Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  'XXI mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak' txostenari iradokizunak

'XXI mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak' txostenari iradokizunak

2008-10-23 / 08:30 / Itziar Idiazabal   HIZKUNTZA

Hizkuntza ekintza da, erabilera da, eta txosten hau idazteko egin behar izan den bakarkako nahiz taldeko hizkuntza ekintza guztia nagusiki euskaraz egina izan den heinean, bere horretan eta besterik gabe aurrerapausoa eskuartean dugun auzian. Alegia, euskararen erabilera indartzeko ahaleginean, aurrerapausoa txosten hau, edukiz oparoa delako, eta irakurterraza delako ere bai. Seguruenik eztabaidatua, elkarreraginean mamitua izan delako, esku bat baino gehiagoren eragina nabari zaiolako; guzti horregatik agertzen zaigu hain aberats, eta aldi berean hain eztabaidagarri.

Azken hogeita bost urtean euskarazko txostengintzan asko ikasi dugu. Generoa berezia da, alorrez alor bere ezaugarriak dituena, eta eskuartean dugun txostenak ere baditu bere berezitasunak. Gogoeta txostena da; egindakoaren emaitza enpirikoak baino interesgarriagoa dirudi egindakoaren gaineko hausnarketa, iritzien azaleratzea, eztabaiden bultzatzea. Aukera bat da. Nolanahi ere ez dago aurreiritzirik gabe egina hitzaurrean esaten den moduan. Ezinezkoa baita hori. Kontua aurreiritzi edo iritzi ezberdinak biltzeko ahalegina nabaria dela, eta aldeko iritzi ezberdinak identifikatzea, plazaratzea, eta bultzatzea oso beharrezkoa dugula. Jakina, aldekoak, alegia euskararen erabilera indartzeko balio dutenak direla ikustea, eta onartzea kontu zailagoa da, baina derrigorrezkoa ere bai.

Txostena, formaz, hizkuntzaren erabilera dela (euskarazkoa behinik behin, ez baitut gaztelerazkoa irakurri), moldiztegi baliabideak direla, erosoa da. Goian aipatutako trebezia nabaria da. Edukiz, konplexuagoa iruditu zait. Badago aurkibidea, baina gaien banaketa ez da argia, errepikatua ere bada, eta askotan gauza bat eta haren kontrakoa ere aldi berean esaten dela ematen du. Eta hizkuntza politikan, beste politika guztietan bezala, ezinezkoa da aldi berean gauza bat eta haren kontrakoa onartzea eta bultzatzea.

Txostenean ideia on eta proposamen interesgarri ugarien ondoan arazo larri batzuk ere ikusten ditut. Bereziki hiru: 1) Euskalgintzan egindakoaren gaineko susmo txarra, kulpa, kontzientzia txarra sortarazi nahi duela dirudi. 2) Autokritika horretan inoiz ez da zehazten zer den gaizki egin dena, eta saihestu behar litzatekeena. Bestalde, apenas agertzen den proposamenik aipatutako arazoei irtenbide konkretu modura. 3) Errealitatea eta boluntarismoa bezalako hitzek zentzu lausoa dute; nahi duenak nahi duen modura erabili eta uler ditzake. Horregatik ez dute gauza askorik argitzen. Emankorragoa izango den hizkuntza politika bultzatu ahal izateko zehaztasuna behar da. Ahulguneak eta indarguneak identifikatu behar dira, zer bultzatu eta zer saihestu erabaki ahal izateko. Aldiz, zalantzak, susmoak, errezeloak, aztertu, ikertu, frogatu. Bestela ezin da aurrera egin.

Abiapuntuko kezka hauen haritik hiru multzotan bilduko ditut nire iradokizunak. Txostenean bertan datorren hurrenkera jarraituko dut eta jatorrizko txostenean errepikatuak ageri direnez, nirean ere zenbait ideia behin baino gehiagotan ageri dira. Ekarpen bezala ikusten ditudanak aurkeztuko ditut lehenengo, arazotsu edo eztabaidagarri iruditzen zaizkidanak bigarren, eta hirugarren, nabarmendu nahi nituzkeen eta txostenean aurkitu ez ditudan edo behar beste aipatzen ez diren zenbait arazo laburbildu ditut.

Txostenaren ekarpenak, nire aldetik behintzat, adosteko modukoak

Modu eskematikoan bilduko ditut txostenean zehar aurkitu ditudan zenbait alderdi positibo. Adierazgarriena iruditu zaidana bildu dut. Horrek ez du esan nahi, noski, beste guztiarekin ados ez nagoenik.

