Gabriel ArestiBilbon jaio eta bizi izan zen Gabriel Aresti Segurola (1933 – 1975). Erdaraz hazi eta hezi zen baina ahalegin handia eginez eta Francoren garaian euskara ikasteko zeuden zailtasunak gorabehera, gogotsu, bere burua euskalduntzea lortu zuen.

Gerora idazle emankorra bilakatu zen Aresti, euskaldunberria izanik ere, poesia eta antzerki lan bikainak idatziz. Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), eta Harrizko herri hau (1971) liburuek errealismo sozialaren bidetik eraman zuten euskal poesia, irudi-mundu berria sortu arte. Poesiaren alorrean ezagunagoa bada ere beste genero batzuk landu zituen: antzerkia, batez ere, ipuina eta nobela falta ez badira ere bere produkzioan. Itzulpen asko utzi zituen bere lanen artean, eta gurearen antzeko hizkuntza minorizatuetako idazleen itzulpenez gain, poesia modernoaren maisuen lanak euskaraz eman zituen: García Lorcarenak edo T. S. Eliotenak adibidez.

Literatura mundua aldatzeko gai zela ustez idatzi zuen Gabriel Arestik eta bere lanak garrantzi handia hartu zuen, poesiaren eta antzerkiaren bidez bere ideiak gizarteratu zituelarik frankismoaren aurka eta frankismoak eraikitako gizarte moldeen aurka. 

Euskaltzaindian ere, euskara batuaren inguruko eztabaidetan parte hartu zuen, Arantzazuko bilkuran, sektore tradizionalista itxienen aurrean batuaren aldeko aldarrikapen sutsua eginez. Horregatik, baita gizarte gaiekiko bere ikuspegi aurrerakoiagatik eta bere euskaldunberri izaera harro aldarrikatzeagatik, oso gaizki hartu zuten sektore horiek.

Gizartean eztabaida zabaldu zuen eta urte haietan euskal gizartean eta kulturan gertatzen ziren kontraesanen eredu bihurtu zuen bere bizitza. Euskaldunberria izateaz gain, ez zen apaiza (ohikoena orduko idazle eta hizkuntzalarien artean) baina gainera ofizioz ez zen letra gizona izan, kontularia baizik.

Euskaldunberrientzako eredugarri moduan har daiteke bere biografia eta euskararen alde berak egindako lana, horregatik haren izena darama gure euskaltegiak, egungo Bilbo urbano, moderno eta dinamikoan euskara bizi dela eta euskaraz bizi daitekeela dakigulako.