Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gipuzkoako Lizartzan iturburua duen Lizarzaburu familiak bilkura egingo du urtarrilaren 12an Perun, Lima hirian

Gipuzkoako Lizartzan iturburua duen Lizarzaburu familiak bilkura egingo du urtarrilaren 12an Perun, Lima hirian

2007/12/17

Lizarzaburu familiako kide dexente bilduko dira datorren urtarrilaren 12an Lima hiriburuan, Perun. Familiaren sorrera Lizartzan dago, bertan eratu baitzen familia 1489an, Sancho Martínezekin. Familiako kide askok Ameriketara emigratu zuten, lehenak orain dela 320 urte eta Ekuador eta Peru aldean finkatu ziren. Gero beste batzuk Estatu Batuetarako jauzia egin zuten. Azken urteotan familiakide askok harremana berreskuratu egin dute eta gonbitea luzatzen diete orain gainerako senideei datorren urtarrileko bileran parte hartzeko.

Urte hasieran Lizarzaburu familiako kideetako askok bat egingo duten Liman antolatu den familia topaketan. Abizenak jatorria Gipuzkoako Lizartzan badu ere, kide asko diasporan bizi dira, batez ere Peru, Ekuador eta Estatu Batuetan. 'Urte asko igarota ere eta sorterritik urrun egonik ere, lehen emigrante haiek helarazi zieten ondorengoei euren kultura. Ez zuten sekula ahaztu eta, nahiz eta osotasunean ez izan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Wilfredo Lizarzaburuk, bilkurako antolatzaileetako batek.

Familia harremana eta historia berreskuratzeko lehen ahaleginak 1985an egin ziren, Ekuadorren, Manuel Lizarzaburu de la Cuadraren eskutik. 1986an lehen topaketa ahalegina egin zen Liman eta Bizkaiko Iñaki Lizarzabururekin kontaktatu zuten. 90. hamarkadan egin ziren lehen bilerak eta familiako kide askok elkar ezagutzeko eta, kasu batzuetan, aspaldi ikusi gabeko ahaideak agurtzeko aukera izan zuten.

'Lizartza Klan'a

Batez ere azkeneko urteetan --2000 eta 2006 artean gehienbat-- eman da ikerketa lanetan aurrerapauso handiena, internet eta teknologia berriei esker. Bukatzear dagoen 2007. urte honetako urtarrilean gazteen bilkura bat egin zen Liman, 'aurreko hurbilketa prozesuaren garaian jaiotako gazteak (ziren) gehienak', azaltzen du Wilfredok. Bilkura arrakastatsua izan zen eta gazte horiek dira orain lekukoa hartu eta familia biltzeko ahaleginean ari direnak.

[Goiko irudian Lizarzaburu gazte batzuk, Liman urte hasieran egin zuten topaketan]

Familiak bere txokoa du interneten, 'Lizartza_Klan' izeneko taldean. Posta zerrenda hau munduko herrialde askotan sakabanatuta dauden familiakideen harteko komunikabidea da. Taldeak ehundik gora kide ditu jadanik eta lanean ari dira sarearen bitartez Lizarzaburutar gehiago ezagutu eta biltzeko. Limako bilkuran parte hartu nahi dutenek beraiekin harremanetan jarri daitezke posta zerrendaren bitartez edota e-maila bidaliz hona.


Lotura interesgarriak

Lizarzaburutarren posta zerrenda
'Lizartza_Klan'

Limako Euskaletxea, Perun
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 29an
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Gipuzkoako Lizartzan iturburua duen Lizarzaburu familiak bilkura egingo du urtarrilaren 12an Perun, Lima hirian

Familiako kide batzuk urte hasieran egin zen aurreko bilkuran (argazkiak JL Lizarzaburu)