A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
EZINTASUNA
|
POIÒSIS Jon Gerediaga, 2007
Zaharregia ei da mundua
labarretan bataiotan ibiltzeko
baina kaian kulunka batelek
tabernan zurrumurru ketuak
buruan, saman, zakilean, zerean, ez dakit
zorabio izengabe honek
amets hark, basamortuan paperezko ontziak
barnean ura eta promesak zeramatzanak
bakarrik egoteko modu ezin duinago honek
isiltasunak
mundua sostengatzen duen giltzarriak
euriak, galtzada-harriek eta euriak
txakur sentiberak besarkatzeko gogoak
haurtzaroko ziurtasun isolatuek
patioko iskanbilan barruko babeslekuak
zaldi zuriaren begi tristeek
nahi dut, ez dut nahi
harresiak zeharkatzen hamabi kaioek
hamabi apostoluak nigandik ihesi
noraezean norabidea xerkatzen duen gizadiak
Gilenek, Antonek
izenik behar ote du izengabeak?
berdea ez den lanbroak
eta hala ere zelaiak berdatzen dituenak
mendi hauen artean ezkutatzen den mirariak
eskuan barraskilo baten oskol zuri hutsak
ihintzak asetzen duen soloen egarriak
Leonelek hitzek:
Dios, Gugenlaymi?
Jainko, ez al duzu izenik?
aireari egokitzen ez zaizkion letrek
horiek guztiek izendatzen naute ni
une oro hilko garela jakitun izateak
bidean menderaezin egiten gaituen heriotzak
negua epelago egiten duen uztak
(saskian gorde ditut hainbat intxaur)
behar ez gaituen munduak
sakramentu apal honek egiten duen zaratak
eta abar anonimo guzti-guztiek
eskatzen dute
hitzik esan gabe eskatzen dute
sikate itzelean ozeano bat
tua, negarra
edota gorputzaren beste edozein likido ahaltsu
hitz bitan: bizi naiz
hau da nire eskaintza
(bizi izandakoaren hondarretan baina
putzu gazi bat non itotzen diren puxtarriak)
ez al da arina
ez al da sakona
tximeleten hegaldi ezin iragankorragoa?
begira nola indartzen nauen patuak
dagoeneko izen bat aurkitu dut zuretzat
muga guztiak zeharkatzen dituzten
txori horiek bezalakoa: isiltasuna
euren kantua entzuteko behar dugun bakarra
jaioberri zara zu izendegi agortu batean
eta ez dugu mundurik inauguratuko
bataiarria gure odolez bete ezean.
© Jon Gerediaga |
|