Itzuli orri nagusira

Zer dira RSS eta XMLa?

Interneten informazioa (bereziki albisteak, berriak) banatzeko modu bat. E-posta-z zerbaitetara harpidetzen zara, eta hango mezuak jasotzen dituzu. Ba, RSS edo XML feed batera ere harpidetzen zara, eta N informazio iturritan sortzen diren nobedadeak jasoko dituzu zeurean.

Zertarako?

Web bateko (edo askotako) nobedadeak eta albisteak jakiteko, webgune horiek bisitatzen ibili beharrean, harpidetzen zara XML feed-etara eta zeurera doazkizu abisu laburrak, ze nobedade, zenbat, non...

Honela jaso daitezke, adibidez, zenbait informazio iturriren albisteak, Aurki.com-eko Jarioa zerbitzuan.

Irudi honetan, Neure Jarioa aukera baliatuz, zenbait informazio-iturritan nobedadeak dituela ikusten du erabiltzaileak. Batean klikatu du, hiru nobedade zeuzkalarik han, eta haiek irakurriko ditu: biharamunean, beste nobedaderik ez den bitartean iturri horretan, ez du abisurik izango.

Zer behar da Feed-ak jasotzeko?

Bi gauza bakarrik:

  1. Feed irakurgailu bat.
  2. Irakurgailuan gehitzeko Feed-en helbideak.

Euskaraz, badago zerbitzu bat bi funtzio horiek elkartzen dituena: Jarioa Aurki.com proiektuaren barruan integratua. Euskarazko feed bilduma osoena bertan dago, eta harpidetza egiteko aukera ematen du Zure Jarioa aukerarekin.

Erabiltzaile arruntak ez du Jarioa Aurki.com baino gehiago behar euskarazko feed-ak jarraitzeko. Munduko beste informazio iturri batzuetarako, eta, oro har, Interneteko erabiltzaile aurreratuentzako, ondorengo aholkuak baliagarriak izan daitezke.

Nola lortu feed irakurgailu bat?

Izan daiteke zure ordenagailuan instalatzen den programa bat, e-posta kontrolatzeko Outlook izan daitekeen bezala, badaude sorta bat, adibidez Newsgator edo BottomFeeder

Edo izan daiteke, bestela, sarean irekitako kontu bat, Bloglines (onena, ingelesez) edo Feedmania (gaztelaniaz) zerbitzuak adibidez. Kasu honetan, e-postaren analogia izango litzateke kontu bat izatea Hotmail edo Yahoo Mail bezalako zerbitzu batean.

Non aurkitu feed helbideak?

Albistegi, blog eta abarretan, gero eta sarriago aurkituko dituzu ikono txiki batzuk, normalean laranja kolorekoak, hau bezalakoa adibidez, eta sigla hauetakoren batekin: XML, RSS, RDF, ATOM...

Bestela, abisuren bat feed edo syndicate this site edo holako abisuren bat. Helbide klikagarri bat izango da abisu horretan edo horren ondoan, eta han klikatzen baduzu, zopa-letra arraro bat ikusiko duzu. Zopa-letrak ez du inporta, inporta duena da klikagarri horren URL edo web-helbidea bera. Helbide hori apuntatu behar duzu, eta gero hura gehitu zure feed irakurgailuan.

Urrutirago joan gabe, hemen duzu Sustaturen XML feed-a eta euskarazko feed bilduma ere bai.