SOZIOLINGUISTIKAREN IRAKASKUNTZA HERRIALDE KATALANETAN

Ernest Querol
Aipamenak
Oro har, kontzeptu-multzo zabal batekin zerikusia duten ikasgaiak daude; hain zuzen, hauekin guztiekin lotuak: hizkuntzalaritza aplikatua, pragmatika, lagunarteko hizkuntza, bariazioa, hizkuntza-politika, hizkuntza eta kultura, kultura-aniztasuna eta sozializazioa, psikolinguistika, kulturaren kudeaketa, hizkuntzaren ekologia, azterketa demografikoa, gizartearen egitura, hizkeraren etnografia, elebitasunaren psikologia, ikasleen aniztasuna eta kultura-aniztasuna

Ikasturte honetan bertan hasi da Gironako Unibertsitatean Llengües, moviments de població i construcció social masterra; soziolinguistikako ikasgaia ere barne hartzen du, eta edukia oso estu lotuta dago gai hauekin: kultura-aniztasuna, migrazio-mugimenduen soziologia, hizkuntza-bariazioa, eleaniztasuna eta hezkuntza, etab

Azalpenetarako leku gutxi dugula kontuan izanik, taula batean laburbilduko dugu katalanaren eremuko unibertsitateetan soziolinguistikaren irakaskuntza zein egoeratan dagoen. Bertan, ikasgaiaren izena, estatusa (derrigorrezkoa, aukerakoa edo askatasunez aukeratzekoa den) eta zein irakaslek irakasten duen azalduko da, bai eta programa ezagutzeko Interneteko helbidea ere.

Aracilek (1979) oso hausnarketa interesgarria egin zuen soziolinguistikak hezkuntzan duen eginkizunari buruz, ia ehun orrialdeko artikulu batean. Hezkuntza-programek ez dute haren bidetik jo. Dena den, uste dugu aipatutako idazlana erreferentzia-esparrua dela, ez bakarrik soziolinguistikak Bigarren Hezkuntzan duen zeregina erabakitzerakoan, baizik eta hizkuntzen irakaskuntza berriz proposatzeko garaian ere bai

Hainbat material argitaratu da, DBHn eta Batxilergoan soziolinguistika irakasteko. Besteak beste, egile hauen liburuak: Castellanos (1995), Alegre (1998), Barrieras (2000) eta Joan (2002). Kreditu aldakorraren egituraz: Alberdi (1997), Caselles (1997) eta Mayans (1998). Valentziarako, UBIn erabiltzeko materiala (Ruiz, 1990) eta gida didaktikoa (Ruiz, 1992) prestatu ziren. Azkenik, Cèsar G. Verdú-k Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan erabiltzeko hainbat ariketa prestatu ditu, soziolinguistikaren ardatz nagusien inguruan; formatu berrian aurkeztu ditu, webquest gisa

 

1. HITZAREN ESANAHIA

Soziolinguistika hitzak berak adierazten duen bezala, alor hori bi diziplinaren artekoa da, eta horrek kontzeptuaren zabaltasuna adierazten digu, hein batean. Perspektiba zabal batetik, geure buruari galdetzen badiogu curriculumeko zer ikasgaik duten soziolinguistikarekin zerikusia, konturatuko gara asko direla. Centre Universitari de Comunicació i Sociolingüística (CUSC) (*1) delakoak nahiko zabal azaltzen du zer ikasgai ikas daitezkeen katalanez hitz egiten den esparruko unibertsitateetan, soziolinguistikaren kontzeptu zabaletik abiatuta. Antropologiaren bidean, honako gai hauekin lotutako ikasgaiak aurkituko ditugu: etnikotasun eta nazionalismoarekin lotutakoak, eta immigrazio eta kultura-aniztasunarekin lotutakoak. Hizkuntzaren eta literaturaren didaktikaren alorrean, beste gai hauekin zerikusia dutenak: ukipenean dauden hizkuntzekin eta ikerketa etnografikoekin. Gizarte-hezkuntzaren aldetik, beste gai hauekin lotutako ikasgaiak daude: hezkuntza kulturanitzarekin eta ingelesa bigarren hizkuntzatzat hartzearekin lotutakoak.

