3) Formazioa

3) Formazioa:

Soziolinguistika Ikastaroa UEUko udako ikastaroetan:

“Globalizazioa, migrazioa eta hizkuntzak” (udako ikastaroak)

Ikastaro honetan, batetik, soziologia zein filosofiaren ikuspegitik oinarri teorikoak landu nahi ditugu (fenomeno hauek ulertzen, eta ondorioz kudeatzen, lagunduko digutenak). Bestetik, soziolinguistikaren ikuspegitik dauden formulazioak, diskurtsoak, interpretazioak... jaso nahi ditugu. Horrekin batera, egoera jakinetan (hemen nahiz beste lekuetan) sortu diren hizkuntza-arazoak eta –bereziki– eman zaizkien erantzunak ere eman nahi ditugu aditzera.

Euskararen erabilera eta transmisio jardunaldiak

Maiatzaren 26an Eusko Jaurlaritzaren egoitzako Areto Nagusian, Euskararen transmisioaren eta erabileraren inguruko jardunaldia izango da Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Soziolinguistikako Klusterrak antolatuta.

Euskara biziberritzeko prozesuan euskaldun berrien pisua gero eta handiagoa da, inmigrazio-tasa etengabe ari da gora egiten eta familiaren egitura errotik ari da aldatzen. Horrek guztiak euskararen geroratzea, eta bereziki familia-bidezkoa nola ari den gauzatzen zehatz-mehatz ezagutzeko beharra eta, aldi berean, prozesu horretan eragile diren gizarte-esparruen zeregina finkatzeko premia dakar. Helburu hori lortzeko urrats bat izateko asmoarekin, hain zuzen ere, antolatu da euskararen erabilerari eta transmisioari buruzko jardunaldia.