
Azken zenbakia
BAT 71. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren omenez
I. ATALA. Txillardegiren lanaren omenez
MARIA-JOSE AZURMENDI. TXILLARDEGIREN OMENEZ: AITORTZAK ETA GOGOETAK
Bere izenburuak dion bezala, Maria-Jose Azurmendik aitortzak eta gogoetak biltzen ditu artikulu honetan. Aitortzak, ibilbide luzean aspaldidanik elkar topo egin baitute euskararen hainbat eremutan, irakasle, zein ikerle arlotan. Baina bereziki aitortza BAT Aldizkariaren bilakaeran izandako eraginagatik, sortzeko izandako indarragatik eta zuzendaritza-lanetan lekukoa emateagatik.
Eta gogoetak, Txillardegiren soziolinguistikara egindako ekarpenek, oraindik orain zer pentsatua ematen baitute, batez ere eredu matematikoaren inguruan hain eguneko dugun euskararen erabilera aztertzeko orduan. Maria-Jose Azurmendik euskararen kasurako elebitasun instituzional eta soziala sailkatzen du sinkronikoki eta diakronikoki eta normalizaziorantz joateko irizpideak proposatzen ditu. ______________________________________________________________________
XABIER ISASI. EUSKARAREN ERABILERA AZTERTZEKO OINARRI ZIENTIFIKOAK
Aitortza eta omen biografikoa eskaini dio Xabier Isasi irakasleak Txillardegiri artikulu honen lehen partean, haren formazio zientifiko eta humanistiko handia aipatuz, ezagutza filosofikoa eta antropologikoa azpimarratuz, hizkuntzalaritza arloko ekarpenak eta idazle berritzaile izaera nabarmenduz, besteak beste. Nolanahi ere, artikuluaren muina “behar bezalako arrakasta izan ez duen Txillardegiren soziolinguistika matematikoaren ekarpena” da, haren garrantzia indartu nahi du, teoria horren kontzeptu eta ekarpen nagusienak berriro gogora ekarriz: hizkuntzen arteko ukipen egoeraren inguruko zehaztasunak, hizkuntza gutxituaren erabilera-mugak, edota haren probabilitate-maila funtzio matematikoaren bitartez azalduta. Bateraezintasuna, isotropia eta anisotropia kontzeptuak ere azaltzen ditu soziolinguistika matematiko aplikatua birplanteatzeko. ______________________________________________________________________
IMANOL ESNAOLA. TXILLARDEGI GLOTOPOLITIKAN
Imanol Esnaolak Txillardegiren alderdi intelektual “deserosoa” azpimarratu nahi izan du omenaldi honetara bildutako artikuluan. Deserosoa, bere ekarpenaren unibertso kontzeptuala ez baita leuna, gatazkatsua baizik; ekarpen gordina goi mailako izaera akademikoarekin jantzia eta eragiteko konpromisoari lotuta. Konpromiso horrekin bat, BAT aldizkaria bera sortu zuen Txillardegik, kanpoko eta bertako ezagutza zabaltzeko helburuarekin; dibulgaziozko lanaren bitartez, pentsamendua garatzeko; pentsamendua garatuz eragiteko. Horren lekuko “Flandria, Eire, Quebec, Katalunia, Suomi, Letonia, Lituania, Estonia... Txillardegiren geografia ezin zorrotzago hautatu”aren egoera soziolinguistikoa geureganatzea. Ezagutza eta garapen intelektualaren bitartez “Txillardegik asto eta guzti aurrera egiteko bidea erakutsi du, lastoa eta bihia bereizten irakatsiz”. Txillardegiri zor zaion aitortzaren beharrarekin ixten du artikulua egileak. ______________________________________________________________________
PILARTXO ETXEBERRIA: EUSKAL HERRIA ETA EUSKARA
Pilartxo Etxeberriak Txillardegiren euskal fonologia, prosodia eta ahoskera batuaren inguruko ekarpenak bildu ditu hemen. Nolanahi ere, aurrez egindako hainbat lanaren aipamen laburrarekin hasten du artikulua, hizkuntzari buruzko hainbat gogoetaren berri emanez, hizkuntzaren aldakortasunaren inguruan, garbizalekeriaren aurka eta gehiegizko interferentziaren aurka “Hizkuntza eta pentsakera” (1966) artikulu ezaguna gogora ekarrita.
