Herrietako Kale Erabileraren Neurketak

Kokapena

Gero eta garrantzitsuagoa zaigu, euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzerako orduan, horretarako aukera ematen diguten datuak izatea. Datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kalean erabiltzen den euskararen neurria, hain zuzen ere.

Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik beste lautan errepikatu da: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an. Orotara 250.000 hiztunetik gora behatzen dira kalean hizketan. 1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain EHko Kale Neurketa egitearen ardura. SEI elkartearen lekua Soziolinguistika Klusterrak bete zuen 2004. urtean. Aurreko neurketen metodologia eta esperientzia oinarri hartuta Soziolinguistika Klusterrak 2006an Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa egin zuen.

Oinarri metodologi hori baliatuz, Soziolinguistika Klusterrak herri mailako neurketa bereziak eskaintzen ditu zerbitzu modura. Hauetan, udalerrietako kale erabilera adin taldekako eta zonaldekako alderaketak emateko moduan jasotzen dira erabilera datuak.

Euskararen aldeko sustapen lan bat aurrera eraman ahal izateko baliabideak mugatuak izan ohi direnez, beharrezkoa zaigu premiarik larrienak zein diren ezagutzea, lehentasunak finkatzea, eta ondoren horiengan eragiteko ekimenak martxan jartzea. Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek asko errazten digu ondoren lehentasunak non dauden identifikatzeko. Gainera, Kale Erabileraren neurketak maiztasun batekin eginez gero (urtero, bi urtez behin...), urtetik urtera gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian izaten diren hizkuntza aldaketak gertutik jarraitu ahal izango ditugu.

2009an Lekeitio, Lezo, Oiartzun eta Eskoriatzak neurketen datuak aurkeztuko dira. Horrez gain, Berrizen, Pasaian, Azpeitian eta Urretxu-Zumarragan ere neurtu da kaleetako hizkuntz erabilera.