  • Ondo egiten da hizkuntza baten biziberritze prozesuaren hiru baldintza gogoratzean. Alegia, lege-marko egokia, politika eta baliabide eraginkorrak eta herritarren atxikimendua (23.or.)
  • Lorpenak, hizkuntza politikaren emaitza positiboak gogoraraztea derrigorrezkoa da; hala nola, euskararen aldeko politika publikoa, sustapen-ekimen ugariak bultzatu izatea, guraso gehienek euskaraz ikasteko apustua egin izatea, milaka hiztun berri irabazi izatea, gazte gehienek euskaraz dakitenak izatea, eta euskarazko kultura guztiz homologagarria dela aitortzea.
  • Gizarte prozesuetan kostu sozialik gabeko onurarik lortzerik ez dagoela ere osasungarria da gogoan izatea. (20.or.)
  • Euskara kontuetan euskal hiztunaren eskubideak direla gehien atakatzen direnak, albora ezin utzi den egia. (20.or.)
  • Adostasuna dela hizkuntza politika orok behar-beharrezkoa duen sostengua.(20.or.) Beti ere, adostasunik ezean gehiengo demokratikoak ere kontuan izan beharko direla ere esatea ez legoke gaizki.
  • Lege-markoaren ezaugarri nagusien aurkezpena egokia da oro har. Eskubide linguistikoen aitorpena, progresiboa eta egoera bakoitzari egokitua, eta ez neutraltasuna, alegia euskararen normalizazioa duela helburu. Behar bada, 34. orrialdean zerbait esaten den arren, ez da nahikoa azpimarratzen lege hori adostasun politiko handiz onartua izan zela.
  • Euskara, gaztelania bezala, ofiziala izateak hizkuntza askatasunaren printzipio nagusia gogora ekartzea ere derrigorrezko kontua da, txostenean behin baino gehiagotan esaten den bezala. Esaten da, eta hori ere beharrezkoa da, euskaraz bizi nahi duenak dituela zailtasunak hainbat tokitan, alegia hizkuntza eskubideak ez daudela berdin bermatuak euskararen eta gazteleraren kasuan.
  • Lege-babesa eta sustapen handia izan arren, euskarak behar duen/nahi litzatekeen erabilera ez duela oraindik lortu eta horren aldeko bidean egon daitezkeen arriskuak identifikatu behar direla. Derrigorrezko kontua hau ere.
  • Hizkuntza baten erabilera indartzeko erabilera bera dela giltzarria, "erabiliz indartzen da, erabilerak dakar gustua eta atxikipena, ez derrigortasunak, legeak edo zigorrak." (33.or.) Egia osoa.
  • Euskararen indarberritzean eskolari asko zor zaion arren, eta hura gabe ezinezkoa izango litzatekeen arren, eskolaren esku bakarrik ezin dela utzi gizartearen euskalduntze prozesua.(34.or.) Jakina bezain ahaztu ezina.
  • Hizkuntza baten berreskurapena urte luzeetako kontua dela eta aurrera egindakoa baikortasunez ikusi beharra, "egin gabe dagoenarekin goibeltzeak ez baitu etekin onik ematen". Oso beharrezkoa nolanahi ere, aurrera pausoak egiten ari garen edo ez tentuz begiratzea, adibidez, oso ideia interesgarria eta emankorra iruditzen zait elebidunen kopuruak gutxiengoa gainditu dezan agertzen den helburua.
  • Oinarrizko printzipioa da baita ere, eta horregatik esan eta azpimarratzekoa, hiztunok euskara erabiltzeko borondatea eta aukerak, biak behar ditugula. Jakina, oinarrizkoena den baldintza gaitasuna da, eta hala ageri dira hirurak bilduak 43. orrialden.
  • Euskararen auzia ez dela euskal hiztunen arazoa, edo ez behintzat haiena bakarrik. (39.or.) Erdaldunen atxikipena ere behar da, jakina, haientzat ere onuragarria baita euskara indartzea. Besterik ez bada, kultur ondarea indartzea delako eta kultura guztion altxorra delako. Ildo honetan, bizikidetzan eta garapen orokorrean ekar ditzakeen onurak ere aipa daitezke, gaur egun garapena eta kultur askatasuna oso lotuta dauden kontzeptuak direla ez baitugu ahaztu behar.
  • Administrazioan herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko zerbait aurreratu den arren, egin gabe dagoena askoz gehiago dela ere esan behar da, eta hala egiten da. Esaten den beste kontua bat, eta oso inportantea, perfila lortzea bezain garrantzitsua dela lanean euskara erabiltzen dela ziurtatzea, edo behinik behin zer egiten den jakitea. Euskarazko gaitasuna eta lanpostuan euskara erabiltzea lotutako kontuak behar dutela izan alegia. (40-41. or.)
  • Guztiz ados nator administrazio periferikoak erakutsi duen utzikeria salatzearekin (41.or.), eta uste dut salaketa berberak egin beharko liratekeela beste hainbat eremuetan ere; Estatu mailako beste hainbat arlotan ageri den axolagabekeria, eta askotan eraso ere diren jokabideak guztiz salagarriak dira eta salatu egin behar lirateke. Adibidez, guztiok ordaintzen ditugun komunikabideetan euskarak eta gainerako hizkuntza koofizialek duten leku eza oso da salagarria eta normalizazioaren aurkakoa.
  • "Pixkanaka, baina beti zerbait gehiago" (47.or.) oso printzipio egokia iruditzen zait.
  • Leialtasuna eta atxikimendua dira euskarak nahitaez behar dituen jarrerak, eta jakina, jarrera guztiak bezala ezinezkoa da beharturik sortaraztea. Aldeko jarrera garrantzitsu hauek indartzeko zehar bideak daude, eta hori da hain zuzen ere politikak egin behar duena. Bestela badakigu gurea bezalako hizkuntza gutxituek ia ezinezkoa dutela atxikimendu eta leialtasun berriak sortzea.( 47.or.)
  • Guztiz beharrezkoak iruditzen zaizkit baita ere: gizarteko ezberdintasun linguistikoak orekatzeko helburua, elebakartasuna gainditu beharra, eta eleaniztasuna bultzatzea, egiazko hizkuntza-askatasuna handitzeko eta bizikidetza sendotzeko. Eta jakina, 48. orrialdean esaten den moduan, hizkuntzarik ahulena, euskara dela erabiltzeko aukerak indartu beharrean agertzen dena.
  • Euskaratik urrun daudenak erakartzeko euskara aukera berrietarako leiho atsegin, aberats eta erakargarri moduan azaldu nahi izatea guztiz helburu onargarria da. (53)
  • Hizkuntza politika ebaluatu egin behar dela ere gogoratzen da 53. orrialdean, eta hala izan behar du, beste edozein politika ere ebaluatu behar den bezala. Jakina, ebaluatu ahal izateko proposamen zehatzak egitea komeni da, eta txosten honetan horrelako gutxi dago.
  • Guztiz ados 56. orrialdean dionarekin: hizkuntza politikak gizartearen kohesio-bilatzailea izan behar duela, baina aldi berean ezin izan litekeela deserosotasunik gabea. (Lehen ere agertu da hau)
  • Integrazioaren hainbat helburu biltzen dira 57. orrialdean eta guztiz aproposak direla uste dut eta gogoratu beharrekoak: euskaldun jendeak hizkuntza-gutxiengo baten trataera ezin izan dezakeela Euskal Herrian, ez behintzat botere publikoen eskutik datorrenean; erdal mundua eta euskal mundua elkarri bizkar emanda bizitzea oztopo handia dela elkarbizitzarentzat, eta beraz, elkar ezagutza sustatu behar litzatekeela; integrazioak ez du asimilazio bide izan behar beste lurraldeetatik datozenentzat ere. Haiek ere gure aniztasunaren aberasgarri dira, hain kaltegarria den elebakarkeri eta kulturbakarkeriari aurre egiteko lagungarri izan daitezke eta helburu hau kontuan izan behar genuke.
  • Herri administrazioetan euskaraz dakiten langileek egiten dituzten jarduera guztiak kontuan hartzea, gutxi izan arren euskararentzat asko dela gogoraraztea, (56.or.) haien atxikimendua bilatzea eta elikatzea, oso iruditzen zait printzipio garrantzitsua eta baikorra. Sustatu beharrekoa.

