Berria.info

Osteguna, 2010ko urtarrilak 7 -

2009-12-30

Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei diru iturria guztiz itxi diela eta, Sakanako 'Guaixe' aldizkaria eta Beleixe irratia egoera larrian daude. Zorra kitatzeko itsulapikoak jarriko dituzte.

Itsulapikoetako diruaren zain

Naiara Elola.

Altsasu

Dirua. Horixe da Bierrik fundazioak kudeatzen dituen Guaixe aldizkariak eta Beleixe irratiak aurrera jarraitzeko behar dutena. Urtea zorrik gabe amaitzeko 20.000 euro bildu behar dituzte. Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak iragan udan jakinarazi zuen 240.000 euro erdietsi zituela Nafarroako euskarazko hedabide guztien artean banatzeko. Hala, Garbiñe Petriati Sakanako Bierrik fundazioko koordinatzaileak onartu duenez, diru hori aintzakotzat hartuta jokatu zuten: «Diru laguntza jasoko genuelakoan, Guaixe-ri maketa aldatu genion, eta Beleixe irratia egoitzaz aldatu genuen». Baina, urtea amaitu da, eta ez Bierrik fundazioaren hedabideek ezta Nafarroako beste euskarazko hedabideek ere ez dute zentimorik jaso diru laguntza gisa Euskarabidetik.

Hala, Bierrik fundazioak 20.000 euroko zorrari egin behar dio aurre. Horretarako, Sakandar 1, euro 1. 20.000 baietz! egitasmoa jarri dute martxan, Nafarroako Gobernuak eman ez dien diru laguntza herritarren borondate onaren bitartez lortu ahal izateko. Izan ere, orain arte egin duten lanarekin jarraitu nahi dute Sakanako fundaziokoek. Dena den, Petriatik argi du: «Behin-behineko irtenbiderik ez dugu nahi, egoera egonkortu beharra dago».

Bierrik fundazioa, Guaixe eta Beleixe kudeatzen dituena, duela hamabost urte sortu zen, Sakanan euskara zabaltzeko asmoz. Egun, hiru diru iturri dituzte: iragarkiak, diru laguntzak eta fundazioko kideen diru ekarpenak. Aurten, ordea, gainerako euskarazko hedabideen gisan, ez dute Nafarroako Gobernuaren eskutik zentimorik jaso. «Egoera konpondu nahian Euskarabidearekin biltzen aritu gara, baina alferrik izan da», azaldu du Petriatik. Gainera, ez du behin-behineko konponbiderik nahi: «Marko bat nahi dugu, hitzarmen bat, Nafarroako euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko». Ildo horretan, Petriatik argi du iniziatiba Euskarabideak berak hartu behar duela.

Mugarrian esperantza galdua

Duela bi urte sortu zen Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutua. «23 urteren buruan, Euskarabidearen sorrera mugarri izan zen», oroitu du Petriatik. Garai hartako aurreikuspenak ez direla inolaz ere bete aitortu du Bierrik-eko koordinatzaileak. «Are gehiago, nik uste dut atzera egin dugula, eta ezegonkortasunean kokatu dituela euskarazko hedabide nafarrak».

Izan ere, 23 urtean lehen aldiz, ez dute Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jaso euskarazko hedabideek. Egoera honen arduradun Euskarabidea bera dela irizten dio Petriatik. Beraz, egungo errealitatea bideratzeko ardura ere hari egozten dio, jokoan daudelako 11 langileren lanpostuak, eta ehunka sakandar euskaldunen eskubidea eta «nafar guztiena oro har».

Hala, egoera kontuan hartuta, eta hurrengo urtean ere lanean jarraitu nahi dutelako, Sakandar 1, euro 1. 20.000 baietz! egitasmoa jarri dute martxan. Sakanako herrietako taberna eta dendetan, itsulapiko batzuk jarriko dituzte bospasei astez. Petriatik esan duenez, egun Sakanan bizi diren 20.000 lagunek euro bana ematea da helburua. Izan ere, Bierrik fundazioak horrekin nahikoa luke aurtengo ekitaldi ekonomikoa inolako zorrik gabe amaitzeko. «Guaixe eta Beleixe irakurri eta entzuten dugun sakandar guztien izenean diru bilketarako deia egiten diegu herritar guztiei».

Euskarazko hedabide nafarrak egoera ekonomiko larrian daudela jakina da. Aurten diru laguntzarik jaso ez izanak kolokan jarri du hainbat hedabideren iraupena. Bierrik fundazioaz gain, Baztango Xorroxin irratiak finantzaketa bide berriak bilatu behar izan ditu, behikaka.com egitasmoaren bitartez. Hala ere, Garbiñe Petriatik argi utzi du Nafarroako Gobernuaren ardura dela egun euskarazko hedabideek duten egoera ezegonkorra egonkortzea, «behin betiko irtenbideak aurkituz».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia