Hemen zaude: Hasiera CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga 2009

2009

Azpi-artxiboak

Etxekoandroid kronika

by Aitzol Naberan — azken aldaketa 2009/07/20 09:20
Etiketak:

etxekoandroid komunitateak 2009ko uztailaren 17an egindako lehenengoko bileraren kronika

Ostiralean bildu ginen EHUko Korta eraikinean android sistema eragilean interesa daukagun zazpi lagun: Gorka Julio Teketen (Elurnet), Iñaki Arizmendi eta Leire Bardají (i2Mapp), Juanan Pereira (Proyelia), Maite Goñi (Jakintza ikastola), Mikel Kerejeta (Tagzania) eta neroni CodeSyntaxetik. Hasiera hasieratik giro polita izan genuen. Deskonferentzia eran antolatutako (horrela esan badaiteke) topaketa izan zen, eta zazpi lagun izateak lagun arteko hizketaldiak erraztu zituen. Horrela, prestatutako aurkezpenetatik kanpo momentuko duda eta
txaskarrilloak komentatzeak pisua hartu zuten. Eskertzen da alboko lagunekin gauza  konkretuetaz hitzegiteko aukera.

 

Argazkiak.org | Etxekoandroid 2009 © cc-by-sa: sustatu

Aspalditik hona gertatzen den bezala Teketenek bideo emanaldia antolatu zuen zuzenean eta bide horretatik bataz beste hamabost bat lagunek jarraitu zuten jardunaldia. Twitter eta beste tokietan ikusitakoaren arabera badirudi badagoela interesa android sistema honetan.

Lehenengo aurkezpena Iñaki Arizmendik egin zuen, eta sistemaren firmware eguneraketak izan zituen mintzagai. Firmwarea telefonoaren oinarrizko sistema da. Operadoreek oinarrizko sistema hau aldatzeko aukera daukate eta horrela eskaini nahi ez dituzten zerbitzuak kendu.
Dena dela android sistema librea den neurrian "edonork" sortu dezake oinarrizko sistema bat eta berau mugikorrean instalatu. Iñakik ezaugarri desberdinak biltzen dituen hiru firmware aurkeztu zituen, baina askoz ere gehiago daude nahi duenak frogatzeko.

Mikel Kerejetak Tagzaniak sortutako Androidarentzako aplikazioa aurkeztu zigun primizian. Aplikazioak tagzania.com webgunean egin daitezkeen ekintzak egitea ahalbidetzen du gure android gailuetatik. Aplikazio hau oraindik ez dago eskuragarri, azken ukitu batzuk falta
zaizkiolako. Hau horrela izanda, Android Developer Challengera aplikazioa aurkezteko komentarioa atera zen. Lehiaketa honetara aurkezteko abuzturako prest izan beharko dute aplikazioa. Ea ba!

Animo!

Juanan Pereirak hainbat Android aplikazio interesgarri aurkeztu zituen:

  •   SipDroid: internet bidezko (VoIP) telefono deiak egiteko aplikazioa. Zuzeneko demo bat ere egin zuen Mountain View-ko pizzak etxera bidaltzen duten enpresen kokaguneaz googleri galdetuz. 
  • Qik!: Zuzeneko bideo streaminga telefono bidez. Gorkak egin zigun erakustaldia.
  • GTalk: Mezularitza aplikazioa.
  • JetPDF: PDFak irakurtzeko aplikazioa. Mota honetako hainbat aplikazio aurkeztu zituen. Dena dela, arlo honetan oraindik asko hobetu behar delakoan gaude.
  • Tetherbot: android mugikorra 3G modem bezala erabiltzeko aplikazioa. Beti jakin nahi izan dut zergatik den horrelako konplexua android telefonoak modem bezala erabiltzea, eta badirudi kontratu arazoak daudela (Vodafonen adibidez kontratuz debekatuta dago hau).1

Leire Bardajík hainbat GPS nabegaziorako aplikazio aurkeztu zituen, dohakoak, ordainpekoak, interneteko konexioa behar dutenak, ez dutenak behar... Badirudi mota honetako lehen  aplikazioa (AndNav) oraindik ere hoberenen artean dagoela. Aplikazio honen bigaren bertsioak OpenStreetMap-eko mapak erabiltzen ditu.

Nire aurkezpena gure Android gailuaren erabilpenaz  izan zen. Gure asmoa da gure zerbitzariak bulegoz kanpo gaudenean android gailuekin kudeatzea. Horretarako zerbitzarien monitorizazio sistema bat antolatzen ari gara, eta sistema hau gmail kontu batera notifikazioak
bidaltzeko konfiguratu dugu. Androiden gmail integrazioa aprobetxatuz, notifikazioak jasotzeko erabiliko dugu. Behin notifikazioak jasota erabakiak hartzeko aukera behar dugu, horretarako ConnectBot ssh bezeroa erabiliko dugu zerbitzarira konektatzeko, eta KeepassDroid
pasahitzen kudeaketa egiteko.

Esan bezala jardunaldi atsegina izan zen, eta bertaratu ginenok aurrerago biltzeko asmoa agertu genuen. Hau dela eta komunitatearen webgune izango den etxekoandroid.com webgunea sortzea erabaki genuen. Jardunaldiko hitzaldien bideoak Gorka Juliok euskaltuben jarri ditu.

 

Oinarrizko posizionamendu gomendioak

by Mikel Lizarralde — azken aldaketa 2009/03/04 11:10
Etiketak:

Google-ek SEO edota posizionamenduaren inguruko oinarrizko gida bat argitaratu zuen azaroan.

Jende gutxik jartzen du zalantzan posizionamendua zein garrantzitsua den gure webguneentzako. Hauxek dira, labur-labur, Google-ek argitaratutako gidan aipatzen diren puntuak:

  • Webgunearen izenburua (title etiketa): sortu izenburu deskriptibo eta laburrak, gomendagarria da webgunearen orri bakoitzarentzari izenburu propioa jartzea. Ondo kokatzeaz gain, gogoan izan bilatzaileen emaitzetan jendeak ikusten duen lehen gauza webgunearen izenburua dela, erakargarria izan behar dira, beraz.
  • Deskribapena (description etiketa): labur eta era deskriptiboan azaldu zure webgunea. Bilatzaileen emaitzetan, izenburuaren azpian agertzen da deskribapena.
  • Webgunearen URL-a (nabegatzailean idazten dugun helbidea): hitz gakoak agertu behar dira bertan, era laburrean bada hobe. Hobe da gure webgune honen moduko URL helbide ulergarriak izatea.
  • Webgunearen nabigazioa: ezar ezazu zure webgunean erabiltzaileek ulertzeko moduko nabigazioa. Erabili kategoria izen deskriptibo eta zentzuzkoak. Gomendagarria da menu nagusian Flash edota JavaScript-ik ez egotea. Breadcrumb-ak (ogi apurrak) erabiltzea gomendagarria da baita ere. Webgunearen mapa edukitzea eta 404 orri erabilgarriak diseinatzea ere garrantzitsua da.
  • Kalitatezko edukia eskaini: pentsa ezazu zure erabiltzaileengan eta eskaini beraiek nahi duten edukia, idatzi beraiengan pentsatzen eta ez bilatzaileengan.
  • Loturak ondo egin: gai honen inguruan, hobe Gariren Nola egin loturak artikulua irakurtzen baduzue.
  • Orrien goiburu etiketak era egokian erabili (h1 eta h2 etiketak): Eskema moduan, erabiltzailea orrian kokatzeko baliagarriak dira, baina orri bakarrean ez da abusatu behar.
  • Argazkiak era egokian landu: Argazki bat webgunera igotzean, jarri izenburu egokia, bilatzaileek asko baloratzen dute.

Gomendio gehiago aipatzen dituzte. Hemen ikus dezakezu gaztelaniazko artikulua eta hemendik jaitsi gomendioen PDF-a.

Zure bisitak ezabatu estatistiketatik

by Mikel Lizarralde — azken aldaketa 2009/02/27 17:33

Gure webguneko estatistikak aztertzerako orduan sarritan ahazten dugu guk geuk ere bertan nabigatzen dugula eta datu horiek ere kontutan hartzen direla. Google Analytics bezalako herraminta bat erabiltzean gure webgunean erabiltzaileek egiten dutena aztertu nahi dugu, horregatik komeni da gure erabilpena hortik ateratzea, analisia zuzenagoa izan dadin.

Estatistiken analisia hori zuzenagoa izan dadin filtroak jar ditzakegu Google Analytics-en.

Nola gehitu filtro bat Google Analytics-en?

  1. Sartu zure kontuan eta egin klik Analytics Settings (gazteleraz, Ajustes de Google Analytics) aukera, goiko ezkerreko aldean dago.
  2. Erdialdean dagoen Add Filter (gazteleraz, Añadir Filtro) aukeran egin klik.
  3. Hainbat filtro mota ezberdin daude, aukeratu hobekien datorkizuna. 

Analytics filtroa gehitzen

IP helbidearen araberako filtroa:

Guk IP helbidearen araberako filtroa erabiltzen dugu. IP helbidea erabiltzaileok Internetera konektatzen garenean daukagun "matrikula" da (ikusi Wikipediako azalpena). Analytics-en gure bisitak estatistiketatik ken ditzakegu pausu hauek jarraituz:

  1. Aukeratu Exclude all traffic from an IP address (gazteleraz, Excluir todo el tráfico procedente de una dirección IP específica) eta jarri bertan zure Interneteko konexioaren IP helbidea.
  2. Zure IP helbidea jakiteko, sartu webgune honetan. Erdialdean agertzen den zenbaki hori da zure IP-a.
  3. Orokorrean, IP helbide gehienak dinamikoak dira, hau da, modem-a itzali eta pizten dugun bakoitzean aldatu egiten da. Ondorioz, IP helbidearen zenbakia eguneratu egin behar da Analytics-en. Gure bulegoan IP helbide finkoa daukagu, beraz ez dugu lan hori egin beharrik.

IP helbidearen filtroa

Zer diote Interneten zuri buruz?

by Mikel Lizarralde — azken aldaketa 2009/02/17 00:25

Zer gertatzen da irakurtzen ez duzun egunkari edo aldizkari batean aipatzen bazaituzte? Ba, inork ez badizu abisatzen, ez zarela konturatuko eta ez duzula jakingo zer dioten zuri buruz. Interneten arazo hau ondo konponduta dago.

Interneten norbaitek zuri buruz idatzi duen jakitea oso erraza da. Sartu Google Alerts webgunean eta eman izena bertako alerta zerbitzuan: jakin ezazu zer dioten zure enpresaz, zure produktuaz ... edota zutaz! Idatzi formularioan kontrolatu nahi dituzun terminoak eta zure eposta helbidea. Gainerakoa Google-ek egingo du (aukeratzun duzun maiztasunaren arabera emailak bidaliko dizkizu abixuekin).

Google Alerts

Garrantzitsua da jakitea Interneten zer esaten den zure enpresaren inguruan, gauza onak zein txarrak. Kritikak zentzuzkoak badira, badakigu zertan hobetu behar dugun, baina kritikak faltsuak badira, aukera ona daukagu desmuntatzeko. 

Badira beste hainbat webgune antzerako zerbitzua ematen dutenak, adibidez Blog Pulse edota Technorati, baina Google-ek ematen duen zerbitzua nahikoa izan daiteke hasteko.

Azkarra da zure webgunea?

by Gari Araolaza — azken aldaketa 2009/02/06 11:54
Etiketak:

Zure webgunearen abiadura hobetzeko tresnak.

Askotan ez gara konturatzen zein garrantzitsua den gure webgunea azkarra izatea. Oraindik badugu zer ikasi. Errementariaren etxean...

Aste honetan Microsiervoek ekarri digute gaiaren inguruko erreferentzia bat: En las páginas web, ser rápido importa . Kontua da, askok ez dituztela jadanik segunduak neurtzen, milisegunduak baizik!

Neurketak modu askotan egin daitezke, eta komeni da ahalik eta neutroena izatea, sarritan kanpoko interferentziak izaten dira eta (gure sarearen abiadura, jende asko dabilen ordu berdinean eta abar)

Pare bat aplikazio interesgarri aipatzekotan, hor dauzkazue Firebug edo YSlow! , biak Firefoxen gehigarriak eta biek lagunduko dizute zer gertatzen den aztertu eta hobetzen.

Baina tresna neutroetaz ari garela, zer hobe Google beraren robota baino, egunero zure webgunera sartu eta orri asko deskargatzen dituena? Horretarako oso egokia da Google Webmaster Tools . Tresna hori erabiliz lortu daitezke hau bezalako grafikoak, non Googlek esaten digun zenbat denboraz egon den gure webgunea deskargatzeko zai, milisegundutan emana.

Itxura batean hobetzen goaz, ez?

 

Website performance 2009/1/4