Eztabaidagarriak iruditzen zaizkidan txosteneko zenbait ideia, edo nire desadostasunak eta haien arrazoiak

"Euskara guztiona bada, guztiok izan beharko genuke zeresanik horretan, eta esateko duguna lau haizeetara zabaltzeko eta gainerako ikuspuntuekin kontrastean jartzeko aukera erosoak behar ditugu. Besteak beste, kontsentsu sozial eta politikoa -hori da euskarak ororen gainetik behar duen arnasbide edo makulurik behinena- eraiki eta etengabe indartu eta hedatzeko ezinbestekoa baita ikuspuntu ugariak patxadaz eta askatasun osoz plaza publikoan jarri eta eztabaidatzea". (18.or.)

Sarreran aipatzen nuen bezala, eztabaida ageri da txosten honetan helburu nagusi bezala. "Euskara guztiona bada" baldintza, bestalde, nola gauzatu?, nola kontrolatu? Izan ere, euskara berea sentitzen ez duenarekin eta askotan guztiz kontra dagoenarekin, nola bideratu eztabaida erabileraren aldeko bihurtu dadin?

Eztabaida bai, baina gutxieneko etekin batzuk lortzeko baldintzak landu behar liratekeela iruditzen zait. Metodo bat behar da, fina eta ebaluagarria, eztabaida bultzatu ez ezik, bere etekinak ere jaso ahal izan behar genuke. Edozein eztabaidak ez dut uste balio duenik.

Adostasunaz hitz egiten denean, euskararen aldeko politikak izan ez duen zerbait dela dirudi. Adostasuna, euskararen 1982ko legeak, beste lege gutxik izan dutena baino askoz ere handiagoa izan duela gogoratzea ez legoke gaizki. Eta oro har, hezkuntzan adibidez, adostasuna egon delako lortu dira lortutakoak. Gurasoen adostasunean oinarritu baita euskal hezkuntza sistema elebidunaren normatiba, besteak beste.

Egia da kontsentsua gauza ona dela eta oinarrizko legeetan, behinik behin, hor daukagun aberastasun handi bat dela, abiapuntu ahaztezina. Legearen gauzatzean, eguneroko ekintza eta ekimenetan, adostasun hori elikatu, sustatu, garatu egin behar dela, ados, baina ez dezagun ahaztu abiapuntuan daukagun sendotasuna!

Aurrekoa gogoan izanik, alegia, daukagun lege-markoa nahikoa egokia izanik, kontu handiz ibili beharko genuke aldaketak proposatzerakoan. Geroago ere etorriko gara honetara, baino hezkuntzan, bistan da, izan dugun eta oraindik daukagun legearen aldaketa proposatzeak, dagoeneko, lege berria onartu ere egin ez den arren, liskarra, gehiegikeria (gaztelania arriskuan dela esatea, adibidez!) eta euskararen kontrako mugimendua indartzea besterik ez duela sortarazi gogoan izan beharko genuke. Txostenean behin eta berriz esaten da hizkuntza politika malgua, egoerari lotua eta progresiboa izan behar duela. Dudarik ez. Nolanahi ere, errealitatea bezalako kontzeptu lausoak ez dut uste bide garbirik erakusten digunik. "(...) errealitatea baita hizkuntza politikaren abiadurari eta nondik norakoari mugak ezartzen dizkiona. Eta komeni zaigu errealitate hori kontuan hartzea, baldin eta hizkuntza politika arrakastatsua eta euskararen erabilera egiazki indartzeko eta areagotzeko balio duena egingo badugu". (27.or.) Hori egia da, baina aldi berean, politika da errealitatea aldatzeko daukagun baliabidea, beraz, errealitatea kontuan hartzea bezainbat beharko dugu jakin nora iritsi nahi dugun.

Beste kontu batzuetara igaroz, Koldo Mitxelenari jasotzen zaion baieztapenarekin, ez nago guztiz ados. "Hizkuntza bat (...) ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik". (Azpimarratua nirea) (32.or.). Hizkuntza bat hori ere bada, jakina, baina hori besterik ez balitz, hobe genuke lehenbailehen ingelesa ikasi; mendebaldean gutxienik, ingelesa baita adierazpide eta mintzabide garatuena. Eta sinbolo bat ere badela baina ororen gainetik hizkuntza dela esateak (33.or.) ez digu ezer argitzen. Ez dago argumentu logikorik, zientifikorik esan nahi da, hizkuntza baten adierazpide (beraz, pentsamendu bide ere bai) balioak sinbolo edo identitate balioak baino garrantzitsuagoak direla baieztatzeko. Balio guzti horiek ditu hizkuntza batek berarekin. Hizkuntza, gizarteratzearen ardatza den heinean, beti izango da sinbolo eta identitate marka, norbanakoarengan eta taldean (hizkuntza erkidegoan) ere bai. Hori hizkuntza izatearen baitan dago. Ez dago hizkuntza (bizirik) bere hiztunentzat nolabaiteko sinbolo eta identitate baliabide ez denik. Beraz, ez bakarrik ez da bekatua hizkuntza bat (eta euskara ere bai) sinbolo eta identitate aukera bat dela onartzea, baizik eta ona da hori ere kontuan izatea euskararen erabilera indartzeko neurrietaz arduratzen bagara. Behar bada, esan nahi dena zera da: euskara identitate eta sinbolo bezala hartzea erabiltzea bezain garrantzitsua ez dela. Agian bai, baina sinbolo eta identitate baliorik ez badu ez dut uste erabileraren erronkan ezer lortuko dugunik. Nolanahi ere, hizkuntzak (eta beraz identitateak) bakarra izan beharrik ez dauka, jakina.

