Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hitzaldi batekin Nueva Granadako euskal historia gai hartuta bukatuko da Antioquiako urteurren egitaraua

Hitzaldi batekin Nueva Granadako euskal historia gai hartuta bukatuko da Antioquiako urteurren egitaraua

2009/11/26

Hil honen 14an Antioquiako Euskal Gaien Ikasguneak (Centro de Estudios Vascos de Antioquia) bere sorreraren lehenengo bost urteak ospatzeko antolatutako elkarretaratzearen ondotik, hurrengo hitzorduak bihar ostirala, azaroaren 27an, eta bihar zortzi, abenduaren 4ean, izango dira, bi egunotan euskal zinema eta laburmetraiak erakutsiko direlarik, musika eta gastronomia osagaiak ere izango dituen dei batean. Azkenik, datorren asteko larunbatean, abenduaren 5ean, Ikasgunea sortu zuen John Alejandro Ricaurte historialariak hitzaldia eskainiko du, Nueva Granadako Erregeorderriaren Independentzia prozesuan euskaldunek izan zuten partaidetzaz, honekin amaiera ipiniz bosgarren urteurreneko ekitaldiei.

Medellin, Kolonbia. Ikasgunetik beretik EuskalKultura.com-era bidali duten informazioaren arabera, bi dira datozen egunotarako egin diren deialdiak, horietarik lehena bihar bertan, ostirala, azaroaren 27an, eta bigarrena bihar zortzi, abenduaren 4ean, biak Medellingo Porton del Sur jatetxean, iragarritako osagaiak beretsuak: euskal zinema eta Kimuak-eko laburmetraiak, euskal mjusika eta gastronomia lagun.

Datorren asteko larunbatean, abenduaren 5ean, John Alejandro Ricaurte historialariak, Ikasguneko sortzailea bera, mintzaldia emango du Antioquiako Euskal Etxearen aurrean, 'Euskaldunak Nueva Granadako Independentzian' lanaren lehenengo aurrerapen bat eskainiz eta, beraz, euskaldunek Nueva Granadako Erregeorderriaren Independentzia prozesuan izan zuten jokabidea xehetuz.

Euskaldunik bi aldeetan

Ricaurtek agerian utzi nahi du burrukan zeuden bi alderdietako bakoitzak Euskal Herriko lurralde diferentetan jaiotakoak biltzen zituela, euskaldunak Nueva Granadako Erregeorderriaren Independentziaren alde zein kontra zeudela.

Aipatu azkenik, alde erregezalean bazegoela 'Nafarroako Lehenengo Batailoia' izenekoa, egun Kolonbia eta Venezuela diren lurraldeetan aritu zena, probintzia baskongadetako zein Nafarroako soldadu profesionalez osatua, dio Ricaurtek.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.