Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2009 Martxoa

Artxiboa Martxoa 2009

Etxepare, Euskal Argentina, aita Martxel, Presencia Vasca, Gure Antzerkia eta dirulaguntzen epeez

Aste bukaera bete samarra joan den hau. Ostegunean jakin genuen urrats berria eman dela Etxepare Institutuaren abiatzean, agerkari ofizialak Miren Azkaratek sinaturiko Kultura Sailaren ebazpen bat plazaratu baitu, euskara eta euskal kultura ardatz harturik Diasporan eta atzerrian lan egiteko Donostian egoitza izanik sortua den erakunde horretan arituko diren lanpostu zerrenda argitara emanez. Anartean, Korrika Euskal Herrian barrena biraka zebilen bitartean, Herria astekarikoek larunbatean egin zuten euren urteko Biltzarra Hazparnen, Miren Azkarate Kultura sailburu bera eta Estebe Eiherabide Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria bertan zirela, aurtengoan astekariaren 3.000 alea plazaratzea ospatuz.

Igandean, Ipar Euskal Herria lan esparru nagusi daukan Euskal Argentina elkartearen urteroko Biltzarraren txanda ere bazen, ohi bezala Donibane Garaziko Herriko Etxean. Pierra Lako buru duen elkartearen azken partera hurbildu ginen, lehenago Kanbotik pasatu nahi baigenuen, bertako ospitale batean baita, zoritxarrez bere bizitzako azkenetan aita Martxel Tillous, hamahiru bat urtez Estatu Batuetako euskaldunen apez ibiltari eta euskaltzale, musika, kantu eta txistu irakasle izan den xiberotarra. Urte hastean bidali zien Martxelek bere azken agurra Ameriketako eta mundu osoko lagunei --Estatu Batuez gain, Pariseko Euskal Etxean eta Bolikostan ere ibili zen apez-- jakinik 2007 urte hondarrean atxeman zioten minbiziak ez duela atzerabiderik.

Argentinan, igandean bertan ospatu zituen etengabeko 19 lan-urte, Paranátik astero Urrundik Euskal Etxearen babesean aireratzen den Presencia Vasca irratsaioak. Federico Borras Alcain abokatu gaztea zuzendari eta esatari, saioa bi orduz luzatu zen atzokoan, goizeko hamabietatik eguerdia bitartean, ordu argentinarra (bost orduko aldea Euskal Herriarekin), Argentina barru eta kanpoko hainbat lagunen zorionak eta lekukotasunak bilduz. Argentinan hegoalderago, bestalde, Buenos Aires probintziako Bahia Blancan, Gure Antzerki (sic) antzerki taldekoek maiatzean hasiko dituzten ikasturte berriko eskolen berri eman digute. Haur eta helduentzat antolatzen dituzten tailerrei buruzko argibide gehiago euren webgunean lor daiteke: www.gureantzerki.blogspot.com.

Euskal Merkatari Ganberak, euren aldetik, enpresari bidaia prestatzen ari dira Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelara datorren maiatz-ekainerako. Honako datak bidali dizkigute: Limara maiatzaren 25-26an; Ekuadorreko Quiton egongo dira maiatzaren 28an eta Guayaquilen maiatzaren 29an; Kolonbiako Bogotán, ekainaren 1 eta 2an; eta Venezuelako Caracasen ekainaren 4 eta 5ean.

Ez dut gaurkoa pasatzen utzi nahi gogoratu gabe bihar, martxoaren 31ean, amaituko dela euskal etxeek 2008ko dirulaguntzen zuriketa egiteko epea, esan nahi baita ordainagiri eta paperak Eusko Jaurlaritzara iristarazteko epea (zuzenean Gazteiza, edo gobernuaren bateko edo besteko ordezkaritzetara). Aldi berean, bihar argitaratuko du agerkari ofizialak euskal etxeen 2009ko deialdi orokorra.

