Korrika 16
 
 

  • Hasiera

  • KORRIKA
  • Zer da Korrika?
  • Aurreko Korrikak

  • KORRIKA 16
  • Mezua
  • Omenduak
  • Nola hartu parte
  • Ibilbidea
  • Kanta/bideoa

  • KORRIKA KULTURALA
  • Zer da?
  • Ekitaldiak

  • KULTURBIRA
  • Zer da?
  •  
     

     
    Sartu
     
     




     


     Saioa hasteko arazorik?
     Berria zara? Izena eman!
     
     

    Korrika 16
    Eskerrik asko Euskal Herria!  
     

    Gaur (apirilaren 7an), Korrika 16ren balorazioa egin da Bilboko Kalderapeko kultur gunean goizeko 12etan. Prentsaurrekoan AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika eta AEKren Artezkaritza kide Fernan Landaburu, Asier Amondo, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu eta Oskar Elizburu eta Korrika 16ren arduradun Edurne Brouardek hartu dute parte.

    Burutu berri duten ekimen erraldoiarekin, Korrika 16rekin, harro eta pozik azaldu dira AEK eta Korrika kideak. Izan ere, Korrika honetako parte hartzea sekulakoa izan da, askotan esan ohi baita edizio honetakoa korrikarik jendetsuena izan dela.

    Korrika arduradunak bi arrazoi izan ditu hori baieztatzeko: batetik, furgonetan doazen ekipoek, izugarrizko lan bikaina egin duten ekipoek, egunez egun, transmititu dituzten datuak. Talde hauek Korrika bat baino gehiago egindakoak dira; oso ongi dakite zertaz ari diren eta konparazioak egiteko gaitasun handia dute.

    ­­­­­andramarizuriaplaza­Bestetik, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan Korrika 16ri igandean egin zitzaion harrera beroa. Aurreko erreferentzia zeukaten Korrika 16ren antolatzaileek. Izan ere, aurten hil diren bi pertsona handiren laguntza (Mikel Laboa eta Enrike Knörr) izan zuen 9. edizioa bertan bukatu zen. Plaza garai hartan baino zabalagoa dela aipatu du Brouardek, eta “hala ere, bete-beteta egon zen. Bai plaza eta bai plazatara zetozen kaleak”. Kalkuluak aterata, “Zeledonen jaitsieran baino jende gehiago elkartu egin zela Korrika 16ren bukaeran”.

    Partaidetza handiko Korrika, beraz. Asko eta asko izan dira Korrika Batzordeetan, herriz herri, auzoz auzo egiten diren batzorde horietan lan egiteko hurbildu direnak. Asko eta asko izan dira Korrika Kulturalean antolatutako 300 ekitaldi kulturaletan parte hartu dutenak. Asko eta asko izan dira atzerrian egindako Korrikak: Bartzelona, Madril, Argentina, Uruguay, Mexico, Txina, New York eta London, besteak beste. Eta asko eta asko izan dira, euskararen eremu osoa zeharkatu duen Korrika eredutzat hartuta, euren herrietan, euren hizkuntzak defendatzeko lan egiten duten lagunak eta gurekin izan ditugunak; bretoiak eta irlandarrak, kasu.

    Honez gain, bere helburuak bete izan dituen Korrika zabala izan dugu: mota, adin eta sektore guztietako jendeak hartu du parte. Honen erakusgarri, esaterako, Baionan alderdi guzti-guztiek egindako kilometro bateratua eta Hegoaldean alderdi guztietako udaletxeek Korrika lagundu izana.

    Korrika zabala, parte hartzailea eta jendetsua. Brouardek eskerrak eman dizkio Korrika 16 burutzen lagundu duten guztiei. Baina, dena ez dela gozoa izan gogoratu du. Egunotan, Korrikari oztopoak jartzen ahalegindu dira banaka batzuk. Gutxi horiek Korrikaren muina eta izaerari erreparatu beharrean, “anekdotarioan oinarritu dira eta Korrikarekin zerikusia ez duten gauza batean murgildu dira”.

    Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 13. edizioaz geroztik oztopoak jarri dizkio euskararen aldeko lasterketari. Aurten, urrats txiki bat eman dute, Korrikaren arduradunek itxaropentsu hartu zuten Euskarabidearen kilometroa. Dena den, Nafarroako Gobernuaren laguntza horretara mugatu zen eta laguntza hori ere kentzeko erabakia hartu zuten.

    Bestalde, hedabide gutxi batzuen jarrera ere ez da gozoa izan. Baina, “horrek ez gaitu harritu. 29 urte eta 16 edizio dauzkan Korrika bezala ekimena existitzen dela konturatzeko izan duten gaitasun falta izan da harritu gaituena”, esan du Brouardek. “Ez dute Korrikaren barri eman, beste gauza bat “saldu” nahi izan dute hedabide gutxi batzuek”.

