
Hizkuntzen ekologia
Oharra: Artikulu hau aurretik www.euskonews.com web-orrian argitaratua izan zen.
Iraunkortasuna eta hizkuntzaren iraunkortasuna
Gaur egun aniztasunak alor guztietan (osasun demokratikoan, ekonomian, ingurumenean...) duen balioa aintzat hartuta, kulturartekotasuna eta eleaniztasuna gizartearentzat onuragarriak direla esateko moduan gaude, hau da, kalte baino on gehiago egiten diotela. Hortik abiaturik, hipotesi hau planteatu du Albert Bastardasek: «hizkuntza-aniztasuna onuragarria da aniztasun hori bizi duen gizartearentzat».
Baina, aniztasuna aberasgarria izan badaiteke ere, ez ote dio eraginkortasunari kalterik eragiten? Zalantza horren aurrean, zuhurtzia osoz eta behin-behinekotasunez, beste hipotesi hau osatu dezakegu: «hizkuntza-aniztasuna bateragarria da komunikazioaren eraginkortasunarekin».
Iraunkortasunak badu erronka handi bat: aurrerapen ekonomiko eta soziala planetaren oreka naturalarekin uztartzeko bideak bilatzea. Eta, beraz, itxura batean behinik behin kontrakoak direnak kontzeptu bateratzaile batean (garapen iraunkorra sintagman) elkartzeko borondatea da abiapuntua.
Alor soziolinguistikoan hauek dira kontrakoak: hizkuntza handien hedapen glotofagikoa eta hizkuntza-aniztasuna gorde eta garatzea. Horren aurrean, hiru aukera ditugu:
- A aukera: jatorrizko hizkuntzak bertan behera utzi eta komunikatzeko estatu- edo mundu-kode handiak soilik geureganatzea, eta horrela garapen ekonomiko eta kulturaren (uniformetasunaren) alde egitea.
- B aukera: hizkuntza gutxituaren komunitateak horren alde egitea eta hizkuntza nagusiaren hiztun komunitatearekin aurrez aurre jartzea, hau da, gatazka linguistikora jotzea.
- C aukera: hizkuntza-aniztasuna eta talde-identitateak zaintzea, kultura
bakoitzak sortu duen iraupeneko eta herri-jakintzako ekosistema tradizionala
desagertzeak ekarriko lukeen pobretasuna eta anomia saihesteko.
Aukera horien aurrean, hizkuntza guztien biziraupena bizikidetza harmoniatsuan oinarritu dadin, estrapolatu al daiteke iraunkortasunaren kontzeptu adiskidetzailea kontraposizio linguistiko horretara? Bai, baina gure pentsakera aldatu beharko litzateke horretarako:
- Berdintasunezko hizkuntza-ikuspegi ekologikotik, baztertu egin beharko lirateke hedapena eta menperatzea oinarri hartzen duten ideologiak, eta historiaren beste fase batera pasatu, hizkuntza eta talde linguistiko guztiei duintasun berbera aitortzeko.
- Joera dikotomiko negatiboa (bata edo bestea) zokoratu eta konplexutasunaren paradigma (bata eta bestea) geureganatu beharko genuke.
Ildo horretatik, garapen iraunkorrak gizarteen garapena eta hobekuntza, batetik, eta ekosistema naturalaren orekari eustea, bestetik, uztartzen dituen moduan...
- ...hizkuntzaren iraunkortasunak hainbat hizkuntza eta kulturatako taldeen eta norbanakoen arteko komunikazioa onartzen du, hizkuntza-taldeen eta horien kulturen biziraupenari eta erabateko garapenari uko egin gabe.
- ...iraunkortasunaren etikatik abiaturik, talde bakoitzaren komunikazio-kodeen aniztasuna babestu beharreko balioa da, baina ez bitxikeria antropologikoa bailitzan, baizik eta pertsonen eta gizarteen berezko duintasunari lotuta dagoelako; hori ukaezina da.
Dena den, aitortu beharra dago: iraunkortasuna korapilatsua da. Gainera, fenomenoen ikuskera ekosistemikoa eskatzen du, gizakiok ez baikara gure ingurune naturaletik at bizi, eta gure ekintzek harengan eragina dute eta alderantziz. Hori dela eta...
- ...hizkuntzen ekologiak ekosistemak eta ekosistemen arteko harremanak hartu beharko ditu kontuan; izan ere, oinarrizko unitatea ez da hizkuntza, hizkuntza eta haren testuingurua baizik. Hizkuntza jakin bat iraunkor bihurtzeko, haren (erre)produkzio egokia bermatuko duen ekosistema soziokulturala bihurtu behar dugu iraunkor.
- ...ekonomiaren, politikaren, hezkuntzaren, migrazioen... alorretako neurriek ingurumenaren edo ekologiaren gainean sortzen dituzten eraginak aztertzen diren bezalaxe, horien eragin soziolinguistikoa ere behatu beharko litzateke, eleaniztasunaren kudeaketa iraunkorraren ikuspegitik.
