Gazteen erabileran eragiten duten faktoreen azterketa

Kokapena

2006 eta 2007an gazteen hizkuntz erabileraren inguruan eginda zegoena eta egiteke zegoena "Perspektiba eta prospektiba" proiektuaren bidez identifikatu ostean, Soziolinguistika Klusterrak, Urtxintxa aisialdi eskolak eta Topagunea euskara elkarteen federazioak osatutako lantaldeak, proiektu berri hau abiatzeko premia ikusi zuten. Eremu ez formaleko gazteen hizkuntz erabileran eragiten duten faktoreak aztertu eta esku hartzerako garaian baliagarria izango den oinarrizko kokapen teorikoa eskaintzea da proiektu honen helburua.

Horretarako, gazteen eta hizkuntzaren esparruen arlo ezberdinetan aditu eta aritu diren pertsonekin osatutako lan talde batek, gaiaren analisi sistemiko faktoriala burutu du 2008ko lehen urte erdian. 2009an, tipologia ezberdineko gazte taldeekin (psikopedagogia ikasleak, aisialdiko begiralegaiak, gazte guneen erabiltzaileak,...) lanketa saio batzuk burutuko dira, aztergaia zuzenean osatzen dutenek duten pertzepzioa ezagutzeko asmoz. Eta azkenik, pertzepzio honen eta aurrez egindako analisien arteko kontrastea burutuko da. Proiektuaren emaitza gazteen inguruko ekimenetan hizkuntz erabileraren inguruan kontuan eduki beharrekoak ordenatzeko balio duen eskema bat izango da.