapelketa baizik eta festa handi bat erantzutean denen txaloak jaso zituen.

Ordurako programaketa etzen gehiago existitzen eta oholtzan bi enboladoreak beren pandero eta bertso motzekin Fredi eta Xabi pandero eta trikixa eskutan zirela bertsotan jotake ari ziren bata besteari ziria sartu nahian gizena zegoela, panderoa jotzeko era edo alkandoraren koloreegatik.

Festa amaitzeko denak batera igo ziren oholtzara azkeneko agurra botatzeko denen txalo beroak jasoaz. Gaueko hamaikak ziren, hiru ordu pasa.

Giroa izugarria izan zen, esperientzia zirarragarria.
Xabierrek bere azken bertsoan esan zuen bezala, Atlantikoa bi kontinenteen arteko kulturaren ibai bat besterik ez da. Horrela izan dadila!

Añadir comentario

Puede añadir un comentario rellenando el formulario

(Requerido)
Por favor escriba su nombre.
(Obligatorio)
(Obligatorio)
(Obligatorio)
Escriba el texto que aparece a continuacion para evitar los spams