Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa

Kokapena

Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik beste lautan errepikatu da: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an. Azken neurketan bezala, hemendik aurrerakoak ere bost urtean behin egingo dira (besteak beste, erroldako datuekin bateratze aldera). Neurketa horretan Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako herri guztietan eta hemendik beherako batzuetako kaleetan ematen den hizkuntz erabilera jasotzen da, hizkuntzaren egoera ahalik eta modurik errealenean ezagutzeko aukera ematen duen neurri bat eskuratzeko asmoz.

Orotara 250.000 hiztunetik gora behatzen dira kalean hizketan. 2006ko neurketan ikerketa sendotzeko hainbat aldaketa metodologiko egon ziren. Guztira 63 herri neurtu eta erabilera datuak fitxa bakarraren bidez jaso ziren (aurreko neurketetan ez bezala). Fitxa honen bidez hiztunen erabileraren datuak adinaren, generoaren eta haurren presentziaren eraginaren arabera aztertzeko aukera dago.

1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain EHko Kale Neurketa egitearen ardura. SEI elkartearen lekua Soziolinguistika Klusterrak bete zuen 2004. urtean. Aurreko neurketen metodologia eta esperientzia oinarri hartuta Soziolinguistika Klusterrak 2006an Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa egin zuen.