Ekologiaren adibide horri eutsiz, ekosisteman partaide diren elementuen oreka dinamikoari eusten ahalegintzen da iraunkortasuna; nola? Gaiek berritzeko duten gaitasunaren gainetik gai horien kontsumoa saihestuz, adibidez. Hizkuntzaren alorrean hauxe esan gura du horrek:
- Kanpoko hizkuntzak edo hizkuntza arrotzak behar baino gehiago ez erabiltzea eta norberaren hizkuntzari ondorio edo distortsio gutxien eragitea, hau da, tokian tokiko hizkuntzen iraupena kolokan jarriko duten erabilerarik ez ematea beste hizkuntzei.
- Politikaren alorrean erabiltzen den subsidiariotasunaren kontzeptua aplikatzea: ez hizkuntza globalik erabili tokiko hizkuntza erabiltzerik dagoenean.
Hizkuntza ekologian aurrera egiteko baldintzak
Bide handia dago egiteko hizkuntzaren garapen iraunkorrean. Baina kontuan hartzekoa da, halaber, gaur egun hizkuntza-taldeen eta hiztunen arteko harremana handituz doala arian-arian. Mundu globalizatu honetan, nazioarteko komunikazio-hizkuntza handien beharra areagotuz doa, eta horrek gainerako hizkuntzen aurka egiten du. Dena den, eleaniztasunaren aldeko sentikortasuna ere nabarmen handitu da, eta nazioarteko erakundeak eta hainbat gobernu hiztun gutxiko hizkuntza-taldeak babesteko etikaren alde egiten ari dira: Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (Bartzelona, 1996), Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna (besteak beste, Espainiak sinatua)...
Gero eta jakinekoagoa da, hainbat kultura eta hizkuntza ezagutzeak aberastu egiten dituela pertsonak eta herriak. Baina aberastasun kultural hori hizkuntzak eta kulturak batzean datza, ez elkarren aurka jartzean. Beraz, logika hori honela adieraziko genuke gure kasuan: Cervantes gehi Axular, ez Cervantes Axularren aurka edo alderantziz. Horrenbestean, gero eta beharrezkoagoa da talde guztien hizkuntzei iraunarazteko laguntza-politikak sortzea, kasuan kasuko planteamendu eta neurriekin, jakina. Zeren, egia esateko, aukera guztien eskubideak eta duintasuna aitortuko dituen planteamendurik gabe, kulturaniztasunak eta eleaniztasunak taldeen arteko gatazka sortu dezakete, horrek gizartean eta bizikidetzan izango lituzkeen ondorioekin.
Alabaina, hizkuntzaren iraunkortasunaren alorrean arrakasta izateko, behar-beharrezkoa da:
- Hizkuntzak diruz laguntzera mugatzen diren politikak gainditzea, eta hizkuntza-funtzioak berdintasunez banatzean oinarritzen diren beste jarrera batzuk hartzea.
- Arazoen arrazoiei aurre egitea, arazoa arinduko duten neurriak hartzera mugatu gabe.
- Hizkuntza-taldeen artean konpromisoa hartzea, lekuan lekuko hizkuntzak bertan behera uzteko arrazoietan eraginkortasunez eragiteko.
- Nazioarteko erakundeek iraunkortasunaren filosofiaren eta antolamendu-printzipio baliozko eta praktikoak bilatzearen alde egitea.
- Herri guztiek bat eginik jardutea munduan, mende berrian nola komunikatu erabakitzeko.
- Nazioarteko jardun hori tokian tokiko erakundeek onartu eta aplikatzea maila guztietan.
Laburbilduz, hizkuntzaren iraunkortasunean aurrera egiteko, badira bost urrats erabakigarri:
- Nazioarteko hizkuntza handien gehiegizko erabilera geldiaraztea eta hizkuntza-berdintasunaren eta -elkartasunaren ideologia hedatzea.
- Hiztun gutxiko eta menpeko hizkuntza-taldeek beren buruaz duten irudiari duintasuna ematea.
- Hizkuntza-talde horiei euren komunikazio-esparrua kudeatzeko eta hizkuntza-erabilera publikoak autonomiaz erregulatzeko aukera ematea.
- Komunikazio-funtzioak banatzerakoan, egun menpekoak diren hizkuntzei funtzio esklusiboak eta eraginkorrak ematea.
- Gobernuak, enpresak eta gizarteak hizkuntzaren iraunkortasunaren garrantziaz jabearaztea, eta erabakiak hartzeko prozesuetan eragin soziolinguistikoko azterlanak erabiltzeko ohitura hartu dezaten gonbidatzea.
Erreferentziak
Bastardas, A.: “Towards a “linguistic sustainability”: Concepts, principles, and problems of human communicative organisation in the 21st century”, in Diálogo sobre diversidad lingüística, sostenibilidad y paz (Linguapax biltzarra), 2004.
Martínez de Luna, I.: “La diversidad lingüística y el símil ecológico”, Nafarroako Ateneoan emandako hitzaldia, Iruñeko udala, 2006ko abendua.
Suberbiola, P.: “Hizkuntza garapen iraunkor baterantz”, in HIZNET Hizkuntza Plangintza Ikastaroa, Asmoz Fundazioa, 2006.
Eranskina | Tamaina |
---|---|
10 IM De Luna.pdf | 196.9 KB |