Oro har, kontzeptu-multzo zabal batekin zerikusia duten ikasgaiak daude; hain zuzen, hauekin guztiekin lotuak: hizkuntzalaritza aplikatua, pragmatika, lagunarteko hizkuntza, bariazioa, hizkuntza-politika, hizkuntza eta kultura, kultura-aniztasuna eta sozializazioa, psikolinguistika, kulturaren kudeaketa, hizkuntzaren ekologia, azterketa demografikoa, gizartearen egitura, hizkeraren etnografia, elebitasunaren psikologia, ikasleen aniztasuna eta kultura-aniztasuna kontuan izanik ikasgela kudeatzea, kultura arteko hezkuntza, hezkuntzan gertatzen diren akulturazio-prozesuak, hizkuntza eta gizarte-lana, etab. Aukera oso zabala izan arren, batez ere soziolinguistika hitza izenburuan duten ikasgaiak hartuko ditugu oinarri.

2. HEZKUNTZA-ESPARRUEN ANIZTASUNA

Soziolinguistika era askotara irakatsi da: araututako ikasgaien bidez (3. epigrafean ikusiko ditugu), nahiz ikastaro, jardunaldi edo mintegien bidez. Arautu gabeko hauetatik hasiko gara.

2.1. Mintegiak

Lluis V. Aracil-ek zuzendu ditu mintegi gehienak. Gogora ekarriko dugu gizon honek 1977. urtean, Grup Català de Sociolingüística taldearen bidez, Seminari Internacional de Sociolingüística de Perpinyà izeneko mintegia antolatu zuela; 1980ko hamarkadan Bartzelonako Seminari de Sociolingüística zuzendu zuela; eta ondoren beste hauen ardura izan duela: Seminari de Sociologia de València (1989-2001) (*2), Seminari de Morella (1993-1999) (*3) eta Seminari de Sociologia de Barcelona (1994).

2.2. Jardunaldiak

Udazkeneko ikastaroen formatuak ibilbide luzea izan du Alacanten. 1987az geroztik, Curs de Sociolingüística de la Nucia (*4) egin dira La Nucia-n, Alacanteko Unibertsitateak antolatuta. 1992tik 2001era, Alcoiko Udalaren Gabinet Municipal de Normalització Lingüísticak Alcoiko Jornades de Sociolingüística izenekoak antolatu zituen; 2002an, aldiz, Grup d'Estudis Sociolingüístics (*5) arduratu zen jardunaldi horien antolaketaz.

2.3. Masterrak eta graduondokoak

Ramon Llull Unibertsitateak antolatutako marketing linguistikoari buruzko graduondokoa (2005-2006) (*6), 2007-2008 ikasturtean ere eskainiko da. Horixe da soziolinguistikaz bakarrik arduratzen den graduondoko bakarra.

Institut Interuniversitari de Filologia Valenciana delakoak master hau antolatu du: Assessorament lingüístic i Cultura literària: aplicacions al context valencia. 2006-2007 ikasturtean ematen ari dira lehen aldiz, eta hizkuntza-planifikazioarekin lotutako ikasgai ugari ditu (esate baterako, planifikazioak hezkuntzan duen aplikazioa eta marketing linguistikoa (*7)).

Ikasturte honetan bertan hasi da Gironako Unibertsitatean Llengües, moviments de població i construcció social masterra; soziolinguistikako ikasgaia ere barne hartzen du, eta edukia oso estu lotuta dago gai hauekin: kultura-aniztasuna, migrazio-mugimenduen soziologia, hizkuntza-bariazioa, eleaniztasuna eta hezkuntza, etab (*8).

2002-2004 biurtekoan, Alacanteko Unibertsitateak Hizkuntzaren eta soziolinguistikaren dinamizazio, sustapen eta normalizaziorako unibertsitate-masterra antolatu zuen (edo unibertsitate-aditu izateko ikastaroa). Aurreko biurtekoan (2000-2002), Gironako Unibertsitateak Màster en Planificació Lingüística antolatu zuen. Aurretik, Bartzelonako Unibertsitateak Lingüística Aplicada (Planificació i Serveis Lingüístics) masterra antolatu zuen, 1987tik 1993ra gutxienez.

2.4. Doktoretza-ikastaroak

Besteak beste, Universitat de les Illes Balearseko Katalan Filologia eta Hizkuntzalaritza Orokorreko doktoretza-programak hizkuntza-planifikazioko kredituak ditu. Bestalde, Universitat Autònoma de Barcelonako katalanaren eremuko hizkuntza politikari eta planifikazioari buruzko ikasgaiak ditu.

