Eustat

Eustat Euskadi.net
back

2006/11/29ko prentsa-oharra

EUSKAL AEko 2006ko TXOSTEN SOZIOEKONOMIKOA



Eustatek Euskal AEko gizartearen erradiografia aurkeztu du “Euskal AEko 2006ko Txosten Sozioekonomikoa”n


Euskal Estatistika Erakundea-Instituto Vasco de Estadistica-ren XX. urteurrenaren baitan


Eustatek “Euskal AEko Txosten Sozioekonomia” aurkeztu du Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Euskal Estatistika Erakundea-Instituto Vasco de Estadistica-ren XX. urteurrenaren baitan. Argitalpen horren aurkezpenean parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburu Idoia Zenarrutzabeitiak, Eustateko zuzendari nagusi Josu Iradik eta txostenaren koordinatzaile Mikel Zurbanok.


Txosten Sozioekonomikoa bost urtean behin eguneratzen den argitalpena da eta interes sozioekonomikoko hainbat alorretan Euskal AEk duen garapen-mailaren ikuspuntu bateratua eta sintetikoa eskaintzen du, denboran izan duen garapena eta inguruko autonomia-erkidegoen eta herrialdeen aldean izan duena zehaztasunez aztertuz.


Lanak hamalau kapitulu ditu, beste hainbeste egilerenak. Mikel Zurbano eta Jon Leonardo irakasleak izan dira gainerako irakasle eta unibertsitateko adituen koordinatzaile. Beraien hitzetan, “Euskal AEko gizarteari eragiten dizkieten eta historia hurbila erakargarri egiten duten aldaketa sozioekonomiko sakonak interpretatzeko markoa ezartzeko ahalegin zorrotza izan da Euskal AEko 2006ko Txosten Sozioekonomikoa egitea”.


Txosten Sozioekonomikoak honako gaiak lantzen ditu:


Atzerriko Biztanleria lehenengo aldiz ageri da mota honetako txosten batean. Hala behar zuen hasiberria izan arren, ibilbide zabaldekoa den eta egun eztabaida handiak sortzen dituen inmigrazioaren fenomenoarekin bat etortzeko. Euskal AEn asentatutako atzerriko inmigrazioari dagokionez, gero eta lantinoamerikarragoa dela ageri da, inmigrazio europearra ordezten ari dela eta egun hirigunetan bizi dela, gehien bat hiriburuetan. Izan ere, Euskal AEko atzerriko inmigrazioaren bi heren hiriburuek hartzen dituzte.


Euskal AEko Ekonomiari dagokion kapituluan, duela gutxiko bilakaerearen marko orokorra eta Europar Batasuneko Ekonomia eta Diru Batasunaren testuinguruko ekonomiaren diagnosia egin dira. Egilearen arabera, Euskal AEk Europar eremuan proiektu propioa bideratzeko erronka du aurrean, informazioaren gizartearen markoan produkzio-ehunaren modernizazioa eta, orobat, kohesioa bermatuko duen gizarte-garapen inklusiboa osotasunean bateratuz.


Bizi baldintzen kapituluak Euskal AEko biztanleen bizi baldintzek 1989-2004 aldian izan dituzten aldaketak aztertzen ditu. Azken urteotako hobekuntza orokorra ageri da; baina esklusioaz eta Euskal AEko biztanleen zati txiki bati eragiten dion pobrezia-arriskuaz ohartararazten gaitu.



Errentaren banaketari dagokionez, 1997tik 2001era Euskal AEko batez besteko errenta pertsonala %28 igo zela ageri da, hots, nabarmen igo zela eta beronen osagaien pisua ia konstante mantendu zela. Halaber, diagnosi horrek arreta berezi jarri du egun ere mantentzen diren errenta-desberdintasunetan, bereziki genero artekoetan.


Lan-merkatuari buruzko kapituluak lan-eremuan izandako aldaketa sozioekonomiko handiak jorratzen ditu. Atentzioa ematen du biztanleria aktiboaren hazkundeak, emigrazioaren igoera nabarmenak eta emakumearen lan-munduratzeak eragindakoak, oraindik ere Europako batez besteko zifren azpitik dagoen arren. Biztanleria aktiboaren hazkunde hori izanda ere, berriki izandako hazkunde ekonomiko handiaren eraginez enplegu-tasa nabarmen jaitsi da, modu desberdinean eraginez generoaren eta lurraldearen arabera. Sortutako enpleguaren kalitateari dagokionez, duela gutxira arte tipikoa zen lan-harremanari (mugagabea, lanaldi osokoa eta plantillakoa) lekua kentzen ari zaio lan-harreman sortu berri, hau da, aldibaterakoa, partziala eta kanpokoa.