Euskararen aurrerakadaren ifrentzuaz jarduten delarik arriskuak identifikatzeko helburua aipatzen da. Halere, zenbait baieztapenetan, arriskuak baino gehiago gaizki egindakoen kulpa nabarmendu nahi dela dirudi. "eta onartu beharko dugu hobe izango dela agian, urteotan guztiotan egindako zenbait gauza beste modu batean egin izan bagenu". (32. or.) Zer da zehazki gaizki egin dena? Aurreraxeago, berriro dator antzeko gogoeta: "Izan ere, uste baitugu hizkuntza-eskubideen ikuspegitik ez ezik euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko helburua lortzeko bidean zer egitea komeni zaigun, zer saihestea interesatzen zaigun, zer lehenestea eta zer aldi baterako bada ere bazterrean uztea komeni zaigun (...)". Gaizki egin dena zehazten ez bada, susmo txarra besterik ez da sorrarazten. Baikortasun itsua ez da ona baina ezkortasuna garatzeak ere ez du ezertarako balio, ez behintzat hemen bultzatu nahi denerako.

Euskararen aurrerakaden ifrentzuetan, beti ere, eta 34. orrialdean, zenbait galdera ageri da. Galdera erdi erretorikoak dira; batzuk halere, nahiko zehatz erantzun daitezkeenak, eta egin dira ikerketak eta lanak erantzun horiek bilatu nahirik. Esaterako, zenbat gehiago egiten den euskaraz, edo zenbat gehiago kontsumitzen diren euskal produktuak galdetzen denean. Ez dira nolanahiko kontuak, eta jarraipen zehatza eskatzen dute. "Gaur egungo euskal hiztunok euskaraz adierazkortasun handiagoa ala txikiagoa ote daukagu?" galdera, aldiz, erantzun ezina da, edo hobe esanda inolako oinarri zehatz edo zientifikorik gabe ezetz erantzutera bideratua dagoena. Izan ere, zer da hizkuntza adierazkortasuna? Nola neurtzen da hori? Non ditugu lehen egiten zenaren bilketa fidagarriak gaurkoarekin alderatu ahal izateko? Ez legoke gaizki arlo honi dagozkion azterketa zehatzak bideratuko balira, gure artean hizkuntzalaritza ikerketaz arduratzen diren erakundeek ezer gutxi egin baitute orain arte eremu honetan. Bestela, "Lehengo garaietan bai, orduan egiten zen ondo euskaraz!" argumentu ahula izango da hemen agertuko dena. Hizkuntza gutxituen inguruko gogoetetan preskriptibismoa beti agertzen da, eta jakin beharko genuke gure burua kontrolatzen.

Eskolaren eraginaz jarduten denean, 35. orrialdean, hau esaten da: "Ondorioz, onartu beharko dugu, guztientzako jarritako gutxieneko hizkuntza-helburu orokorrak apalak izatea eta ikastegi ezberdinetako hizkuntza-emaitzak gutxieneko orokorretik gora ezberdinak izatea tokiz toki. Bestela, hizkuntza eta hezkuntza, biak atera litezke kalteturik". Baieztapen hau oso kaltegarria dela iruditzen zait. Ez dago munduan hezkuntza arduradunik gutxieneko helburuak, edozein arlotakoak, apaldu behar direla esaten duenik. Zergatik esango dugu guk euskararen kasuan? Zertarako? Zer konpontzen du honek? Gaurko elebitasun legeak hiru eredu eta eredu bakoitzean bere helburuak ditu ezarriak. Badakigu helburuak ez direla beti betetzen, eta gutxien eskatzen denetan lortzen da gutxien, gainera. Hori hala da, baina horren konponbidea ez dator denentzat apalagoak diren helburuak ezarriz, ezta denentzat gorengoak eta berdinak eskatuz ere. Elebitasun legeak eta haren eskolarako egokitzapenak oro har, tokian tokiko ezberdintasunei erantzuteko oso neurri aberatsak garatu ditu, eta horri esker lortu dira gure eskoletan, munduan beste inon lortu ez diren emaitzak, euskara bezalako hizkuntza baten berreskuratze prozesuan. Bide horretatik, geroz eta azterketa finagoetan, neurri egokituagoetan, jarraipen zuhur bezain lagungarrian sakontzeak zentzuzkoagoa dirudi hain emaitza onak eman dituen 25 urteko ekimena goitik behera aldatzeko ekimenak baino. Azken urteetan egin diren ebaluaketek (PISA 2003, 2006, EUSKARA B2, EUSKARA B1) eta aurrekoak ere (EIFE 1, 2, 3) ez dute euskara ez den arloetan emaitza txarrik erakusten. Egia da, euskara mailan ez direla lortu amesten ziren helburuak, baina hemendik ezin da ondorioztatu gutxieneko hizkuntza-helburua apalduz ezer hoberik lortuko denik. Bestalde, hizkuntza-helburuak esaten denean, euskara helburuak esan nahi dela ulertu behar da, hala edozein hizkuntzaz ari gara.