2009/03/30

Kubako berri eta Gorka Rosainz

Etorri berriak gara La Habanatik. Bertako euskal historian murgiltzen eta bertan dauden euskaldunekin aritu gara, errealitate euskal kubatarraren berri --iragana eta oraina-- eskuratzen. Hiriburu kubatarrean sortu zen, izan ere, 1877an, Asociacion Vasco Navarra de Beneficencia, egun behera etorria baina irlan oraindik ere indarrean segitzen duen elkartea. Mintzatu gara eurekin. Bisitatu dugu eta solastu gara baita ere --eta hitzaldiñoa eskaini genuen bertan-- La Habanako El Cerron aurrera egin nahiean ari den 'Dantzari' Ekimen herrikoiko (Proyecto Dantzari) arduradun eta partaideekin.

1954an Juanito Saizarbitoria mutrikuarrak La Habanan zabaldutako Centro Vasco jatetxea bisitatu eta bertan bazkaldu dugu, bakailaoa pil-pil erara hain zuzen, Euskal Herriko kirol herrikoiei buruzko horma margotuek inguratuta. La Habanan lankide dugun Josemi Arrugaeta santutxuarrarekin ere ibili gara, eta baita hiriburuan Athletic-eko Peña sortu berria duen Jose Luis Astigarraga azpeitiarrarekin ere. La Habanako kanposantu handian dagoen 'Euskaldunen Panteoia' ere jomuga izan dugu, eta sartu ahal izan gara garai batean 'Oihuen Jauregia' (Palacio de los gritos) izena hartu zuen munduko zesta-punta kantxarik entzutetsuenean.

Euskadi-Kuba elkarteko kooperazio lanetan dabilen jendea bisitatu dugu, baita La Habana Zaharrean euskal lankidetzaz sortu zen 'Gabriel Aresti' aroztegi-eskola ere. Mojitoez ere busti dugu zintzurra, Arechavala euskaldunak XIX mende hondarrean sortutako 'Havana Club' ronez eginiko mojitoez, jakina. Soroa ardoa ere ezagutu dugu eta euskal merkatari batzuk bertako historian utzitako arrastoez jantzi gara, besteak beste. Esklabotzak aberastu zituzten euskaldunen istorioak ere atera ditugu dantzan, dantza ere derrigorrez aipatu beharreko gauza baita Kuban, besteak beste lehen aipatu Dantzari proiektua medio. Begoñako Andra Mariari eskainitako aldarea, Hegoaldeko lau harmarriekin, ere ikusi dugu Habana Zaharreko San Frantzisko elizan. Bidaia osoan, Xabier Leteren Habanerak lagundu gaitu. Datozen egunetan argitaratuko dugu honi guztiari buruz.

Euskal Herrira itzulirik, Jaione Arrieta eta VascosMexico posta-zerrenda tarteko, Gorka Rosainz euskal mexikarra zendu dela jakin dugu. Bere euskal erroez harro zegoen mexikarra zen Gorka Rosainz, azken urteotan Euskonews-en Mexikoko euskal presentziaz eta historiaz dibulgazio artikuluak argitara emandakoa. Martxoaren lehenean hil zen. Gure harpidedun ere bazen eta izana genuen berarekin harreman epistolarra internetez. Penatu gara.

Kaliforniatik, The Last Link filmaren emanaldi berri bat antolatu dutela datorren ostegunerako, arratsaldeko sei t'erdietan Novato-ko Pierre jatetxean, euskal estiloko afaria eta filmaren proiekzioa bateratuz. Erreserbak (415) 898-4233 telefonoan. Gogoratu The Last Link-ek (Azken lokarria), Wyoming-en jaiotako Pete Camino artzain euskaldunaren istorioa kontatzen duela, laurogei urte paseak dituela Euskal Herria lehenengo aldiz bisitatzen duela.

Segituko dugu hizketan. Tartean, ez ahaztu, Baionako Herria astekariak bere hirumilagarren (3.000) zenbakia plazaratuko duela aste honetan, eta hau ez da batere txantxa euskal astekari batentzat, eta oro har argitalpen batentzat.