Fonetika eta fonologia esparruan, XX. mendeko hizkuntzalaritzaren ildotik, estrukturalismotik eta generatibismotik eginiko Txillardegiren lanak aztertzen ditu ondoren: Txillardegik Ahoskera Baturako 1978. urtean egindako proposamen aipagarrienak gogoratzen dira artikuluan, non azpimarratzen zen erdarek euskararen fonetika eta fonologian duten eragin handia. Ondorengo lanak, Euskal fonologia (1980), 1981ean “Euskalkien Fonetika eta Euskara Batua” izeneko artikulua eta Euskal azentuaz (1984) mugarri izan dira euskal hizkuntzalaritzan. Azkenik, ahoskera zainduaren ingurukoak ere izango ditu mintzagai Etxebarria irakasleak, alde batetik, Euskaltzaindiari “euskal ebakeraz” hartu beharreko erabakiak har zitzan egindako eskaera gogoratuz, eta, bestalde, 1998an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua onartzeko orduan izandako eragina azpimarratuz. ______________________________________________________________________
JACQUELINE URLA. HIZKUNTZA ETA NORTASUNA TXILLARDEGIREN LANEAN: ONDARETIK PRAKTIKARA
Nazionalismo zibiko eta etnikoen arteko banaketa tradizionaletik haratago J. Urla antropologoak erakutsi nahi du Txillardegirentzat hirugarren bide bat badela, pragmatikoa, eta hor, nazioko kide edo partaide izateko irizpideak ez datoz jaiotzatik (nazionalismo etnikoa) ez sinesmen soiletik (zibikoa), “baizik eta euskara hitz egitetik”.
Frankismo garai gogorretan, Txillardegi gaztearentzat euskal nortasuna eta nazionalismoa elkartuta, euskaraz hitz egitea (benetan) abertzale izateko modu bat zen. Eta areago, euskaraz hitz egitea euskaldun bihurtzeko eta naziogintzan parte hartzeko modu bat. Euskal nazionalista berriek, gero eta gehiago definitu zuten nazioa entitate etnolinguistiko gisa, nahiz eta desberdintasun oso inportanteak egon ziren. Desberdintasunak hizkuntza eta nortasuna kontzeptualizatzeko orduan sortu ziren. Jacqueline Urlak artikulu honen bitartez Txillardegiren ikuspuntu pragmatikoa berrikuntza teorikotzat hartzea proposatzen du eta ez “slogan politiko” soiltzat, gaurdaino nagusiki hartu izan den moduan, hizkuntzaren eta nortasunaren arteko harremanak aztertzen baititu. ______________________________________________________________________
JOXE MANUEL ODRIOZOLA. TXILAR SORTA BAT
“Herri zapalduen askapenetan era askotako aitzindari eta buruzagiak ageri zaizkigu historian. […] Ez didazue ukatuko, hala ere, gauza bat behintzat: inork gutxik bete du orekaren soslai hori […] Txillardegik bete duen neurri eredugarrian abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren bide malkartsuetan. […] oso gutxi izan dira gure artean euskal herriaren alderdi etnolinguistikoa, etnokulturala eta etnonazionala hain modu orekatuan garatu dutenak. Txillardegi, alderdi horretatik begiratuta ere, aparta izan da, aparta da.” Hitz horiek nabarmendu ditugu Joxe Manuel Odriozola irakasleak idatzi duen artikuluaren lehen partetik, bere hitzek ezin hobeto erakusten baitute aitortzaren helburua: “Soziolinguistikaren larrean, sekulakoa izan baita bere ekarpena.”
Gainera inork baino hobeto erakutsi izan du Europako hainbat herrialdetako ereduen bilakaera, hor kokatzeko euskararen etorkizunean kontuan hartu beharrekoak: Irlandako ametsak eta esperientziaren berri eta haiei buruzko Txillardegiren iritzia, eta Galeseko eta Finlandiako kasuen inguruan irakaspenak, alderdi nazionalisten jokamoldea gogoratuz kasu horietan guztietan. Artikuluari amaiera emateko, Odriozolak herrialde horien egoeren azterketaren haritik Txillardegiren hainbat ondoriorekin borobiltzen du artikulua. ______________________________________________________________________
PAULO AGIRREBALTZATEGI. GIZON BEGI-GORITU
Elorri poema-liburuan Bitoriano Gandiagak Txillardegiri eskainitako olerkiak, hobeto esanda, Txillardegiren Leturiaren Egunkari Ezkutuari eskainitako olerkiak Gizon begi-goritu du hasiera. Paulo Agirrebaltzategik Gandiaga eta Txillardegiren arteko harremana gogoratzen du artikulu honetan.