"Bestela, hizkuntza eta hezkuntza, biak atera litezke kalteturik" argumentua, bestalde, ahula iruditzen zait oso, faltsua ez esatearren. Kontuan izan beharko genuke irakaskuntza elebidunak, zenbat eta bi hizkuntzetan maila hobeak lortu are eta hezkuntza maila hobeak lortzen dituela, eta hau norbanakoan nahiz sisteman islatzen dela leku askotan frogatua dago. Eta gurean ere bai. Partez, horregatik lortzen dira PISA eta beste kanpo ebaluaketetan emaitza nahikoa onak, inguruko elebakar sistemetan baino hobeak, askotan. Konponbidea ez dago maila apaltzean, eta are gutxiago berdintasuna ezartzean. Daukagunarekin lortutakoa kontuan izan, eta ahal den heinean beti pixka bat gehiagoren printzipioa erabili beharko litzateke hezkuntzan ere. Jakina, eta hau da gure hezkuntza sistemaren sendotasun handi bat, gurasoen borondatean oinarrituz. Eskolarekin jarraituz, eta erabileraren garrantzia eta baldintzak gogoratzen direnean, hau esaten da: "erabiltzeko borondatea eta erabiltzeko aukera. Bi faktore hauek eskolaz haratagoko faktoreak dira, eskola barruko lau hormen artean itotzen ez diren faktoreak alegia". (36.or).

Badirudi, euskarari eskolatik ateratzea komeni zaiola ito ez dadin. (?) Badakigu eta behin eta berriro esaten da, txostenean eta beste hainbat lekutan, eskolak bakarrik ez duela euskararen auzia konponduko. Eta hori egia da. Beste gauza bat da ordea, eskolatik kanpo balego, ez hain aspaldi zegoen bezala, gauzak hobeto egongo liratekeela pentsatzea. Arinkeria hau ez dut uste euskararen erabileraren alde dagoen inoren buruan egongo denik, baina aurreko baieztapena horrela ulertzea ere posible da, eta niri behintzat oso desegokia iruditzen zait.

Eskolatik irtenda, edo lagun artean euskararik egiten ez bada ez da euskara eskolan sartu delako. Eskolan ere egoera horren aurka zerbait egin liteke, eta erronka handia daukagu hor irakaskuntzaz arduratzen garenok.

Antzeko zerbait esango nuke "hizkuntza naturala gaztelania" duten ikasleez jardutean esaten denari buruz. Gauzak lasai esateko aukera izan behar dugu, baina gauza hauek ez dira zuzenak eta euskarari kalte handia egiten dio, behin eta berriro euskara ez naturala, beraz artifiziala dela baieztatzeak. Ikasle batzuk edo askok euskaraz nahikoa erosotasunarekin hitz egiteko gaitasunik ez dutela lortu, ados, jar gaitezen zer egin behar den pentsatzen. Maila bereko ingelesa ikasi izan balute ikasle horiek lortutako gaitasuna artifizialtzat joko ote genuke?

Hizkuntza kontuan jarrerek eragin handia dute hain zuzen ere erabileran, beraz, edozein gauza ezin da esan, kontrako jarrerak oso erraz indartzen baitira, eta gutxiago euskararen erabilera areagotzeko ahaleginetan bagabiltza.

Lehen ere aipatu dut gaizki egindakoaren kulpa ageri dela behin eta berriro. 37-38. orrialdeetan hauxe esaten da: "Hori (atxikimendua) lortzeko balio ez duten neurriak, edo zenbait herritar euskaratik uxatzen dituzten jarduerak, borondaterik onenez bultzatuak izan arren, ez dira euskararentzat onuragarri. Horretan ororen gainetik pragmatikoa izan behar du hizkuntza politikak (...)". Neurri horiek zehazten ez badira, zertaz ari garen ez badakigu, gaizki eginaren susmoa besterik ez da geratzen.

Oso anbiguoa, egia esan ulertezina, gertatzen da ondoko beste baieztapen hau ere:

"Euskararen etorkizuna bermatzeko bidean, seguruena, hazkundea ahalik eta modu naturalenean gertatzea dela uste dugu". (38.or.) Zer esan nahi da? Zein hizkuntza-politika da naturala? Zer da artifiziala euskararenean egin dena eta zer da saihestu behar litzatekeena?

Uste dut gure ikasle askok adierazten duten atxikimen falta, edo gaztelerara igarotzeko joera hobeto aztertu, eta joera hori aldarazteko bitarteko baikorrak bilatu beharko liratekeela. Eskola, berez, ez da arduraduna. Eskolan zer eta nola jardun dugun jakitea garrantzitsua da, baina euskara eskolatik ateratzeak ez digu euskarazko erabilera ekarriko, hori ere argi dago.

Hizkuntza handiek, gaur egun, ez daukate eskolaren beharrik belaunaldi berriek hizkuntza horiek ikasi eta gara ditzaten. Gure artean ondo frogatua dago eskolan gaztelera erakusteko ezer gutxi egin arren, gaztelera besterik egiten ez duten ikasleen adinako maila lortzen dela hizkuntza horretan. Ikusi bestela EIFE edo PISA ebaluaketetako emaitzak. Eta gauza bera frogatu da ingelesarekin Kanadan eta beste leku batzuetan. Kontua euskara bezalako hizkuntza gutxituena da. Horiek, gure giza inguruetan behinik behin, eskolaren babesik gabe ez daukate etorkizunik. Eskolan egiten dena, beraz, oso garrantzitsua da, eta eskolari oro har kulpa eman baino eraginkorragoa iruditzen zait eskolan hizkuntzaren irakaskuntzan egiten denaren azterketa sakona eta ikerketa gehiago egingo balitz.

Militantismoaz eta boluntarismoaz hitz egiten da behin baino gehiagotan. Lehenengoa beharrezkoa omen dugu, baina bigarrena kaltegarria omen da (43. or.). Garbi ote dago bataren eta bestearen atzean ulertzen dena? Zentzu berean, eta lehen ere esan dut, errealitatea aipatzen denean, oso zehaztasun gutxiko kontzeptua erabiltzen dela iruditzen zait. Eta zehaztasun kontzeptuala gora-behera, uste dut kaltegarriena ezkortasuna, egindakoaren kulpa, zalantza antzua eta desanimoa sortarazten duela diskurtso honek. Ez baita irtenbiderik proposatzen, ez da eginkizun konkreturik adierazten. Seguruenik gauzak hobeto egin zitezkeen, baina gaizki egindakoa zehaztu egin behar da konpondu nahi bada. Bestela, kritika lauso honek ezkortasuna besterik ez dakarrela iruditzen zait.

"Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu hizkuntza politika batek, hemen zein nonahi, lehenik eta behin, helburuen artean bat duela lehena eta oinarrizkoena: erakundeek unean uneko hizkuntza errealitatera egokitu behar dituzte nahitaez hizkuntza politikaren gainean hartzen dituzten erabakiak. Horrez gain, hizkuntza politikak izan dezake -eta gure ustez izan behar du- hizkuntza indartzea ere xede". (45. or.).

Paragrafo honetan ez dakit zer esan nahi den, baina badirudi hizkuntza indartzea bigarren mailako xedea dela eta garrantzitsuena berriz, errealitatera egokitzea. Nahi gabe gertatutako zentzugabekeria dela pentsatu nahi nuke.

Aurreraxeago, eta 1982ko legea aipatuz, gizarte-baldintzak aldatzen ari direla eta "akaso" aldatu beharko dela (lege hori) adierazten dela dirudi. Lege horren inguruan gogoeta egitea komeni dela, haren inguruan sortutako zenbait gaizkiulertu argitu beharra ere aipatzen da, eta "elkarrizketaren bidez aurreratu beharko da zein irizpide, oinarri eta printzipio diratekeen gaur-biharretako adostasunerako baliagarri". (46.or.) Hasteko, lege horrek lortu zuen adostasuna kontuan hartzetik abiatu behar litzateke, eta gaizki ulertuak zeintzuk diren ere jakin beharko genuke zuzendu ahal izateko. Bestela, behin eta berriro adierazten ari naizen ezkortasuna, egindakoaren zilegitasun eza indartu nahi dela dirudi. Diskurtsoak, testu honek, alderantzizko tonua beharko lukeela iruditzen zait. Baikortasunaren aldeko apustua, alegia.

Errealitateaz eta boluntarismoaz berriro jarduten da 51. orrialdean eta hau esaten: "euskal hiztun-erkidegoa indartu nahi badugu, ezin dugu neurririk gabe bultzatu euskara hedatzeko nahia (kuantitatiboa), besteak beste, halako politika batek hiztunen ahulezia kualitatiboak areagotuko lituzkeelako (ereduari, zuzentasunari eta kalitateari dagokionez) eta euskarak etorkizunaren aurrean dituen arriskuak bistaratuko. Testuinguru horretan euskara hedatzearen aldeko politika neurtu egin behar dugu, hiztun-elkartea bera ahuldu nahi ez badugu". Hemen esaten denaren atzean ere boluntarismoa ez dakit baina oinarri objektiborik gabeko iritzi kontua besterik ez dela esan behar da. Nork, non eta nola frogatu du kantitatea gehitzeak kalitatea eskastea dakarrela? Ze kalitatez ari gara? Beste gauza guztien gainetik erabileraren alde egiten bada, hemen esaten denak ez dauka zentzurik. Gaztelera edo frantsesa ezin ikasian dabilen etorkinari nork esaten dio hobe dela gazteleraz edo frantsesez ez hitz egitea hizkuntza horien kalitatea kaltetua gertatuko delako?

Gure artean ere, ohartzen ez garen hizkuntza gutxituekiko jarrera ezkorrek gehiegi agintzen dutela dirudi.

Eta boluntarismoaren aurkako diskurtsoa, jarduera zehatzetara heldu gabe, lehen ere esan dut, guztiz antzua iruditzen zait. Zertan laguntzen digu? Non dago muga borondatea, borondate ona, militantismoa eta boluntarismoaren artean? Nor da gai hau borondate onez egindakoa, eta bestea, berriz, boluntarismoaren ondorio dela bereizteko? Antzua ez ezik kaltegarria ere ikusten dut. Eta kontraesanera ere oso erraz eraman gaitzake. Adibidez, 53. orrialdean hauxe esaten da: "Euskaratik urrun dauden herritarrak pixkanaka euskarara erakartzen saiatuz, euskara aukera berrietarako leiho atsegin, aberats eta erakargarri moduan azaltzea nahi dugu". Hau ez al da boluntarismoa? Azken muturrera gauzak eramanda, politika, bere esanahirik txukunenean, alegia gizarte hobeago bat egiteko ahalegina bezala ulertzen badugu, ez al da boluntarismo kontua?

Lehen aipatu den kalitatearen kontua ageri da berriro ere 59 eta 60 orrialdeetan. "(...) hiztun kopurua haztearen eta belaunaldi berrietara hedatzearen ondorioz hizkuntzak puntu honetan bidesaria ordaindu beharko du. Nolanahi ere, erabilera areagotzen den neurrian eta esparru ugarietara zabaltzen den heinean, espero liteke hizkuntzaren kalitatea hobetu eta hizkera eta esapide eredugarriak azaleratuko direla". Esaldi hauen atzean dagoen jarrera preskriptibista oso ezkorra da. Jarrera guztiak bezala, oso eraginkorra, baina jakina, oinarri objektiborik gabea. Nola neurtzen da hor aipatzen den ordaindu beharreko bidesaria? Kalitatea neurtzea ez da erraza, eta gure artean gehien bat bakoitzak bere buruan duen kalitate neurria erabiltzen du guztiz objektiboa dela pentsatuz. Nolanahi ere, hemen esaten denari erraz eman dakioke buelta. Konpara ditzagun adibidez, gai beraren inguruan orain hogeita bost urte idatzitako zerbait eta gaur eskuartean dugun txostena. Eskasagoa ageri al zaigu gaurkoa?