 

2009/03/23

Hauteskundeak: Eta orain zer?

Halaxe galdetu dute joan den igandetik aurrera gure erredakziora deitu edota e-mailak bidali dituzten zenbait jendek. Patxi Lopezek ordezkatuko du Ibarretxe? Hala bada, euskal etxeek segituko dute? Zein aldaketa etorriko da lehendakari berri bat sartzen bada, horrek aldaketarik ekarri behar badu? Aurten izango al da Gaztemundu? Laguntza deialdiek segituko dute? Hauek dira Diasporako lagunen buruetan bueltaka dabiltzan galderetako batzuk, edo guri behintzat egin zaizkigunak. Hona beraz geure iritzia edo ikuspena galdetutakoaz.

Jakina denez, hauteskundeak egin dira iragan igandean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Eusko Legebiltzarrerako parlamentariak hautatzeko. Gernikako Estatutuak dioenez, Eusko Legebiltzarra 75 parlamentarik osatzen dute, 25 lehen aipatu hiru probintzietako bakoitzeko. Bozka zuzen eta sekretu bidez hautatzen dira, eta eurak, hautetsiak eta aldarrikatuak izan ondoren hautatuko dute Legebiltzarrean exekutiboko burua, esan nahi baita Lehendakaria, lehenengo bozketetan erabateko gehiengoz, eta hori lortzen ez bada, gehiengo erlatiboz.

Normalean, eta hauteskundeetan inork lortzen ez badu erabateko gehiengoa, akordioak egiteko unea heltzen da. Helburua, Kameraren erdia gehi bat lortzea da, erabateko gehiengoa (38) alegia, lehenik Lehendakaria izendatzeko eta, gero, legealdian gobernu-politikak aurrera atera ahal izateko, buxeta eta aurrekontuak onartzeko, alegia.

DIASPORAREN BOZKEN BALIOA

Joan den igandean, bozkek eta gainerako baldintzek ez dute gauza sobera erraztu. Emaitzak, jakina denez, hauek izan dira: EAJ-PNV, 30; PSE-EE, 24; PP, 13; Aralar, 4; EA, 2; EB, 1; eta UPyD, 1. [Datu hauek datorren ostiralean alda daitezke, Diasporako bozkak zenbatzen direnean, eta EAk eserleku bat gal dezake Araban, Rafa Larreinarena, PSE-EEren alde; hau, ordea, ez da ostiralera arte jakingo. Normalean Diasporako datuek ez dute aldatzen emaitza orokorra, baina oraingo honetan, argi dagoenez, alda dezakete] Irabazle, beraz, Ibarretxe (EAJ-PNV), baina gehiengo absolutua eskuratu gabe. Normalean berari legokioke gobernua osatzeko manatua, kontutan harturik, gainera, bostpasei eserlekuko tartea atera diola hurrengo hautagaiari, Lopezi (PSE-EE).

EAJk irabazki eta bere aliatuak jaitsi. Gertatu da, ordea, aldi berean, PNV mantendu eta gora egin badu ere, orain arte EAJ-PNVrekin agintean zegoen hiruko gobernuko beste beste bi alderdiak, EA eta Ezker Batua, amildegian barrena jausi direla eta oso emaitza txarrak atera dituztela [2 EAk, 1 EBk; orain arte zeuzkaten EAk 7 (PNVrekin batera aurkeztuta), EBk 3] eta ez diotela gehiegi laguntzen Ibarretxeri beharrezkoa duen erabateko gehiengoa lortzeko lanetan. Ezta Aralarrek lortu dituen 4 botoak gehituta ere. Horiek guztiak batuta ere, boto bat falta zaio.

Aldiz, PSE-EEk emaitza onak lortu baditu ere, 18 eserlekutik 24ra pasatuz, urrun geratu da EAJk lortu dituen 30etatik. Baina bere botoak PPkoekin (13 eserleku, lehen 15) eta Rosa Diezen 'Union, Progreso y Democracia' alderdiaren bakarrarekin batuz 38ko zenbaki magikoa lortzen dute, eta gehiengo absolutua.