    Gozoak ez diren gertakariekin bukatzeko Brouardek Dignidad y Justicia eta España y Libertad “talde ultren” salaketa judizialak aipatu ditu eta AEK-ren erantzun argia eman du: “Korrikak euskararen apologia baino ez du egin 11 egun hauetan eta beste edozer ondoriozta nahi izatea euskarari eta beroren aldeko edozein ekitaldiri dioten amorruaren erakusgarri zitala da”.

    AEK-k ere hausnarketa egingo duela adierazi du Korrika 16ren arduradunak. Eragile guztiei Korrika aurretik banatzen zaien gutuna ekarri du gogora eta kilometroa erosi eta lekukoa eramaten dutenenganako eman diren errespetu faltak hurrengo edizioetan errepika ez daitezen ahalegina egingo dela gaineratu du. Halaber, Brouardek Korrikan parte hartzen duten guztiei ere hausnarketa bere egiteko eskatu die.

    Honen guztiaren gainetik, eskerrik asko Korrikaren mezua eta izaera zabaltzen lagundu duten komunikabide eta kazetariei, kilometro erosi duten guztiei, parte hartu duten alderdi politiko, sindikatu, diputazio, elkarte eta norbanako guztiei, Korrika batzordeetan lan egin duten guztiei, arropa erosi dutenei, espaloietan txaloka egon diren guztiei, Korrika Laguntzaileak egin direnei eta batez ere, eskerrik asko AEK-ko irakasle eta ikasleei.

    Brouardek igandean Andra Mari Zuriaren plazan Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek irakurritako mezuaren ardatza gogoratu du: ezagutza eta erabilera. Oraindik ez dakitenei ikas dezaten egin die dei eta noski, dakitenei erabil dezaten eskatu die. Instituzioei ere eskaera berezia, baina ez berria, egin die: “lagun dezaten, euskara susta dezaten eta elkarlanean ari gaitezen”.

    ­eskerrikasko

    Bestalde, Nafarroako tonbolako bidaiaren zozketa egin dugu. Itsaslur bidaia agentziak Asturiasera asteburu pasa gonbidatuko zaitu zuk boleto sariduna baduzu. Zenbakia: 327 da. ZORIONAK!!

    Saria jasotzeko: Nafarroako Korrika Bulegoa (Errekoletak kalea 16, Iruñea) - 948 211 315.­


     
         

    Korrika 16
    Korrika 16ren balorazioa (deialdia)  
     

    Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, amaitu da 16. Korrika. Iritsi zaigu lehen orduko balorazioak egiteko ordua, eta AEK-k horren berri eman nahi du prentsaurreko honen bidez. Beraz, AEK-k eta Korrikak, euskal gizarteari eskerrak emateaz gain, jendaurreko balorazioa eskaintzeko emango duten prentsaurrekora gonbidatzen zaituztete.

    Noiz: apirilak 7, asteartea

    Non: Bilboko Kalderapeko Kulturgunean (Perro kalea, 1)

    Ordua: eguerdiko 12:00etan

    Partaideak: Edurne Brouard 16. Korrikaren arduraduna, eta Mertxe Mugika, Aitziber Sarasola, Asier Amondo, Fernando Landaburu, Oskar Elizburu eta Jakes Bortairu AEKren zuzendaritzako kideak.

     Kor_CIAN


     

      
         

    Korrika 16
    Esaguzu euskaraz, emaguzu muxu!!!  
     

    Korrika 16 bukatu da. Gora 17. Korrika!

    Gasteizek harrera beroa eta oso jendetsua egin dio Korrika 16ri. Inoizko Korrikaren bukaerarik jendetsuena izan da g­aurkoa eta euskaltzalez gainezka egon da Andra Mari Zuriaren Plaza ordu bata aldera Korrika bere helmugara heldu denean.

    Ohi denez, azken kilometroa, 2503.a, AEKren zuzendaritzako kideek egin dute lekuko barruan joan den mezuaren egileekin batera; Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera, alegia.

    Hauxe da Korrika 16ren lekuko barruan eskurik esku ibili den mezu izkutuaren edukia:

    ESAGUZU EUSKARAZ, EMAGUZU MUXU

    Imagen_002­Bada altxor bat mundu osoan euskaldunok bakarrik duguna. Ez da ezkutuan dagoen horietakoa, lurpean edo uharte bakarti batean gorderik dagoena, ez da filmetakoa ere. Altxor hori egiazkoa da, eta gu denona, denok elkarrekin partekatzeko modukoa.

    Partekatuz bakarrik hartzen du bere benetako balioa, gainera. Altxor hori ezpainetan dugu, beti prest, emateko eta jasotzeko, edo biak batera, akaso. Asmatu al duzu dagoeneko zer den? Bai?...

    Bai! Muxua da, edo… Bai! Euskara da. Edo biak batera. Biak baitira partekatzeko. Biak ezpainetan, goxo, zugandik gugana eta gugandik zugana. Guk nahi dugu, eta prest gaude. Eta zuk, eman nahi al diguzu muxu? Egingo al diguzu euskaraz?