Iritzi testu bat da eskuartean duguna eta iritziak ez datoz beti emaitza ziur eta zuhurretan oinarrituak. Nahi duenak nahi duena esateko eskubidea du, baina gurea bezalako egoeran dagoen hizkuntza politika kontuz ibili beharrekoa dela uste dut. Ezin dira usteak egia oso bezala zabaldu, bereziki helburu orokorrari begira kaltegarri izan badaitezke.

Irakaskuntzak izan duen garrantziaz eta bilakaeraz, berriro dihardu txostenak 60. eta hurrengo orrialdeetan. 1982ko legearen garapenari zor zaion emaitza dela gogorarazten da, nire iritziz, zentzu onean gehien bat. Halere, bilakaera baikor horren zergatiak laburtzerakoan, 61. orrialdean, hiru gauzetan oinarritzen da aipatutako eraginkortasuna: "gurasoen eskubidea hizkuntza aukeratzeko haien seme-alabak hezi daitezen", guztiz ados, hauxe baita oraindik ere indarrean dagoen legearen sendotasun handienetarikoa. Aipatzen diren beste bi arrazoiak hauek dira: "eskola-erkidego bakoitzaren hezkuntza-proiektuan jasotako hizkuntza-helburuak, eta ofizialak diren bi hizkuntzetan derrigorrezko eskolaldiaren amaieran lortu beharreko gutxieneko komunikazio-gaitasuna". Bi printzipio hauek oso garrantzitsuak dira irakaskuntzaren plangintzan, hor ez dago dudarik. Halere, nik dakidala, printzipio hauek ez dira ebaluatu. Ez dakigu ondo zergatik gertatu den eredu elebidunagoen alde gurasoek egin duten apustua. Hipotesiak baditugu, eta azken arrazoi bi horiek ere maila horretan jarri behar dira. Gurasoen adostasunaren printzipioaren mailarik ez dute.

Aipatzen den arrakasta azaltzeko beste hipotesi hauek ere baditugu: adibidez, zenbat eta elebidunagoa bihurtu nahi den eskola, eta ingurugiro batzuetan besteetan baino zailagoa da lorpen hori, orduan eta irakasle eta eskola-erkidego osoaren ahaleginak handiagoa izan beharko du. Euskara bezalako hizkuntza bat tarteko delarik eskola elebiduna edo eleanitza egin nahi izateak oso jardun sendoa eskatzen du: plangintzan, programazio integratuak bideratzen, irakasleen arteko koordinazioa dela, gurasoen parte hartzea bultzatu behar dela,... Guzti horrek eskola osoaren hobetzea dakar, jakina helburuak arduraz hartzen badira. Bestela esanda, euskaraz eta beste hizkuntzetan ere emaitza onak lortzeak hezkuntzaren beste alor guztietan ere hobekuntza dakar. Gurasoek eredu euskaldunagoen alde egin badute, batez ere euskara kalitatearekin lotu dutelako izan dela esango nuke. Gaurko legea, horregatik da oso eraginkorra, eta ez litzateke besterik gabe aldatu behar, lehen ere esan ditugun arrazoiengatik.

Eremu berean, eskolarenean beraz, xede-hizkuntzarekiko atxikimena eta adierazkortasuna lotzen dira. Baliteke bietan ahalegin berezia egiteko beharra egotea. Baina ez lirateke lotu behar. Gauza bat da atxikimendua eta bestea adierazkortasuna. Lehenengoa neurtzeko hainbat aurrerapen egin da, baina bigarrena ez dakigu nola neurtu, gehien bat, horrekin zer esaten den argi ez dagoelako. Edo bestela, adierazkortasuna esaten ari garenean hizkuntza ezagutzaz ari gara, eta hori neurtzen ere zerbait ikasi dugu.

Adierazkortasuna, maila bat gorago egongo litzatekeen hizkuntza gaitasuna bezala agertzeak, baina nola neurtu ez adierazteak, iritzia ematen duenaren prestigioaren baitan (kasu honetan Eusko Jaurlaritzak bideratutako txostena!) uzten ditu gauzak. Hori bidezkoa ez izateaz gain ez dirudi batere eraginkorra denik.

Ados nengoke hurrengo paragrafoetan (62. orrialdean) esaten denaz: "hiztunen adierazkortasunari eta egokitasunari bainoago gramatika arauak baliatzeari eman zaio askotan lehentasuna"; "gramatikakeriaren morrontzak" ere aipatzen dira, eta aipatu beharra dago, iritzia pixkaka aldatzen joan dadin, baina berriro ere, lehen bezala, neurtu ez daitezkeen baieztapenetan gaude. Nola lortu, bestela esanda, lasaitasunez hitz egitea "gainetik autoritate linguistikoaren arnasa sentitu gabe?" Esatea bada zerbait, baina konponbidea, berriz ere, erabilerak berak dakar. Hori bai, "komisario linguistikoen" lana apur bat zokoratzea ez letorkiguke gaizki. Eta uste dut, zorionez, informatikaren eraginez erabilera askoz askeagoak agertu direla, eta horiek bultzatzeak ere lehentasuna izan beharko lukeela euskararen erabilera bultzatzeko ahalegin hauetan.

