Bazkide motaren hautua: irizpideak

BAZKIDETZA MOTAREN HAUTURAKO IRIZPIDEAK:

Soziolinguistika Klusterraren garapenerako oinarria Bazkide Sustatzaileak dira, bai beren ekarpen ekonomikoagatik eta baita proiektuetan zein Klusterraren erabakietan izango duten inplikazioagatik ere. Zentzu horretan, Klusterreko bazkide egiten diren erakundeak Bazkide Sustatzaile dira lehentasunez, eta hala aholkatutzen die Zuzendaritza Batzordeak (ikus eranskina).

Dena den, Klusterrak aukera eman nahi die soziolinguistika arloko izaera, neurri, eta mota guztietako erakundeei bertako dinamikan parte hartzeko. Horrela, Bazkide Erabiltzaile izateko aukera dute egitura txikia edo behar adinako baliabide ekonomikorik ez duten erakundeek.

Nolanahi ere, erakunde berri batek denbora bat behar izaten du edozein elkarteren dinamikan txertatzen joateko. Bazkide berriek aukera dute, noski, zuzenean Bazkide Sustatzaile gisa hasteko Klusterrean. Bazkide Erabiltzaile gisa hastea nahiago dutenek, berriz, aukera dute urtebetez hala aritzeko, eta ondoren pasatuko dira Bazkide Sustatzaile izatera.

Urtebete igaro ondoren Bazkide Erabiltzaile izaten jarraitu nahi izanez gero (Bazkide Erabiltzaile modu iraunkorrean izan nahi dutenak, esaterako), dagokion erakundeak eskaera egin beharko dio Klusterreko Zuzendaritza Batzordeari Bazkide Erabiltzaile izaten jarraitzeko arrazoiak azalduz.

Klusterraren barruan kasu berezia dira pertsona fisikoak. Klusterreko bazkideak pertsona juridikoak dira oro har (mota guztietako erakundeak), baina pertsona fisikoek ere badute bazkide izateko aukera. Bazkide egiten diren pertsona fisikoak Bazkide Erabiltzaile dira.