Erabilpen baldintzak

Lizentzia

Argazkiak.org-eko irudi guztiak lizentzia honekin daude babestuak: Creative Commons Aitortu-Partekatu. Definizio gehientsuenen arabera, eduki librea edo/eta copyleft terminoak aplika dakiezke hemengo argazkiei. Era berean, lizentzia honek Approved for Free Cultural Use etiketa darama, Erabilpen Kultural Librerako Baimendua. Etiketa hori Creative Commons erakundeak aukeratutako termino bat da, Wikipediarekin eta eduki libreen munduarekin bateragarria den edukia zehatz definitzeko sortua.

Funtsean honek zera esan nahi du: edonork erabil ditzake hemen agertzen diren irudiak. Eskubidea duzu zuk, eta eskubidea dute beste pertsona eta erakunde guztiek:

  • Hemengo argazkiak norberak nahi duen tokian argitaratzeko
  • Irudien kopiak egiteko.
  • Irudietan oinarritutako lan eratorriak egiteko, erabilpen komertzialak barne (saldu egingo den liburu baten azala moldatzeko, adibidez)
  • Irudiak euskarazko Wikipedian erabiltzeko (Wikipedia Commons zerbitzura igota irudiak, hango baldintzekin bateragarria baita hemen aukeratutako lizentzia). Irudien horniketarako oinarri gisa Wikipedia Commons erabiltzen duten beste hizkuntza batzuetako wikipedietan ere erabili ahal izango dira irudiak.

Baina eskubide horiekin batera, betebeharrak daude:

  • Egiletza aitortu behar duzu
  • Baldintza berean banatu behar duzu lan eratorria edo egiten duzun kopia edo dena delakoa. Hemengo irudi batekin kartela egiten baduzu, kartel hori ere Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziaren baldintzen menpean egongo da. Kartel hori udal lehiaketa batera aurkeztuko bazenu, adibidez, ezin izango du udal horrek copyright pribaturik ezarri kartelaren gainean.

Egiletza aitortzeko modu zuzenena da argazkilariak aukeratu duen erabiltzaile izena aipatzea, eta esteka eskaintzea Argazkiak.org-en irudi horrek duen URL kokapenera. Hori errazteko, argazki bakoitzarekin partekatzeko kode pusketa bat erakusten dugu, eta hori itsatsiz gero edonon, bertan idatzita dago aitortza, parametro zuzenekin.

Irudiei gehitutako titulu, deskribapen eta iruzkinak ere lizentzia berak babesten ditu Argazkiak.org-en.

Baldintzak

Argazkiak org zerbitzua erabiltzeak honako baldintza eta zehaztapenak onartzea dakartza berekin:

Argazkiak.org zerbitzuan erabiltzaile-izen eta pasahitz bat izango duzu. Hura konfidentzialki gordetzea erabiltzailearen ardura da, eta ez dago baimendua gako horiek publiko egitea. Gakoak publiko eginez gero gerta daitezkeen okerrak, erabiltzailearen ardurapekoak dira guztiz. Kontu bat taldean kudeatzeko aukera egon badago, taldekoen argazkiak kargatzeko, baldin eta lehen e-posta helbidea eman duen erabiltzaileak ez dituen gakoak talde horretatik harantzago zabaltzen, betiere taldekideak baldintza hauen jakitun utziz, eta, zer gerta ere, erantzukizuna eta ardura lehen erabiltzailearena izanik.

Argazkiak.org-ek ez du ardurarik hartzen erabiltzaileek emandako informazioaren egiazkotasunaren gainean.

Argazkiak.org zerbitzua, argazkien kudeaketa teknikora eta ostatatzera murrizten da. Ez du ardurarik webgunean ager daitekeen edukiaren gainean. Argazkien edukia erabiltzaileen ardurapekoa da, eta argazkiei egin dakizkiekeen iruzkin eta erantzunena, iruzkin bakoitzaren egilearena.

