Eustat

Eustat Euskadi.net

2009/05/15eko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA-FAMILIAK. 2009


Euskal AEko Internet erabiltzaileen %25ek erosi du sarearen bidez 2009an


Gutxitu egin da generoen arteko aldea Interneten erabiltzaileen artean


2009ko lehen hiruhilekoan Interneten bidez erosi duten pertsonak 236.000 izan dira, erabiltzaileen %24,9 Eustaten datuen arabera; aurreko hiruhilekoan baino 6.000 gehiago (%+2,7), eta 21.000 gehiago 2008ko bigarrenarekin alderatuz gero, ia %10 gehiago.


Euskal AEko 15 urte edo gehiagoko Interneten erabiltzaileak 2009ko lehen hiruhilekoan, adin horretako Euskal AE osoko %51,7 izan ziren, 950.600 pertsona; hazi egin dira, baita ere. 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean %2,3ko hazkundea da..


Herrialdeen arteko aldeak txikiak dira, erabiltzaile-ehunekoei begiratuz gero. 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean, Gipuzkoan izan da hazkunderik handiena, %3,2, Internet erabiltzaileak biztanleriaren %51,7 direlarik. Bizkaian %2,5eko igoera izan da, eta 15 urte baino gehiagoko biztanleriaren %51,8k erabiltzen du Internet. Araban %-0,5eko jaitsiera txikia izan da, 15 urte eta gehiagoko Internet erabiltzaileak %51,2 direlarik.


1. grafikoa. 15 urte eta gehiagoko biztanleen bilakaera, etxean IKT hornikuntzetarako sarbidearen arabera, hiruhilekoei jarraiki. 1999-2009. %

graf0005172_01_e.png

Iturria: EUSTAT


Adinari begiratuz gero, 55-64 urte bitarteko erabiltzaileen kopuruaren hazkundea nabarmentzen da, %+10,6 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean; 45-54 urte bitartekoek %6,2ko hazkundea izan dute. 64 urte baino gehiagokoen artean %-5,6ko jaitsiera dago, baina kolektibo honetan ere, 2008ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, hazkundea (%+12,2) dago. Gainerako adin-tarteen artean, 15etik 44ra, hazkunde apalak %0,4 eta %0,7 bitartean daude.

Genero-aldea, 2008ko laugarren hiruhilekoan ehuneko 8,8 puntu, 8,3ra jaitsi da 2009ko lehenengoan, 2007ko minimora, 5,6 puntura, jaitsi ez bada ere. 15 urte eta gehiagokoen artean, gizonen %56 dira erabiltzaile, eta emakumeen %47,7. 2009ko lehen hiruhilekoan, Interneteko erabiltzaile guztien artean, %52,6 gizonak dira eta %47,4 emakumeak.


Langabe eta ez-aktiboen artean izan da erabiltzaile hazkunderik handiena


Jardueraren arabera, ikasleen arteko %97k erabiltzen du Internet; pertsona okupatuen artean, %70,5ek, eta ez-aktiboen eta langabetuen artean %20,4k. 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean hazkunderik handiena, %18,9, ez-aktiboen eta langabetuen artean izan da; hortxe da hazkunde-marjinarik handiena. Ikasleen artean %-5,2 murriztu da, eta pertsona okupatuen artean %+0,6.


Interneten ibiltzeko toki nagusia norberaren etxea da oraindik ere, bertatiko konexioak %3,1 hazi eta erabiltzaile guztien %85,4k etxetik egiten du; halere, hazkunderik handiena lanetikoen artean izan da, %+5,3. Beste lekuetatik egindako sarbideak –ziberkafeak, hotelak, aisialdiko lekuak...zertxobait hazi dira, %0,4 eta %1,9.


Interneten nabigatzeko ingelesaren gorakada garrantzitsua


Ingelesez nabigatzen duten erabiltzaileen ehunekoa %8,2 hazi da. Aitzitik, euskaraz nabigatzen dutenen ehunekoa %-3,2 jaitsi da, 2008ko bigarren hiruhilekoaren aldean %+14,3 hazi bada ere. Gaztelera da hizkuntzarik erabiliena, %2,3 hazi delarik. Interneteko konexioen batez besteko iraupena 50 minutukoa izan da 2009ko lehen hiruhilekoan. 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean ia 6 minutu luzeagoa.


IKT hornikuntzetarako sarbideak gorantz jarraitzen du euskal familia-etxeetan


Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ekipamenduek hedatuz jarraitzen dute gure familia-etxeetan. 2009ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEko familia-etxeen %60k ordenagailua zuten; 2008ko laugarren hiruhilekoan baino %1,7 gehiago, eta aurreko urteko bigarren hiruhilekoan baino %4,8 gehiago.


14 urte baino gehiagoko milioi bat pertsona pasak du konexioa sarera


Interneterako sarbideari dagokionez 428.000 familia pasatxo dira, %51,9, etxean zerbitzu hori dutenak. 2008ko laugarren hiruhilekoaren aldean 12.500 familia berri (%3). Sarera sarbidea duen 14 urte baino gehiagoko biztanleria 55.200 pertsonatan hazi da 2008ko bigarren hiruhilekotik, milioi bat pertsona pasa direlarik.


Familia-etxeetako %89an sakelako telefonoren bat dago. 14 urte baino gehiagoko biztanleak kontuan hartuta, sakelakoa duten pertsonen ehunekoa %93,1 da.

1.taula. Informazioaren gizarteari buruzko inkesta (IGI), familiak

graf0005172_02_e.png

* ALD., %P. = Aldea, ehuneko-puntutan

Iturria: Eustat



Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón
+Tlf:+34-945-01 75 31 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-banku: www.eustat.es/bancopx/spanish/indice.asp