Soziolinguistika ikastaroak EHUren udako ikastaroetan

Kokapena

Soziolinguistika Klusterrak soziolinguistikari buruzko ikastaro interesgarri bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) XXVIII. Uda Ikastaroetako eskaintzaren barruan. Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian burutuko da ekainaren 22, 23 eta 24an.

 

Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak? Galdera hori izango du izenburutzat ikastaroak, eta “Komunikazioaren gizartea”, “aro globala”, “hedabideak”, “nortasunaren eraikuntza” eta “hizkuntzen industria” bezalako hitz gakoen inguruan jardungo du, soziolinguistikaren ikuspegitik. Nagusitzen ari diren gizarte aldaketei aurrea hartu nahian eta errealitate berriei begiratzeko, goi mailako irakasle taldea bilduko da.

 

Komunikazio molde berriak sortzen eta zabaltzen ari dira gaur egungo gizartean. Mugarik gabeko harremanak eta komunikazio masiborako aukera horretan, gizabanakoek eta komunitateek eroso egokitzeko ahalegina egin behar dute. Hizkuntza gutxituen komunitateen ikuspegitik ere, egungo baldintzetara egokitzea erronka nagusietako bat da.

 

Ildo horretan, ikastaroaren helburuak honakoak dira: komunikazio gizarte aroan euskal gizarteko jarrerak ezagutzea eta etorkizuneko jokaerak irudikatzea; kultur identitateen eraikuntzan komunikabideek duten papera aztertzea; euskara, gaztelania, ingelesa eta beste hizkuntzek duten eginkizuna eta, munduko joera homogeneizatzailearen aurrean, tokian tokiko hizkuntzen lekuaz eztabaidatzea.

 

Ikastaroan parte hartuko duten irakasleak honakoak dira:

Josu Amezaga (Euskal Herriko Unibertsitatea), Iban Arantzabal (Goiena komunikazio zerbitzuak), Igor Calzada (Nevadako Unibertsitatea), Elin Haf Gruffydd Jones (Mercator Minority Language Media Network), Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitatea- HUHEZI), Josu Waliño (Elhuyar fundazioa), Aitor Zuberogoitia (Mondragon Unibertsitatea- HUHEZI)