Administrazioko euskararen erabilerari dagokionez, (64-65.or.) itzulpengintzak normalizazioan izan dezakeen eragina zalantzan jartzen da, batetik, eta bestetik, batez ere erabilera bultzatu beharra, jardun-eremuak identifikatuz, horietako langileen hizkuntza-trebakuntza lehenetsiz eta nola edo hala euskaraz egiten den guztia, gutxi izan arren asko izan daitekeela gogoratuz. Bigarren alderdiarekin ez dago zalantzarik. Lehen ere esan dut, hori da egokiena iruditzen zaidan jardunbidea. Itzulpengintzari dagokionean, ez dut uste hain erraz baztertu daitekeen kontua denik. Beste gauza batzuen artean, itzulpengintzari esker euskara idatzian izugarrizko aurrerapena gertatu delako. Beste alde batetik, badirudi hemen ez dela kontuan izan, hain zuzen ere Administrazioko euskara eraberritzeko eta gazteleraren morrontzatiko itzulpenetatik aldentzeko, IVAPen laurogeita hamarretan egindako ahalegina. Badirudi ekimen haren eragina ez dela handiegia izan, nahiz eta nire ustez guztiz irizpide zuzenekin egin zen. Harrigarria da, esate baterako, gure unibertsitatean behin eta berriro erabiltzen ditugun agiri eredu ilun eta ulertezinak, erabat gazteleraren morroi direnak, oraindik ere zuzendu gabe agertzea, nahiz eta lehen esandako IVAPeko proposamen haietan oso printzipio zentzuzkoak, eta ereduak ere bai, nahikoa sinpleak eta garbiak, eskura jarri ziren. (Administrazio idazkiak, 1994; Argi idazteko bideak, 1996, Argiro, 1997, eta IVAPeko estilo liburuak, 2005, liburukiak lekuko).

Euskararen erabilera areagotzeko politikan interesgarriak iruditzen zaizkidan beste kontu batzuk

Badira zenbait gauza euskararen erabileran, zuzenean ez bada ere, eragina garrantzitsua dutenak. Jarrerei buruz ari naiz. Euskararen alde egiteko ahalegina areagotzea dakarten ekimenak ditut gogoan. Inori kalterik egin gabe eta inoren kontra egon gabe, euskararen aldeko jarrerak indartzeko baliagarriak diren ezagutzak plazaratzea beharrezkoa iruditzen zait.

Bat. Euskararen alde, alegia arriskuan dagoen hizkuntza baten erabilera areagotzearen alde, egiten dena denona den ondare kulturaren aldeko ahalegina da, ez euskaldunen aldekoa soilik. Hizkuntza bat, edozein hizkuntza, eta hizkuntza guztiak dira aberastasun kulturalaren adierazgarri bikainenak. Beraz, haiek gal ez daitezen egiten den oro kultur ekarpen bezala aitortu eta bultzatu behar litzateke. Esan behar da baita ere hizkuntza gutxitu baten alde egiten denak ezin duela handia eta haren erabilera kaltetu, baina alderantziz bai. Eta hori ondo dakigu eta salatu bekarrekoa da. Hizkuntza handiak berez, politika berezien beharrik gabe garatzen diren arren, politikak badituzte eta oso indartsuak gainera! Alabaina, euskararen alde egiteak ez dakar erdaren kontra egitea, ez eskolan ez beste eremuetan. Bestalde, txikien alde egiten den guztia da gehitzea norbanakoarentzat eta taldearentzat.

Bi. Euskararen aldeko legea eta haren garapenak eskatzen duen sustapena egon delako lortu dela euskalgintzan lortu den asko gutxiegi aipatzen dela txosten honetan iruditzen zait. Legearen gaizki ulertuak, sortarazi dituen balizko arazoak gehiagotan ageri dira legeari esker lorturakoaren baieztapenak baino. Aurrerapenak bere kabuz gertatu direla dirudi batzuetan. Alderdi horiek ezin direla ahaztu, ez albora utzi edo arindu iruditzen zait, aurrera egiteko gaizki egindakoa zuzentzeak bezainbat edo gehiago balio baitu ondo egindakoaren barne-indarrak. Maila indibidualean autoestimaz esaten dena talde-ekimenari ere ezarri dakioke.

Hiru. Euskara sinbolo bat ere badela esaten denean ez da identitate konturik aipatzen eta ezin dugu ahaztu, lehen esan dugun bezala, euskarak beste hizkuntza guztiak bezala norbanakoarentzat eta hiztun komunitatearentzat identitate balioa duela. Bestela ezin uler daiteke euskara eta beste hizkuntza asko gaurdaino bizirik heldu izatea. Lehen ere esan dugu identitateak ez duela, derrigorrez, bakarra izan behar. Gehiago esango genuke, anizkoitasunean bizi garen heinean askotariko identitateak besarkatzeko gaitasuna ere badaukagu eta guretzat bezala edonorentzat litzateke hori ona.

Lau. Eskolak euskararen ezagutza mailan egindako ekarpenak behin eta berriro aitortzen dira, eta egin behar da. Ez da esaten aldiz, eta horren zenbait froga badago, eskola euskalduntzeak haren hobekuntza ekarri duela, alegia, euskara irakasteaz gain, eta hura erakutsi behar izan delako, hobetu egin direla eskolaren hainbat arlo. Hobekuntza horiek, jakina, behin betiko lorpenak ez dira, eta eten gabe sustatu eta elikatu beharrekoak dira, lortutakoa galdu nahi ez bada. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza arloan egindako eta egiteke dagoenaren azterketa zehatza, erakunde hori baita erabileraren baldintza nagusiena, ezagutza alegia, ziurtatu dezakeena.

Bost. Ebaluaketaz gutxiegi hitz egiten dela iruditzen zait. Neurketa, datuen bilketa, jarraipen zehatza eta ikerketa bultzatu beharra gehiago azpimarratu behar litzatekeela esango nuke. Politikak adostasuna, eztabaida eta autokritika beharko ditu, baina batez ere hainbeste hitz egiten den errealitate horri buruzko datu zehatzak behar ditu erabakiak hartzeko.

Sei. Euskarak Estatuan, eta erkidegoan bertan ere duen presentzia eskasa askotan salatu izan den kontua da. Txosten honetan ez da gehiegi agertzen arazo hau. Aldiz, hizkuntza politikaren adierazgarri bat bada zenbateraino ageri den edo ez komunikabideetan, lan munduan, merkataritzan, politikan, eta kultur ekimenenetan oro har. Ondo dakigu euskara, gure altxorrik preziatuena dela, baina bestelako altxorrei gertatzen zaienaren kontrakoa gertatzen zaio hizkuntzari, gordeta jasotzen bada galdu egiten da!


(ITZIAR IDIAZABAL GORROTXATEGI Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologiako irakasle katedraduna da)

  • Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com