Joaterik izan ez arren, Arantzazuko Euskaltzaleen Biltzarrean (1956) Txillardegiren eragina eta iritziak ezagutu zituen Gandiagak bidali zuen “Karta idigia” gutunaren bitartez: euskararen galera handiari aurre egiteko hartu beharreko bidea: a) euskaldunen lana, b) amateurismoa eta anarkia gainditzea, c) garbizalekeria baztertzea, eta euskararen aldeko proiektuak indartzea; gutxiengo bat prestatzea, euskara gaitzea, batzea eta osatzea…
Nolanahi ere, Paulo Agirrebaltzategi irakasleak Txillardegiren lehen nobelak Gandiagari eragin zion zirrara aztertu du artikulu honetan. Izan ere, oro har, emozio handia piztu zuen euskal irakurleen artean Leturiaren Egunkari Ezkutuak, eta Gandiaga, bera, “zinez identifikatuta sentitu zen Leturiaren bizigura eta “zorion-min” bete ezinarekin; ez hori bakarrik: euskararen eta Euskal Herriaren arazoari buruz ikuspegi “agonikoa” du Gandiagak, Txillardegik bezala. Eta, hala, Gizon begi-goritu poema. Oso interesgarria da bi idazle handi horien arteko parekotasunez haratago Agirrebaltzategik azaleratze duen aldea: “Bizimina, tristura eta oinazea bakarrik idazten du Leturiak; leku nabarmena dute horiek Gandiagaren poesian ere, baina bizipoza kantatzen batez ere. … Gandiagak badu tristurarako joerarik; baina ilunak tristetzen duen baino gehiago alaitzen du argiak”. ______________________________________________________________________
II. ATALA: Txillardegiri eskainitako lanak
ERRAMUN OSA. EUSKARAREN EGOERA IPAR EUSKAL HERRIAN
Maiz aipatzen dira Ipar Euskal Herriko euskararen ahuleziak: elebidunen gain-behera, familiako transmisioaren hutsuneak, erabilera mugatua, nortasun kolektibo bikoitza, ofizialtasunaren falta. Halere, 2006ko inkestak indargune itxaropentsuak agertzen ditu: Iparraldean dago euskara lehen hizkuntza duten hiztunen ehuneko gorena eta herrialde euskaldunenak, transmisioa hobetuz doa guraso gazteekin, lehen aldiz adin tarte gazteena zaharragoa baino euskaldunagoa da, euskararen ikaskuntza gorantz doa. Euskararen aldeko motibazioa kartsutasun handikoa da. Asmatzekoa da herritarrek parte hartuko duten erakunde ofizialek martxan ezartzen duten hizkuntza politika ausartean, hain zuzen lurralde hizkuntzak Errepublikaren Konstituzioan sartu diren momentu honetan. ______________________________________________________________________
AINHOA BEOLA. TXILLARDEGIREN OMENEZ
Txillardegiren donostiar izaera abiapuntutzat hartuta, euskarak hiri horretan duen presentziaz eta euskararen normalizazioa erdiesteko egiten direnaz aritzea erabaki du Ainhoa Beolak, Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren izenean.