3. SOZIOLINGUISTIKAKO IKASGAIA

3.1. Unibertsitatean

Katalanez hitz egiten den eremuko unibertsitateetan, bi ikuspuntu aurkituko ditugu Soziolinguistikako ikasgaiaren inguruan. Ikuspuntu bat hitzaren lehen zatiarekin lotuago dago; soziologiarekin alegia. Besteak, berriz, hitzaren bigarren zatiarekin du zerikusi handiagoa; linguistikarekin, hain zuzen ere. Ama-hizkuntza katalana ez duten irakasleak bigarren ikuspuntuan oinarritzen direla esan genezake (Labov-en ikuspuntua edo bariazionista (*9)). Beste irakasleek, berriz, ikuspuntu soziologikoa hartzen dute irakaskuntzaren ardatz; ikuspuntu horren baitan, besteak beste, aintzat hartzen da hizkuntza-minorizazioaren gaia.

Azalpenetarako leku gutxi dugula kontuan izanik, taula batean laburbilduko dugu katalanaren eremuko unibertsitateetan soziolinguistikaren irakaskuntza zein egoeratan dagoen. Bertan, ikasgaiaren izena, estatusa (derrigorrezkoa, aukerakoa edo askatasunez aukeratzekoa den) eta zein irakaslek irakasten duen azalduko da, bai eta programa ezagutzeko Interneteko helbidea ere. Ziur asko, programa guztiak aztertuz gero, ikuspegi zehatzagoa izango genuke, gai kaleidoskopiko hau lantzeko erabiltzen diren ikuspuntu guztiei buruz. Dena den, oraingoz aurrerapentxo hau baino ez dugu eskainiko, interesa dutenek ikasgaiari buruzko programa garrantzitsuenen berri izan dezaten.

1. Taula. Katalanez irakasten duten unibertsitateetako soziolinguistika

Laburtzapenak: SL = soziolinguistika KSL= katalanaren soziolinguistika Der. = derrigorrezkoa Auk. = aukerakoa

0161EQuerol

3.2. Bigarren Hezkuntzan

Aracilek (1979) oso hausnarketa interesgarria egin zuen soziolinguistikak hezkuntzan duen eginkizunari buruz, ia ehun orrialdeko artikulu batean. Hezkuntza-programek ez dute haren bidetik jo. Dena den, uste dugu aipatutako idazlana erreferentzia-esparrua dela, ez bakarrik soziolinguistikak Bigarren Hezkuntzan duen zeregina erabakitzerakoan, baizik eta hizkuntzen irakaskuntza berriz proposatzeko garaian ere bai (*10).

Bigarren Hezkuntzako gaur egungo programek ez dute hartzen soziolinguistika ikasgai gisa; hala ere, badago nolabaiteko tokia ikasgai hau txertatzeko. Kataluniako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hizkuntza-arloko curriculum komunean, katalanaren egoera soziolinguistikoari arreta jarri beharraz hitz egiten da (3.2 puntuan, hain zuzen ere). Azkenburuko helburuen atalean, honako hauek aipatzen dira: gaur egungo munduko hizkuntza-aniztasuna onartzeko premia, norberaren hizkuntzari balioa aitortzekoa; Espainiako hizkuntzen oinarrizko egoera soziolinguistikoa eta legezkoa deskribatzekoa; Estatuko hizkuntza desberdinen hiztunen arteko harreman demokratikorako arauak balioestekoa (hizkuntzekiko eta hiztunekiko begirunea erakutsiz, eta hizkuntza-eskubideak baliatuz). Azkenik, irakatsi-ikasi atalean eta ebaluazioarenean, soziolinguistikan oinarritutako aholkuak eskaintzen dira (*11).

Hainbat material argitaratu da, DBHn eta Batxilergoan soziolinguistika irakasteko. Besteak beste, egile hauen liburuak: Castellanos (1995), Alegre (1998), Barrieras (2000) eta Joan (2002). Kreditu aldakorraren egituraz: Alberdi (1997), Caselles (1997) eta Mayans (1998). Valentziarako, UBIn erabiltzeko materiala (Ruiz, 1990) eta gida didaktikoa (Ruiz, 1992) prestatu ziren. Azkenik, Cèsar G. Verdú-k Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan erabiltzeko hainbat ariketa prestatu ditu, soziolinguistikaren ardatz nagusien inguruan; formatu berrian aurkeztu ditu, webquest gisa (*12).

