Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Elebakarrak kutsatu nahi dituen birusa

Elebakarrak kutsatu nahi dituen birusa

2006-11-15 / 07:00 / erabili.com   HIZKUNTZA

Oso kutsakorra izan nahi duen birus berri bat azaldu da gurean. Ukan izena jarri diote eta, bestelako birusak ez bezala, asmo onekin dator: euskararen aldeko jarrera sustatuz, elkarbizitza hobetzea du helburu.

Kutsatu!

Kutsatu!

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laborategitik atera dute Ukan, "elkarbizitzaren birusa". Abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamonean- bukatuko den sentsibilizazio kanpaina berria tajutu du, izan ere, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Kutsatu! Ekin, ukan, ekin leloa darama kanpaina berriak, eta helburu nagusi bat dauka: euskararen aldeko jarreren bitartez, EAEko biztanleak elkarbizitzaren birusarekin kutsatzera animatu nahi dituzte.

Elebakarrak euskarara ekarri

Euskararen aldeko jarrerak sustatu nahi ditu kanpaina berriak, batez ere elebakarren artean. Euskaraz ez dakitenei zuzendu nahi zaie bereziki komunikazio kanpaina gisa gauzatu den ekimen berriaren mezua.

Errealitate berean batzutan nahi baino urrunago sentitzen diren euskaldunen eta elebakarren munduak elkar hurbildu eta elebakarrei euskarara biltzeko gonbita luzatu nahi zaie, azken batean, euskara denona dela eta denon beharra duela azalduz.

Eramaile ezagunak

Kanpaina aurrera eramateko aurpegi ezagunengana jo du Eusko Jaurlaritzak. Kanpaina beraren protagonista eta irudi den Ukan birusak kutsatutako lagunak bilatu dira, hain zuzen ere, euskararen eta elkarbizitzaren aldeko mezua barreiatzeko, euskara beren ama-hizkuntza izan gabe euskarara hurbildu eta hizkuntza ikasi duten lagunak, eta euskararen aldeko jarrerak azaldu dituztenak.

2006-11-10ean abiatu zen Kutsatu! Ekin, ukan, ekin kanpaina, Bilbon burutu zen aurkezpenarekin. Birus kutsakorraren berria zabaltzeko deialdia jaso zuten komunikabideek hiru zientzilariren ahotik, kazetari baten gidaritzapean. Pedro Miguel Etxenike fisikariak, Adelaida Umaran mikrobiologoak, Juan Ignacio Pérez biologoa eta EHUren errektoreak, eta Gorka Landaburu kazetariak hartu zuten berengain Ukan birusaren jendaurreko aurkezpena.

Bilbokoaren atzetik antzeko ekitaldi gehiago egingo dira datozen egunetan, Donostian eta Gasteizen. Eta aipatutako lauaz gain eramaile ezagun gehiagok ere egin dute bat kanpainarekin: Toti Martinez de Lezea idazleak, Karlos Argiñano, Martín Berasategi eta Luis Aduriz sukaldariek, Afrika eta Fermin Muguruza musikariek edota Ludger Mees EHUren Euskara errektoreordeak, besteak beste.

Onuraz betetako birusa

"Pertsona multzo bakarra aurkitu dugu Ukan birusarekiko kutsaezina: munduko hizkuntzak gutxiagotzea mesedegarri eta hizkuntzen balioa hiztunen kopuru soilaren baitan ikusten dutenek osatutakoa", azaldu zuen Umaranek kanpainaren aurkezpenean.

Birus berria aurkitu duten zientzilariek, izan ere, hitz onak besterik ez dituzte kutsakorra bezain onuragarria den Ukanentzat. "Birus onuragarri horri esker -dio Pedro Miguel Etxenikek-, euskarak aurrera egin du, gaur euskara ez da arrotz Isabako kaleetan, nik haurtzaroko unerik gozoenak iragan nituen tokian, ezta unibertsitatean ere, nire prestakuntza intelektualaren ikasgela eta pasilloetan. Oso esker onekoa natzaio Ukani, elkarbizitzaren birusari. Fisikak munduaren bihotz fisikoa ulertzen laguntzen dit. Hizkuntzak, eta euskarak bereziki, nire izaeraren eta nire herriaren arima".


Inprimatu


Erantzun

 
Birus versus Virus
2006-11-15 / 22:16 / Josu Lavin Campo

Esaten digu Etxenike jaunak:

"Birus onuragarri horri esker -dio Pedro Miguel Etxenikek-, euskarak aurrera egin du"

BIRUS hitza B letrarekin idazteak sekulako virus kaltegarria da euskararendako. Garesti ordainduko ditugu egunen batean oraingo hankasartze eta grazia graziosoak.

Bide honetarik DBD eta BODAFONE amaituko dugu idazten DVD eta VODAFONEren ordez!


(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com