Demografiari buruzko kapituluan, argi ikusten dira aldaketa demografiko garrantzitsuenak. Ez dira soilik aldaketa nabarmenenak islatzen, hots, bizi-itxaropenaren luzapena, jaiotza-tasen jaitsiera... Aldaketa horiez gain, rolen banaketarekin, erikortasunarekin eta antzekoekin zerikusia dutenak ere azaltzen dira.


Osasuna. Argi geratzen da euskal herritarren osasunak hobera egin duela, baina paradoxikoki, agerian geratzen da, halaber, biztanleen bizi-baldintzetan izandako hobekuntzak osasun-zerbitzuen eskaera gero eta handiagoa sortzen duela. Eskaera horren gorakadan eragin zuzena izan dute bizi-itxaropena luzatzeak eta biztanleria zahartzeak, baliabide-beharrak izugarri altxatu baitira gastuen bilakaeraren oso gainetik.


Etxebizitza. Oro har, egoerak hobera egin du bai instalazioen kalitateari dagokionez, bai eta etxebizitzetarako batez besteko gainazal erabilgarri handiagoa izateari dagokionez ere. Jabetza-erregimena areagotu egin da eta etxebizitza hutsen kopuruak eten gabe behera egin du 1981az geroztik. Bestalde, etxebizitzen merkatuan sartzeko beharretik eratorritako kostu diferentziala ere aurki daiteke, beste autonomia-erkidego batzuen aldean.


Gizarte Ongizatea eta Gizarteratzea. Kapitulu honetan ikusten da eraldaketarik nabarmenetakoa, arlo askotan hobekuntza garrantzitsua ekarri duena. Bestalde, Euskal AEko gizarte-babeserako sistema aurrerantz doa, Europako Batasuneko beste herrialde batzuekin bateratze-bidean, nahiz eta badiren zenbait ezberdintasun. Hala ere, familia-egitura indartsuei esker konpentsatu egiten dira langabezia-, gaixotasun-, dibortzio-... egoerak. Hori dela eta, Euskal AEkoa bezalako gizarteetan pobrezia eta gizarte-bazterkeria ez dira modu esanguratsuan hazi, Europako iparreko beste zenbait herrialdetan gertatu denez.


Hezkuntza. Azaltzen duenez, ikasle-kopurua pixkanaka jaisten ari da, titulazio batzuetako emakumeen gehiengoa goraka ari da, eta murriztuz doa ikasle/irakasle ratioa.


Euskararen kapituluan, batetik, haur-hezkuntzan lortutako emaitza bikainak ikusten dira, eskola-mailan batez ere. D eredua argiki gailendu zaie besteei, baina badira, bestalde, egiturazko ahultasunak ere, bereiziki euskara eskola-sisteman ez ezik eguneroko bizitzan ere ohiko hizkuntza bilakatzeko bidean.


Ingurumenaren kapituluan Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020 hartzen da hizpide, hori baita Euskal AEko ingurumen-politikako mugarri garrantzitsuena. Adierazten denez, estrategia betetzearen maila nahiko handia da.


Zientzia eta Teknologia gaien inguruko kapituluan azken urteotan egindako ahaleginak nabarmentzen dira. Euskal AE estatuko batez bestekoaren gainetik dagoela ikus daiteke. Ildo horretan, zentro teknologikoak finkatu izana nabarmentzen du, eta, horrez gain, arlo horretan duten paper funtsezkoa. Hala ere, ideia horri kontrajarririk, unibertsitate-sektorean dauden gabeziak agerian uzten ditu eta gabeziak gainditzen aurrera egitera animatzen du. Egilearen arabera, jarduera zientifikoen eta teknologikoen helburu industriala ez da enpresa-eragileen eta unibertsitatearen arteko erlazioak errazten dituen elementua. Horien arteko ebakia ixtea da lan honetan aipatutako proposamen nabarmenetakoa.


Azkenik, Informazioaren Gizartea aztertzen du, gaiaren bost alderdi hauei xeheki erreparatuz: industria, erabiltzaileak, azpiegiturak, edukiak eta ingurunea. Kapituluan azaltzen denez, informazioaren gizarteranzko aurrerapausoak izan dira, eta Euskal AE estatuko gainerako erkidegoekin alderatuz gero, aldagai guztietan lehenengo postuetan dagoela ikusten da. Horri esker, Europar Batasunean puntakoak diren beste eskualde batzuekin dagoen aldea murriztu egin da.





Informazio gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01
Harremanetarako: Manu Riveiros
Tlf:+34-945-01 75 62