Erabiltzaileak ez du ezta ere kontua legez kanpoko jarduerarik egiteko erabiliko. Legea hauts dezakeen argazkirik, edo beste pertsona batzuei mina eragin diezaikeen argazkirik ezingo dute igo erabiltzaileek.

Argazki pertsonalak kargatzeko da Argazkiak.org. Zerbitzua erabiliz, hemen kargatzen diren argazki oro lizentzia libre jakin batekin argitaratuko direla onartzen du erabiltzaileak. Irakurri gorago (eta ulertzen saiatu, arren) lizentzia horren ezaugarri eta ondorioak zein diren. Erabiltzaileak argazkien autorea behar du izan, hona kargatu behar baditu, eta webgune honetan emango zaion atribuzioa aukeratu duen erabiltzaile izenarenganakoa izango da. Hala ere, argazki pertsonalaren autoretzaren definizioa estuegi ulertu beharrik ez dago: erabiltzaile jakin batek bere lagun edo senideek egindako argazkiak kargatzea normaltzat hartuko dugu, eta talde baten izenean sortutako erabiltzaile-kontuetan, autore pertsonal bat baino gehiago egon daitekeela bistakoa da. Hala ere, argazki horien kasuan ere, hemen zehaztuta geratuko den autoretza erabiltzaile-izen horri dagokiona izango da, eta erabiltzaileak, jakina, eduki libre gisa kargatu dituela jakitun egon behar du, erantzukizun guztia hartuz, beste pertsona batek autoretza hori ezbaian jarriko balu.

Baldintza hauetara egokitzen ez diren argazkiak ezabatzeko eskubidea hartzen du beretzat Argazkiak.org-ek.

Argazkien titulu eta deskribapenetan, eta haien inguruan sor daitezkeen iruzkin eta mezu-trukeetan euskara edo nagusiki euskara ikusi nahi dugu. Gaztelaniaz bakarrik jarduten duen erabiltzaileen kontuak ezabatu egingo dira. Argazkien inguruan sor daitezkeen testu eta informazioei ere irudiei emandako lizentzia libre bera dagokio.

Argazkiak.org-ek ez du erantzukizunik izango, zerbitzuaren ezaugarri teknikoengatik, argazkiak edo informazioa galduko balira, edo aldi baterako atzigarri ez balira erabiltzaileen kontuak.

Webgunearen maketan publizitatea ezartzeko eskubidea beretzat gordetzen du Argazkiak.org-ek.

Zerbitzua aldi baterako edo eperik gabe eteteko eskubidea gordetzen du beretzat Argazkiak.org-ek. Etete horietarako ez da beharrezkoa izango aurretiazko oharrik, eta ondorioz gerta daitezkeen kalteen gaineko erantzukizunik ere ez du hartuko Argazkiak.org-ek.

Baldintza hauetan aldaketak bere kasa egiteko gordetzen du beretzat Argazkiak.org-ek, bai eta ere zerbitzua erabiltzeko baldintza teknikoetan aldaketak ezartzeko.

Konpromisoak

Argazkiak.org zerbitzuan ez dugu, printzipioz, karga ditzakezun argazkien tamaina eta kantitatearen inguruko neurririk, eta aukera horri eusteko konpromezua hartzen dugu, gorago zehaztutako baldintzen barnean, ekonomikoki eta teknikoki posible den heinean.

Argazkiak.org-eko irudiak eduki libre izango direlako konpromezua hartzen dugu, egilearen autoretza aitortuz beti.

Ager daitekeen publizitateak ez ditu ordezkatuko edo estaliko zure argazkiak.

CodeSyntax enpresak, Argazkiak.org webgune honetan jasotzen diren datu pertsonalen egurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen du, eta hori guztia Datu Pertsonalen Babeserako 15/1999 Lege Organikoan eta bere garapenerako araudian ezarritakoaren babespean. Hala nahi baduzu, Legeak aurrikusten duen sartzeko, aldatzeko eta ezerezteko eskubidea erabil dezakezu, kontaktu-orria beteta.