Euskararen Datu-Basea (EDB) euskararen datu estatistikoen biltegi bat da, Soziolinguistika Klusterrak eta Aztikerrek elkarlanean egindakoa. Egitasmo honen helburu nagusia, euskarari buruz dagoen informazio estatistiko sakabanatua bildu, bateratu eta publikoki eskaintzea da. Hori horrela, han eta hemen argitaratzen diren euskarari buruzko datuetako batzuk gune bakarrean bildu ditu Euskararen Datu-Baseak, besteak beste, Euskal Herri mailako datuak eskainiz. Horretarako, Euskal Herri mailako datuak eskuratzeko, estimazioak egin dira.
Proiektuaren ekarpenak hiru alderditan laburbil ditzakegu: lurraldeen zehaztapena, datuen osotasuna eta datuak bateratzeko erabili den metodologia. Gaur egun, hiru informazio mota aurkezten ditu EDBk: euskararen ezagutzari buruzko datuak, erabilerari buruzkoak eta euskarak hezkuntzan duen tokiari buruzkoak. Datu horiek adin-taldeka, sexuaren arabera eta bilakaeraren arabera ikus daitezke esparru ezberdinetan; hau da, udalerrika –kasu batzuetan- eta hortik gora eskualdeka, herrialdeka eta Euskal Herri mailan.
Beraz jarraian, euskarari buruzko datu ezberdinetan murgiltzera gonbidatzen zaitugu.
Horretarako... Intereseko duzun GAIA ETA EREMUA AUKERATU eta taula, grafiko eta mapen bitartez informazioa eskuratu ahal izango duzu.