4. BIBLIOGRAFIA

ALBERDI, Núria (1997): Sociolingüística, àrea de llengua, crèdit variable. Guia didàctica, Bartzelona, Ed. Claret.

ALEGRE, Montserrat; BARTRA, Anna; LORENTE, Mercè (1998): La llengua i els parlants, Bartzelona, Grup Promotor Santillana.

ARACIL (1979): “Educació i sociolingüística”. In Treballs de Sociolingüística Catalana (2. zk.). València: Tres i Quatre argitaletxea, 1979, 33-86. or. Reed. In: Papers de sociolingüística (cf. Aracil, 1982). Euskarara itzulia: Lluís Aracilen idazlan hautatuak (cf. Aracil, 1998).

ARACIL (1982): Papers de sociolingüística, Bartzelona, Edicions de La Magrana.

ARACIL (1998): Lluís Aracilen idazlan hautatuak, biltzailea Xabier Falcon, Bilbo, UEU.

BARRIERAS, Mònica; JUNYENT, Carme; VILARÓ, Sergi (2000): Quadern d’ESO de la diversitat lingüística, Bartzelona, Octaedro.

CASELLES, David (1997): Junts en la diversitat, Bartzelona, La Busca edicions.

CASTELLANOS, Carles; PAZOS, M. Lluïsa (1995): Curs de sociolingüística per a BUP, COU i reforma, Vilassar de Mar, Oikos-tau argitaletxea.

JOAN, Bernat (2002): Sociolingüística a l’aula, Bartzelona, La Busca, Sociolingüística.

MAYANS, Pere; MONTÉS, Núria (1998) CAT -Llengua i societat dels Països Catalans, Bartzelona, La Busca.

MAYANS, Pere eta SANZ, Vicent (2001): Sociolingüística a secundària, I Jornada de dinamització lingüística a l'ensenyament secundari http://www.xtec.es/sedec/sociolinguistica/socioling2.doc

SANZ, Rosa; RUIZ, Francesc (1990): Quaderns d’activitats, Valentzia, Tàndem Edicions.

VERDÚ, Cèsar G.: La sociolingüística catalana [webquest], http://www.edutic.ua.es/visualiza_wq/contenido.asp?opt=proceso&id=901

--------------------------------------------------------------

OAHARRAK

(*1) Web orria kontsulta daiteke, “aprender” atalean. http://www.ub.es/cusc/aprendre.html

(*2) DIR (Debat i Recerca) elkartearen web orria bukatzeke dago. http://www.terra.es/personal2/xberna/seminari.htm#top

(*3) Morellako mintegi guztien triptikoak helbide honetan irakur daitezke: http://www.elsports.net/aracil/semin.html.

(*4) Ikastaroaren programaren berri jakiteko, web orri honetan sartu: http://www.ua.es/va/estudios/seus/nucia/2006-2007/sociolinguistica/index.html

(*5) Alderdi Popularra udalera iristean gertatu zen aldaketa, jardunaldiak finantzatzeko nahikoa aurrekontu ez zegoela argudiatu baitzuen. http://web.partal.com/jornadesalcoi/ web orrian, hitzaldi horiei buruzko historia osoa aurkituko duzue. Azkeneko saioak 2002. urtean izan ziren.

(*6) Hurrengo ikasturteko programa web orri honetan aurki daiteke: http://www.eapc.es/formacio/marqling/programa1.htm

(*7) Programa osoa helbide honetan aurki daiteke: http://www.uv.es/postgrau/humanitats/alcl.htm

(*8) Master honi buruzko informazio osoa web orri honetan aurkituko duzue: https://pserv.udg.es/dnn3/dissenytitulacions/veurepla/310200706/default.aspx

(*9) Francisco Gimeno eta Blas Arroyo daude horien artean. Gimenok eskola sortu du Alacanteko Unibertsitatean; han, bi ikuspuntuak lantzen dira. Arroyok gaztelaniaren azterketan oinarritzen du bere irakaspena, Castelloko Jaume I Unibertsitatean.

(*10) Aracilek badu euskarazko itzulpena (1998).

(*11) Informazio gehiago nahi izanez gero, Mayans eta Sanz (2001) kontsultatu.

(*12) Helbidea hau da: http://www.edutic.ua.es/visualiza_wq/contenido.asp?opt=proceso&id=901