Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gaztemundu trebakuntza programako bekak eskatzeko epea ireki da; maiatzaren 25ean itxiko da

Gaztemundu trebakuntza programako bekak eskatzeko epea ireki da; maiatzaren 25ean itxiko da

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu du gaur Gaztemundu programaren 2009 deialdia. Programa honi esker Diasporako 45 gaztek Euskal Herrian egonaldia egingo dute uztailaren 12a eta 24a bitartean eta artxibo historikoak digitalizatzen, errekopilatzen eta sarean argitaratzen trebatuko dira. Ikastaroaren gaia dela eta, aurten Gaztemundun parte hartzeko betebeharreko bat zera izango da: eskatzaile bakoitzak bere euskal etxearen memoria historikoarekin zerikusia duten 200 gai (argazkiak, audioak edo bideoak) katalogatu eta horien analisia egin izana. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 25ean itxiko da.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak 2009ko Gaztemundu programaren deialdia argitaratu berri du. Gaztemundu programari esker Diasporako gazteek Euskal Herria eta bertako gaur eguneko errealitatea ezagutzeko aukera dute. Egonaldi horretan gazte hauek ikastaroak, eztabaida foroak eta kultur, erakunde eta turismo txangoak egiten dituzte.  Aurtengo programaren zuzkidura 123.420 eurotakoa da.

Aurtengo egonaldia uztailaren 12tik 24ra egingo da eta partehartzaile kopurua 45ekoa izango da. Programa 18 urtetik gorako Diasporako gazteei zuzendua da. Eskatzaileek bete beharreko baldintzetako bat ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea da, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

Aurtengo programaren gaia dela eta, betebeharreko beste baldintza garrantzitsu bat eskatzaile bakoitzak bere euskal etxearen memoria historikoarekin zerikusia duten 200 gai (argazkiak, audioak edo bideoak) katalogatu eta horien analisia egin izana da.

Eskabideak baloratzeko irizpideak

Batzordeak honako irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

-a) Azterketa edo ikerketa lanaren balorazioa (40 puntu gehienez): honako hauek baloratuko dira: materialak euskaletxeak.net-en bilduta ez egotea eta dagokion euskal etxeari buruzkoak izatea (15 puntu gehienez); materialak euskal etxeetara bidalitako ereduaren arabera katalogatzea eta ahalik eta informazio zehatzena ematea (15 puntu gehienez); ondorio pertsonalak ateratzea eta dagokion euskal etxearekiko zerikusia eta garrantzia izatea (10 puntu gehienez).

-b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (gehienez 35 puntu): Eskatzaileak aztertuko den gaian duen inplikazioa baloratuko da, baita zuzendaritza organoetan eta euskal etxeak antolatzen dituen ekintzetan duen parte hartzea ere.

-c) Euskararen ezagutza: Oinarrizko maila (5 puntu), erdi maila (10 puntu) eta goi maila (15 puntu).

-d) Euskal Herria bisitatu ez izana: 10 puntu emango zaizkie Euskal Herria bisitatu ez dutenei.

Hautaketa prozesuan onartzeko, eskabideek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Eskabideak aurkeztea

Eskabideak helbide honetara bidali behar dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz. Eskaerak formalizatzeko inprimakiak eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa, hemen

Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 25ean itxiko da.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.