Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eusko Jaurlaritzak eta EEP-ren lankidetza, "oso positiboa"

Eusko Jaurlaritzak eta EEP-ren lankidetza, "oso positiboa"

2007-11-23 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) bitartez, eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 2007 urte hasieran hizkuntza politika alorrean sinatu lankidetzaren balantzea egin eta, aurtengo partaidetzari segida emanez, 2008rako lan-ildoak aurkeztu dituzte.

Baionan 2007-11-21ean eginiko prentsaurrekoan izan ziren, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Miren Azkarate (Kultura sailburua), Patxi Baztarrika (Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Erramun Osa (Koordinaziorako zuzendaria) eta Lorea Bilbao (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkularia); EEP ordezkatuz, berriz, Max Brisson (presidentea), François Maitia (presidenteordea) eta Jean Claude Iriart (zuzendaria).

Euskararen biziberritzea xede

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian helburu duen mugaz gaindiko hitzarmen historiko honek (gisa honetako lehenbizikoa baita) Eusko Jaurlaritza eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa lotzen ditu; azken hau, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako gaietarako erakundea, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatua.

Konfidantza harremana indartuz

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenaren jarraipenerako Gidaritza Batzordearen bilkuran egindako atzera begirako balantzea "oso positibotzat" jo zuten parte-hartzaileek. Miren Azkarate sailburuak nabarmendu zuenez, "konfiantzazko harremana indartu dugu bi aldeetako erakunde publikoen artean, bai hautetsien mailan, bai zerbitzu teknikoen mailan ere".

Aurtengo elkarlanari dagokionez, bi egitasmo azpimarratu dituzte bereziki. Batetik, eta hitzarmenaren 2007ko eranskinean jasotakoaren harira, HPSk eta EEPk IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu bitartean bakoitzaren eginbeharrak zehaztu dituzte. HPS nagusiki datuen esplotazioaz eta irakurketaz arduratu da eta EEPk, bere aldetik, Iparraldeari buruzko emaitzak ikusita Iparraldeari buruzko txostenaren idazketan parte hartuko du.

Bestetik, diru-laguntza deialdia izan ZUTEN mintzagai. Euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana kofinantzatzeko, lankidetzarako fondoa eratu da, alde bien ekarpenez. Ondorioz, alde bien arteko diru-laguntza deialdi bateratua eta publikoa egin da, horretarako, 2007an, 1.450.000 eurotako fondoa finkatu delarik: 1.000.000 euro Euskararen Erakunde Publikoak jarri ditu eta 450.000 euro Eusko Jaurlaritzak. Aurtengo Jaurlaritzaren ekarpena, Iparraldeko eragileei bereziki zuzendurikoa, 2006an baino % 50 handiagoa izan da. Eta kopuruetara etorrita, 60 bat eragileren eskutik aurkeztutako 51 egitasmo diruz lagundu dituzte.

Aurrera begira: 2008ko elkarlanerako proposamena

Bestalde, herenegungo bileran datorren urtean elkarlanean garatuko dituzten egitasmoak zehazteko tartea ere izan zuten. Lau dira 2008. urtean elkarlanean garatuko dituzten egitasmo nagusiak:

  1. - IV. Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena eta zabalkundea: Urteko balantzea egiterakoan aipatu bezala, 2007. urtean IV. Inkesta Soziolinguistikoa egiteko lan ugari egin da eta 2008. urtean argitaratu eta aurkeztuko da Inkesta Soziolinguistikoa.
  2. - Jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunen definitze eta antolaketa: 2008. urtean honako adierazle hauek landuko dituzte bereziki elkarlanean:
    • Biztanleriari dagozkion adierazleak
    • Irakaskuntzari dagozkion adierazleak

    Bi arlo horietan, jadanik dauden eta eskas diren informazioen eta komunak diren adierazleak identifikatuko dira eta beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dira.

  3. - Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea gai hauen inguruan:
    • a) Helduen euskalduntze-alfabetatzea: hizkuntza-gaitasunaren egiaztapena.
    • b) Terminologia eta Toponimia.
  4. - Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren sustapen-lerroak Ipar Euskal Herriko eragileei dagokienez, 2008. urtean ere proiektuak finantzatzeko tresna alde bien arteko diru-laguntza deialdi bateratua izango da.

    Deialdiaren xedea, beraz, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuentzat diru-laguntzak emateko modua arautzea da.

Azkaratek amaitu zuen erranez elkarlanerako bidean "sendo" ari direla, eta hortaz, bide horri "eutsi behar" diotela, "gure arteko elkarlana euskararen onerako izango da eta".


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com