GOBERNU 'KONSTITUZIONALISTA'?

Arazoak (ez gaindiezinak): PSE, PP eta UPyDkoekin biltzen bada Patxi Lopez lehendakari jartzeko, frente estatalista, espainolista edo konstituzionalista (bakoitzak hauta dezala nahi duen hitza) osatuko luke, eta juxtu kanpainan behin eta berriro aritu da Lopez frentismoaren kontra; bestetik, erraz lortuko ditu PP eta UPyDren botoak inbestidurarako, baina gero?, ze programa adostu dezakete (gobernu barne edo kanpotik) estatuko gainerako lekuetan aurkari diren eta elkarri mokoka ari diren hiru alderdi badira? Gogora dezagun UPyDk, esaterako, Kontzertu Ekonomikoa kentzea proposatzen duela bere programan; Aldi berean, Ibarretxe Jaurlaritzatik kenduaz EAJren PSOErekiko harremanak Madrilen berehala hoztuko lirateke, eta Zapatero ez dabil aliatu sobran Madrilen gehiengo absolutuak lortzeko, izan ere 2008ko aurrekontuak EAJ eta BNGri esker atera zituen urrunago joan gabe; ber denboran, aditu guztiek diote gauden krisialdi honetatik ateratzeko gobernu sendoak behar badirela, ez oinarri ahula eta bere baitan lehergarria izan dezaketen exektiboak, besteak beste, PPren botoen menpe egonez, PPk izango bailuke gobernu hori nahi duenean jausiarazteko giltza (PPk edo Rosa Diezek); honi guztiari gehitu behar zaio EAJk eta PSEk akordioak dauzkatela, adibidez, Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalan eta honek harreman horiek gaiztotuko lituzkeela; EAJk, berez, oso gaizki hartuko luke Lehendakaritza galtzea, alderdi bozkatuena izanik (baina beste batek esango lukeen bezala, hau politika da).

Beste aukera bat EAJ-PSE gobernu bat osatzea izango litzateke. Nor buru? Zapatero, PSEk 1987an lehendakaritza EAJri erregalatu ostean, ez legoke, nonbait, berriz ere gauza bera egitearen alde. Ez eta Jauregui, Benegas... EAJk dio, berriz, hauteskunde hauek eurak irabazi dituztela, eta alde dexentez, eta eurei dagokiela Lehendakaritza; eta PSEk erantzuten dio eurak dagoeneko segurtatua daukatela Lopez lehendakari, PP eta UPyDen musutrukeko bozkekin...

Konklusio gisa, goiz da oraindik ere gobernu berriari buruz ezer aurreratzeko, negoziazio-egun, aste eta seguruenik hilabeteak gelditzen baitira.

ONDORIOAK EUSKAL ETXEENTZAT

Lehendakari aldaketak zer nolako ondorioak ekarriko lituzkeen Diasporan eta euskal etxeen munduan?

Gauzak aurreratzea da hau. Oraingoz talde bera dago jardunean eta aipatu goi mailako negoziazio horiek batera edo bestera amaitzen ez diren bitartean ez dago zer gertatuko den esaterik. Bistan da, Lehendakaritza aldatuko balitz, Kanpo Harremanetarako taldea ere aldatuko litzateke. Dena den, oraingoz, aurtengo planak aurrera doaz eta, galdera-ikur horiekin, baina 2009ko Gaztemundu uztaileko datetan egiteko asmoak bere horretan segitzen du; eta Euskal Etxeen deialdi orokorra eta premiazko laguntzen deialdia ere hilabete honen amaieran edo hurrengoaren hasieran argitaratzea espero da.

Lotura interesgarriak

Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza
ww.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-11192/eu

Eusko Jaurlaritzako Diasporarako egungo lantaldea

2009/03/03

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik