Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa
Ikusi Kale Neurketaren emaitza taula eta iruditan
Zenbat erabiltzen da euskara kalean?
Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa 1989. urtean egin zen lehen aldiz
eta geroztik beste lautan errepikatu da: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an.
Azken neurketan bezala, hemendik aurrerakoak ere bost urtean behin egingo dira
(besteak beste, erroldako datuekin bateratze aldera). Hurrengoa, beraz, 2011.
urtean egingo da. Neurketa horretan Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako
herri guztietan eta hemendik beherako batzuetako kaleetan ematen den hizkuntz
erabilera jasotzen da, hizkuntzaren egoera ahalik eta modurik errealenean ezagutzeko
aukera ematen duen neurri bat eskuratzeko asmoz.
Orotara 250.000 hiztunetik gora behatzen dira kalean hizketan. 2006ko neurketan
ikerketa sendotzeko hainbat aldaketa metodologiko egon ziren. Guztira 63 herri
neurtu eta erabilera datuak fitxa bakarraren bidez jaso ziren (aurreko neurketetan
ez bezala). Fitxa honen bidez hiztunen erabileraren datuak adinaren, generoaren
eta haurren presentziaren eraginaren arabera aztertzeko aukera dago.
1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain EHko Kale Neurketa
egitearen ardura. SEI elkartearen lekua Soziolinguistika Klusterrak bete zuen
2004. urtean. Aurreko neurketen metodologia eta esperientzia oinarri hartuta
Soziolinguistika Klusterrak 2006an Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa
egin zuen.
Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketa. Ondorio nagusiak.
- Euskara gero eta gehiago erabiltzen da Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko
elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan dira.
- Gehiago erabiltzen da, baina, oraindik ere minoritarioa da euska??†?½?N?Dl gizartearen
zonalde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitu behar
dugu, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera
iritsi dadin.
- Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan
ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.
- Oraindik ere, elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero
dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen
ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera,
ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz,
bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.
- Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude
- Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu
du, eta erabilera % 33ra heldu da.
- Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko
joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta,
hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa
baino apalagoa izan.
- Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez du etenik.
- Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu
batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortu da; beraz, zenbat eta gazteago
izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. (Hurrenkera: haur, gazte,
heldu eta adineko). Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera
(% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko
jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza
nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (%
13,8).
- Haurren presentziak nabarmen eragiten du euskararen erabileran, hau da,
e??†?½?G??_??*lkarrizketetan haurrak tarteko direnean euskara gehiago erabiltzen da haurrik
ez dagoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragina hori ahulagoa izan da
2006ean, 2001ean baino.
- Sexuaren araberako emaitzei dagokionez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan
(gainontzeko eremuetarako ez dugu lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek
baino erabilera-maila hobeak azaldu dituzte.
- Oro har, zonalde linguistiko guztietan erabilerak gora egin du, batez ere
zonalde euskaldunenean, hau da, ezagutza % 75-100 bitarteko zonaldean.
- 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten da euskara gehien (%
26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).
- Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera %
2,3koa da.
- Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa
da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da,
egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.
BAT aldizkariko 64. zenbakian hainbat adituk emaitza guzti horiek aztertu
dituzte. Era berean, ikerketa honen emaitza nagusiak gure webgunean daude ikusgai.