Eustat

Eustat Euskadi.net

Nekazal Zentsua 2009

1. Zer da?

Nekazaritza zentsua estatistika-eragiketa handi bat da. Aldizka egiten da, herrialde baten edo herrialde bateko alde handi baten nekazaritza sektorearen egiturari buruzko datuak bildu, prozesatu eta hedatzeko. Honako hauek dira egiturari buruz biltzen diren datu ohikoenak: nekazaritza ustiategiaren tamaina, lurren jabetza eta aprobetxamendua, landutako eremuak, ureztatzea, abeltzaintzako unitate kopurua, langile kopurua eta nekazaritza eta abelazkuntzari lotutako bestelako datuak.

Euskal Autonomia Erkidegoak EINekin lankidetza hitzarmena sinatu du. Horren arabera, Eustat da eragiketaren arduraduna baina Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin elkarlanean arituko da.

2. Zein dira helburuak?

1) Nekazaritzaren egoera aztertzea eta ustiategien egiturazko eboluzioaren jarraipena egitea.
2) Nekazaritzako ustiategien esparru edo direktorio bat egitea. Horrek nekazaritza arloan egiten diren sektore-inkestetarako lagin-diseinuak egiteko balio behar izango du.
3) Europar Batasunak Kontseiluaren araudietan ezartzen dituen legezko arauak betetzea, eta estatistika-datuen eskaerei erantzutea.

3. Nori eskatzen zaio informazioa?

Nekazaritza eta abelazkuntza ustiategi guztiei; ez da kontuan hartuko ustiategien titular gisa jarduten duen pertsona fisikoa edo juridikoa, eta nekazaritzako ekoizpenaren xedea. Horretarako, alabaina, gutxienez honako irizpideetako bat bete beharko da:

- Nekazaritzako Azalera Erabilgarrirako (NAE) 1 ha.
- NAEaren 0,2 ha: estali gabe eta aterpe baxuan dauden barazki, lore eta landare apaingarrietarako; negutegietako laboreetarako, edo ureztatzen diren edo mintegietan dauden fruta-arboletarako (zitrikoak barne).
- NAEaren 0,1 ha, negutegiko barazkietarako.
- NAEaren 0,1 ha, negutegiko lore eta landarea apaingarrietarako.
- NAEaren 0,5 ha tabakorako.
- NAEaren 0,5 ha lupulurako.
- NAEaren 0,5 ha kotoirako.
- 0,75 Europako Dimentsio Unitate (EDU) edo gehiagoko Guztizko Marjina Gordina izan duten Abeltzaintzako Unitate (AU) bat edo gehiago.

Informazioa 2008-2009 nekazaritza urteari buruzkoa da, hau da, 2008ko urriaren 1etik 2009ko irailaren 30era bitarteko ereiteko kanpainari buruzkoa. Ezaugarri jakin batzuk, dena den, salbuespen izango dira; elkarrizketa eguna erreferentziatzat hartzen duen abeltzaintza, adibidez. Landa garapenerako neurriak hartzean erreferentzia aldia hiru urtekoa izaten da, eta 2009ko abenduaren 31n amaitzen da.

4. Zer informazio eskatzen da?

Galdeketa errazago betetze aldera ezinbestekoa da zuk edo informazioa emateko zure ordezkari gisa jardungo duen pertsonak ondo ezagutzea ustiategia eta, beraz, datu hauek emateko gai izatea:

- Lurra edukitzeko araubidea
- Lur landu bakoitzerako erabilitako azalerak
- Abelburu kopurua
- Ureztatutako azalera
- Ustiategian lan egiten duen pertsona kopurua eta lanean emandako egun kopurua
- Nekazaritza ekologikoko metodoen erabilera
- Jarduera osagarriak
- Ekoizpenaren norakoa eta merkaturatzea

5. Eskatutako informazioa isilpekoa da?

Ematen den informazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko 4/1986 Legeko 19-23 artikuluetan ezarri den sekretu estatistikoak babesten du; lege horretan ezarri da emandako datu guztiak sekretu estatistikoaren babesean daudela eta informazio hori ezin zaiola eman inongo pertsona edo erakunderi (publikoa nahiz pribatua). Bestalde, informazio hori guztia Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko 1989ko maiatzaren 9ko Legearen 13-19 artikuluetan (EAO, 1989ko maiatzaren 11koa) ezarritakoak ere babesten du.

6. Nahitaez eman behar da?

Pertsonek edo erakundeek nahitaez eman behar dute eskatzen zaien informazio estatistikoa, berdin da zein den horien izaera fisikoa edo juridikoa, publikoa nahiz pribatua, horrela ezarri baita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko 4/1986 Legeko 9-16 artikuluetan eta 13/1996 Legean (EAO, 1996ko abenduaren 31koa).

7. Nola bete behar da inkesta?

2009ko Nekazaritza Zentsuko informazioa urriaren 1ean hasiko da biltzen, baina egun hori baino lehen ustiategien titularrek aurkezpen gutun bat jasoko dute etxean.

Galdeketa betetzeari dagokionez, bidezko akreditazioa duen zentsu-agente bat titularrekin harremanetan jarriko da telefonoz edo zuzenean etxera joanda. Bestela, galdeketa Internet bidez bete daiteke www.eustat.es eta horretarako etxera bidalitako aurkezpen gutunean agertzen diren erabiltzailea eta pasahitza erabili beharko dira.

8. Non eska dezaket informazio gehiago eta non galdetu behar ditut zalantzak?

Informazioa bilduko den denboran zehar doako telefono batera deitu ahal izango da: 900 840820.