Eustat

Eustat Euskadi.net

Zuzendariaren Ongi Etorria

Ongi etorri Euskal Estatistika Erakundera (EUSTAT). Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko bat da, eta gure erkidegoko gizartearen eta ekonomiaren alderdi guztiei buruzko estatistika-informazioa biltzeaz, aztertzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da.

Estatistika ofizialez arduratzen den beste edozein agentziak bezala, EUSTATek oinarrizko hiru hastapen ditu: beregaintasuna irizpide eta metodologia estatistikoan, isilpekotasuna, eta erabiltzaileen nahiei eta beharrei erantzutea.

Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da EUSTAT, eta eratu zen 1986tik hona, beste edozein estatistika-sistema publikoren mailara iritsi da, datuen erabilgarritasunari eta kalitateari dagokionez, bai nazioan, bai nazioartean.

EUSTATek, urtero, 10.000 argitalpenetik gora banatzen edo saltzen ditu; neurrira egindako datu-ustiapenen 500 eskaera inguru prozesatzen ditu; telefono bidez egindako 2.000 informazio-eskaerari baino gehiagori erantzuten die. Dokumentazio-zerbitzuan milaka kontsulta egiten dira; eta gure webgunea 200.000 erabiltzailek baino gehiagok erabiltzen dute, 2 milioi sarrera inguru eginda. EUSTATek arretaz begiratzen ditu gizarteko eragileen eskakizunak: hala nola herritarrenak, komunikabideenak, herri-administrazioenak, enpresaburuenak, langileen eta profesionalen ordezkarienak, nazioarteko erakundeenak, ikertzaileenak, hezkuntza-sistemarenak eta liburutegienak. Horretarako, horien guztien eskueran jartzen ditu berak zein beste erakunde batzuek egindako estatistikak.

EUSTAT zerbitzu publiko beregaina da, eta ez du inolako loturarik ezein interes politiko edo ekonomiko berezirekin; era berean, erakunde zehatza eta fidagarria da, eta estatistika homologatuak eta ez-alderdikariak egiten ditu, datu objektibo eta teknikoki fidagarrietan oinarrituta. Estatistika horien hedatze ofiziala, gainera, datuen lantze-lanak eta kalitate-kontrola amaitu bezain laster egiten da, inolako interferentziarik gabe. Horrek esan nahi du erabiltzaile guztiek -publikoek zein pribatuek-, estatistika-datu horiek hedatzen direnean, aldi berean eskuratzen dituztela guztiek. Horretarako, urte-hasieran ezartzen da noiz egongo diren prest datu horiek.

EUSTATen oinarrizko bigarren hastapena isilpekotasuna da: horrek esan nahi du herritarrek eta erakundeek estatistikak egiteko ematen dituzten datuak estatistika-sekretuaren babespean daudela. EUSTATek ziurtatzen du ez duela emango bere emaileak banaka ezagutaraziko dituen inolako daturik. Era berean, ziurtatzen du beste ezein erakunde publikok edo pribatuk ez dituela gure fitxategi automatizatuak eskuratu ahal izango, eta fitxategi horiek ez daitezkeela gurutza beste fitxategi batzuekin -non eta estatistika-fitxategiak ez diren- edo EUSTATenak ez diren beste batzuekin.

Gure helburu nagusia, dena dela, ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristea da, eta horien beharrei ahalik denbora laburrenean erantzutea. Erabiltzaileei neurrira egindako informazioa eskaintzeko eta era guztietako eskaerei erantzuteko, datuak euskarri askotan banatzen ditugu, prentsa oharretatik eta paperezko argitalpen errazetatik hasi eta gure datu-bankuak on-line kontsultatzeraino.

Horregatik guztiagatik, zure konfiantza, gurekin kontatzea eta EUSTATen zerbitzari honetan sartzea eskertzen dizkizugu. Izan zaitez ongi etorria, behar duzun informazioa eskainiko dizugu, ziur egon.

Javier Forcada Sainz

Zuzendari orokorra