Hemen zaude: Hasiera Albisteak Buenos Airesko Unibertsitateak bere Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa hasiko du datorren asteartean

Buenos Airesko Unibertsitateak bere Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa hasiko du datorren asteartean

Datorren asteartean, abuztuaren 25ean, hasiko da Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) Euskara eta Euskal Kultura ikastaro berria, bertako Hizkuntza Laboratorioan. Ekimenak laugarren urtea izango du aurtengoa. Eskolak hastapen mailakoak izango dira eta izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen. FEVAk eta Unibertsitateak berak antolatutako kurtso hau gainditzen dutenek UBAren agiri bat lortuko dute. Hiru aurreko urteetan bezala, Teresa de Zavaleta euskaldun argentinarra izango da eskola emaile.

Buenos Aires, Argentina. Neguko oporrak bukatuta, ikasturtearen bigarren zatia hasi da jadanik Hegoameriketan. Eta bigarren lauhilekoarekin batera, FEVAk eta Buenos Airesko Unibertsitateak sustatutako Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa ere hasiko da. Klaseak astean bitan izango dira, astearte eta ostegunetan, arratsaldeko seietatik zortzietara. Sarbide edo hastapen maila izango du ikastaroak eta parte hartzeko ez da titulu akademikorik behar, interesa eta jakinmin soila baizik. Erakunde antolatzaileetatik jakinarazi denez, aurreko urteetan legez, kurtsoa gainditzen dutenek UBAren agiri bat jasoko dute.

'Hau gure laugarren urtea da Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioan eta, egiari zor, oso pozgarria da euskara euskal etxeetatik kanpo ere zabaltzen dela ikustea', adierazi dio EuskalKultura.com-i Teresa de Zavaletak, eskolak emateko arduradunak. Zavaletak azaldu duenez, klaseek banaezinak diren euskara eta euskal kulturaren gaiak hartuko dituzte, oraingoan, orain arte ez bezala, lau unitatetan banatuta.

Eskolak Laboratorioaren egoitzan emango dira, argentinar hiriburuko 25 de Mayo 221 helbidean. FEVArengandik bildu duen sostenguari esker ikastaroko prezioa zeozer apaldu da eta ikasleek 50 peso ordaindu beharko dituzte hilean. Kontsultak egiteko, FEVArekin kontaktuan jarri (emaila, FEVA_euskera@fibertel.com.ar) edo deitu 4372-3520 zenbakira.

Lotura interesgarriak

FEVA, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar

UBAko Hizkuntza Laboratorioa
www.idiomas.filo.uba.ar

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Buenos Airesko Unibertsitateak bere Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa hasiko du datorren asteartean

Artxiboko irudian, UBAko Euskara eta Euskal Kultura eskoletako ikasleak ikas saioetako batean (argazkia EuskalKultura.com)