Donostiako hizkuntzaren inguruko datuak eman ondoren (euskararen ezagutzaren eta ikastetxeetako matrikulazio-datuak, besteak beste) Donostiako Udalaren Euskararen Ekimen Estrategikoak lortzeko Plan Orokorraren helburuak eta ekimen estrategikoak azaltzen ditu, aurrerantzean eman beharreko urratsak zehaztuz, batez ere, euskalduntze-prozesuari, sentiberatasunari eta erabilera indartzeari dagokienean. ______________________________________________________________________
FELI ETXEBERRIA. GAZTE UNIBERTSITARIOEN BIZIPENAK HIZKUNTZA IKASKUNTZAN
Artikulu honetan aurkezten den ikerketaren abiapuntuan hizkuntzak ikasteko prozesuen bizipena aztertu nahia dago. EHUko Pedagogia eta Psikopedagogia ikasten duten 140 ikasleren idatzizko kontakizunak oinarri hartuta burutu da lana. Kontakizun horietan ikasle bakoitzak hizkuntzak ikasteko prozesu pertsonalari buruzko diskurtsoa idatzi zuen, arlo jakin batzuk nabarmenduz, hala eskatuta: norberaren hizkuntza.-testuingurua, eskolan izandako ikaskuntza esperientzia, ikasteko modua, hizkuntzen balioa eta abar. Kontuan hartu diren dimentsioak, horrenbestez, norberaren etxean hitz egiten diren hizkuntzak eta eskolako hizkuntza-eredua izan dira. Aldi berean, edukiak aztertzeko garaian baliaturiko irizpide nagusiak hizkuntzen ikaskuntza-prozesuaz nola mintzatzen diren, hizkuntzak ikasteko motibazioa nola azaltzen duten eta hizkuntzekiko sentimenduak kontuan hartu dira. ______________________________________________________________________
IÑAKI GAMINDE. HIZTUNEN GENEROAREN ETA ADINAREN PERTZEPZIOAZ
Lantxo honetan hiztunen generoaren eta adinaren ezagutzan erabiltzen diren korrelato akustikoen azterketa egiten da. Horretarako pertzepzio eremuan egindako esperimentu baten emaitzetan oinarritu da bereziki egilea. Oinarria hori izanagatik ere, beste zenbait azterketa akustikoren emaitzekin hornitu du analisia. Aurkezten den lana prosodiaren esparrukoa bada ere, azterketa akustikoa eta pertzepzioa aldagai sozialekin batzen ere ahalegindu da. ______________________________________________________________________
XABIER ELORTZA, ALEX MUNGIA, NEKANE GOIKOETXEA, IÑAKI PICABEA. EUSKARAREN TRANSMISIOA FAMILIA BIDEZ INDARTZEKO TAILER PILOTUA BURUNTZALDEAN
Gipuzkoako Buruntzaldeko udalek (Andoain Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) abian jarri dute “familia bidezko hizkuntza transmisioa indartzeko plana”. Egitasmo honek, besteak beste, gurasoek hizkuntza-transmisioari buruz dituzten uste, sinesmen eta portaeren arteko koherentzia lortzea du helburuen artean. Argi dago guraso diren gehienek bat egiten dutela euskararen berreskurapen nahiarekin. Gainera, beren seme-alabak eleanitzak izatea nahi dutela jakina da. Baina hori lortzeko ez dituzte askotan portaerak helburuekiko lerratzen.
Artikulu honetan, Buruntzaldeko Udalek bideratutako egitasmoaren barruan Andoaingo Aita Larramendi ikastolan burutu den tailerraren nondik norakoa biltzen da. Tailer horretan, adimen emozionalaren lanketa eta familia barruko euskararen erabilera areagotzeko esku-hartzea uztartzen saiatu dira egileak. .______________________________________________________________________
PELLO JAUREGI, PABLO SUBERBIOLA. HIZKUNTZA-ALDAKETA BIKOTEEN HARREMANETAN: IKUSPEGI TEORIKOA ETA IKERKETAREN ONDORIOAK
Artikulu honetan hizkuntza-ohituraren fenomenoa, eta ohitura horien aldaketak ikertzeko oinarri teoriko bat deskribatzen da lehenik, eta, ondoren, oinarri hori erabiliz eginiko ikerketa baten ondorioak laburtzen dira (Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa ikerketa-lana).
Oinarri teorikoan gizakien harremanak eta ohiturak ikuspegi sistemiko batean kokatzen dira. Gainera, sistema horien hainbat ezaugarri deskribatzen dira: sistemek elkarrekintzan egiturak sortzeko duten joera –eta beraz ohiturak-, sentimenari loturiko alderdien eta geruza arrazionalaren mailakatzea, eta aldaketa sistemikoen eta ez-sistemikoen bereizketa, besteak beste.
Bigarren zatian, ikerketaren emaitzetan, Euskal Autonomi Erkidegoko 27 bikotek beren ohiko hizkuntza-harremana gaztelaniatik euskarara aldatzeko izandako prozesuen bost gako azaltzen dira, eta baita prozesu horren araberako bikote horien sailkapena ere.