    Hara! Gu ez gara lau katu, eta zure lagunak gara. Beste hizkuntzak maite ditugu, eta ezagutu nahi ditugu, eta erabiltzen ditugu, baina bizi, euskaraz egin nahi dugu, mundua koloretakoa atsegin dugulako, eta ez zuri-beltza. Munduari gure kolorea eman nahi diogu, euskararena, etxetik hasita, Euskal Herritik.

    Koloretan amestu nahi dugu, koloretan esnatu, jolastu, ikasi, kantatu, dantzatu, barre eta negar egin. Euskaraz irakurri nahi ditugu egunkaria eta ipuinak, euskaraz ikusi nahi dugu antzerkia eta zinema. Euskaraz entzun nahi dugu irratia. Euskaraz egin nahi dugu gaixorik gaudenean medikuarekin, erosketak egitean saltzailearekin, postariarekin, kale-garbitzailearekin, udaltzainekin eta alkatearekin. Eta batez ere euskaraz, noski, zuekin, gurasoekin. Euskara entzun nahi dugu zuen artean, ikusten dugunetik ikasten dugulako. Ez pentsa guk ikastolan euskaraz ikasi eta jolastearekin nahikoa denik. Zuek euskaraz egingo ez baduzue, euskara umeen gauza dela pentsatuko dugu, gure artekoa, eta guk handitan zuek bezalakoak izan nahi dugu. Zuek bezalakoak, baina euskaldunak, txo!

    Bai, ama. Bai, aita, orain zure txanda da. Eman izena eta zoaz euskaltegira!

    Baldin badakizu, erabili ezpainak. Eta ez badakizu, guk lagunduko dizugu. Animo eta ikasi! Maite zaitugulako, esaguzu euskaraz, emaguzu muxu.

    Aupa zu! Eta aupa gu! Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin! Elkarrekin KORRIKA eta euskaraz! Gora Korrika eta Gora euskara!!!


     

      
         

    Korrika 16
    ONGI ETORRI GASTEIZERA, EUSKARAZ BIZI NAHI DUEN HIRIRA!  
     

    AEK-k ongietorria egiten dizue gure herrira, gure etxera, gure artera zatozenoi. AEK-k berdin egin nahi du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi dizue lasterketa erraldoi eta arrakastatsu honetan lagundu duzuen guztioi: erakundeoi, euskalgintzan zabiltzaten guztioi, euskaltzaleoi, euskaldun eta euskaldundu nahi duzuen guztioi, bertokoei zein kanpotik zatozenoi. Ongi etorri, bai; ongi etorriak zarete azken 10 egunotan, gau eta egun, kilometroz kilometro, lekukoa eskuz esku ibili duzuen guztiok.

    Ongi etorriak ere Euskal Herriko txoko guztietan Korrikari harrera abegitsua egin diozuen guztiok, eta, nola ez, Korrika aurreneko aldiz ezagutu duzuen guztiok. Lehenengo KORRIKA 1980an egin genuen. Ordurako AEK lanean ari zen helduen euskalduntzen eta alfabetatzen. Euskararen aurkako jarrera erasokor handienaren azken taupadak izan ziren orduan. Oraindik ere frankismoaren eta lege jakobinoen ondorio zuzenak pairatzen genituen garaiak izan ziren. Gero etorri dira euskararen legeak eta euskara arautzen duten erakundeak.

    Urte hauetan guztietan, euskararekiko jarrerak samurtu egin dira eta bidean egindako lanak asko izan dira. Baina, oraindik ere, egiteko asko dugu. UNESCOren azken iritzien arabera, euskara oraindik ere galzorian dagoen hizkuntza gutxitua da eta hori ezin dugu ahaztu. Lurralde ezberdinen artean desoreka nabarmena dagoela ere badakigu. Orain, gainera, samurtzearen bidea albo batera utzirik, berriz ere konfrontazio linguistikoa areagotzeko deietan dabiltza gutxi batzuk. Baina guk, Korrika arrakastatsu hau egin egin dugun guztiok, ez gaude konfrontazio antzuetarako prest.

    ­aek 


     
         

        12345678910111213141516171819   >

     
         



    KORRIKAREN BULEGOAK
    ARABA: Arana kalea, 30 behea 01002 GASTEIZ - Tel: 945 261 220 - Faxa: 945 261 220
    BIZKAIA: Txakur kalea, 1-4.a 48005 BILBO - Tel: 944 159 512 - Faxa: 944 166 555
    GIPUZKOA: Iztueta kalea, 3 behea 20001 DONOSTIA - Tel: 943 327 612 - Faxa: 943 327 609
    IPARRALDEA: Marengo karrika, 22 64100 BAIONA - Tel: 05 59 25 76 09 - Faxa: 05 59 59 25 80
    NAFARROA: Errekoleten kalea, 16 behea 31001 IRUÑEA - Tel: 948 211 315 - Faxa: 948 221 450