Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa

grafikoak Ikusi Kale Neurketaren emaitza taula eta iruditan

 

Zenbat erabiltzen da euskara kalean?

 

Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik beste lautan errepikatu da: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an. Azken neurketan bezala, hemendik aurrerakoak ere bost urtean behin egingo dira (besteak beste, erroldako datuekin bateratze aldera). Hurrengoa, beraz, 2011. urtean egingo da. Neurketa horretan Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako herri guztietan eta hemendik beherako batzuetako kaleetan ematen den hizkuntz erabilera jasotzen da, hizkuntzaren egoera ahalik eta modurik errealenean ezagutzeko aukera ematen duen neurri bat eskuratzeko asmoz.

Orotara 250.000 hiztunetik gora behatzen dira kalean hizketan. 2006ko neurketan ikerketa sendotzeko hainbat aldaketa metodologiko egon ziren. Guztira 63 herri neurtu eta erabilera datuak fitxa bakarraren bidez jaso ziren (aurreko neurketetan ez bezala). Fitxa honen bidez hiztunen erabileraren datuak adinaren, generoaren eta haurren presentziaren eraginaren arabera aztertzeko aukera dago.

1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain EHko Kale Neurketa egitearen ardura. SEI elkartearen lekua Soziolinguistika Klusterrak bete zuen 2004. urtean. Aurreko neurketen metodologia eta esperientzia oinarri hartuta Soziolinguistika Klusterrak 2006an Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa egin zuen.

 

Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketa. Ondorio nagusiak.

  • Euskara gero eta gehiago erabiltzen da Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan dira.
  • Gehiago erabiltzen da, baina, oraindik ere minoritarioa da euska??†?½?N?Dl gizartearen zonalde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera iritsi dadin.
  • Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.
  • Oraindik ere, elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.
  • Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude
    • Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu du, eta erabilera % 33ra heldu da.
    • Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan.
    • Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez du etenik.
  • Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortu da; beraz, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. (Hurrenkera: haur, gazte, heldu eta adineko). Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (% 13,8).
  • Haurren presentziak nabarmen eragiten du euskararen erabileran, hau da, e??†?½?G??_??*lkarrizketetan haurrak tarteko direnean euskara gehiago erabiltzen da haurrik ez dagoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragina hori ahulagoa izan da 2006ean, 2001ean baino.
  • Sexuaren araberako emaitzei dagokionez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan (gainontzeko eremuetarako ez dugu lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek baino erabilera-maila hobeak azaldu dituzte.
  • Oro har, zonalde linguistiko guztietan erabilerak gora egin du, batez ere zonalde euskaldunenean, hau da, ezagutza % 75-100 bitarteko zonaldean.
  • 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten da euskara gehien (% 26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).
  • Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera % 2,3koa da.
  • Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da, egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.

BAT aldizkariko 64. zenbakian hainbat adituk emaitza guzti horiek aztertu dituzte. Era berean, ikerketa honen emaitza nagusiak gure webgunean daude ikusgai.