Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/11/13 08:00:12.522 GMT+1

Community Manager, lanbide berria

Hedabide sozialak izugarri hazten ari dira Interneten, eta horien abaroan sortzen ari dira ogibide berriak, tartean Community Manager delakoa (CM), alegia, komunitate kudeatzailea. Twitter-en izan nuen horren berri, eta di-da irakurri nuen La función del Community Manager izeneko PDFa, iruditu zitzaidan-eta zerikusi handia izan zezakeela nire lanarekin. Oso argigarria iruditu zitzaidan. Hona hemen presazko laburpen bat, interesatzen baldin bazaizue.

Komunitate kudeatzailea
Zer da baina, CM edo komunitate kudeatzailea enpresa batean? Testuak hainbat definizio ematen ditu, beti ere Interneten sortutako erreminta sozialekin lotuta, baina bereziki gustatu zait Connie Benson-ek ematen duena: “Komunitate kudeatzailea izan behar da enpresaren ahotsa enpresatik kanpo, eta bezeroaren ahotsa enpresa barruan”. Palmira Ríos Genetsis enpresakoaren hitzetan, “komunitate kudeatzailea arduratuko da komunitateak eraikitzen, hazten, kudeatzen eta dinamizatzen ‘marka’ edo ‘kausa’ baten inguruan. Lotura da marka edo kausa eta erabiltzailearen artean”. Jeneralean Komunikazio edo Marketin departamenduetan kokatzen da komunitate kudeatzailea.

Egitekoak
Bost puntutan laburbil daitezke komunitate kudeatzailearen egitekoak:
  1. Entzun. Etengabe arakatu behar du sarea, jakiteko zer esaten den gure enpresaz, gure lehiakideez eta gure merkatuaz.
  2. Hedatu informazio hori barruan. Entzundakotik gauza izan behar da informaziorik inportanteena jaso eta enpresa edo erakundearen barruan zabaltzeko.
  3. Azaldu komunitateari enpresaren jarrera. Komunitate kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean. Erantzun eta hitz egiten du enpresa agertzen den sare sozial guztietan. Halaber, artikuluak idazten ditu enpresaren blogean edo gainerako hedabide sozialetan.
  4. Liderrak bilatu, barruan zein kanpoan. Enpresa guztietan izaten dira liderrak. Komunitate kudeatzailea gai izan behar da horiek antzeman eta biltzeko.
  5. Bilatu elkarlanerako bideak komunitatea eta enpresaren artean.
Lanbidearen ezaugarriak
Oraingoz, inon ez da irakasten lanbide horretarako, baina badira zenbait ezaugarri egoki:
  • Gaitasun teknikoak
    • Enpresaren esparrua. Jakin behar du enpresa zertan dabilen.
    • Marketin, publizitate eta erakundeen komunikazioa.
    • Idazkuntza. Ondo idatzi behar du, gustura.
    • “Geek” ukitua. Gustatu behar zaizkio teknologia berriak, Internet eta Web 2.0.
    • Sormena. Sortzaileek aukera handiagoak dituzte jendearen arreta harrapatzeko.
    • Eskarmentua on line komunikazioan. Jakin egin behar zeintzuk diren kanalik egokienak.
    • 2.0 kultura. Barneratu behar ditu 2.0 kulturaren balioak
  • Gaitasun sozialak
    • Hizlari ona. Komunikatzaile ona izan behar da. Jakin behar du entzuten eta erantzuten.
    • Erabakigarria. Bizkor eta egoki erantzuten du.
    • Sustatzailea. Parte hartzea bilatzen du.
    • Enpatikoa. Badaki bestearen lekuan jartzen.
    • Nortasunekoa. Nortasuna du, eta badaki bere iritziak azaltzen.
    • Ulerbera. Baloratu egiten du komunitateko kideen lana.
    • Talde zalea. Badaki taldea koordinatzen, lana partekatzen...
    • Buruzagia. Lideratu egiten du, parte hartzean oinarrituta.
    • Moderatzailea. Saiatzen da giro onari eusten.
    • Piztailea. Pizgarriak planteatzen ditu.
  • Jarrera
    • Baliagarria. Lankide ona da, eta gustatzen zaio besteei laguntzea.
    • Irekia. Ulertu eta estimatzen du aniztasuna. Ez da kategorikoa.
    • Iritsi-erraza. Hurbila tratuan.
    • Beti edo sarri konektatuta. Sarea etxe du.
    • Konektorea. Harremanetan jartzen ditu komunitateko kideak.
    • Berrizalea. Gustuko du azken joerak harrapatzea.
    • Ebanjelaria. Pasioz bizi ditu marka, enpresa eta bizitza.
    • Komunitatearen defendatzailea. Bezeroak eta erabiltzaileak defendatzen ditu.
    • Gardena. Bai arauetan eta baita erabiltzaileekiko berdintasunean.
Berriro diot. Ahal baduzue, jaitsi, inprimatu eta irakurri La función del Community Manager lan hau. Merezi du.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/11/13 08:00:12.522 GMT+1
Etiketak: community_manager cm komunitate_kudeatzaile | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak