Usted está aquí: Inicio CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga Topics internet_basics

internet_basics

Hitz gakoen analisia

by Mikel Lizarralde — última modificación 13/03/2009 13:49
Etiquetas:

Posizionamendu edota SEO lana hastean lehen pausuetariko bat webgunearentzako zein hitz gako diren interesgarrienak aztertzea da. Hitz gako horiek bilatzen direnean lehen postuetan agertzea izango da gure helburua.

Hartu ezazu orri zuri bat eta idatzi zurearen tankerako webguneetara iristeko bezeroek Google-en bilatu behar lituzketen hitz edota esaldiak. Beste aukera bat, lehiakideen webguneak aztertzea da, ea zein hitz gako darabilten ikusteko.

Hitz gakoen zerrenda egin ostean, hauetatik erabilienak zeintzuk diren jakin behar dugu, hau da, gure webgunera jende gehien ekarriko dituztenak.  Horretarako Google Keyword Tool erreminta erabil daiteke.

Hala ere, ezin ditugu baztertu trafiko gutxi ekar ditzaketen hitz gako horiek, litekeena da garrantzitsuagoak izatea gure negoziorako eta emaitza hobeak eman ditzakete beste hitz gako batzuek baino (adibidez, benetan interesa daukan trafiko segmentatua badakarte). Hitz gako hauek aukeratzeko prozesu hau funtsezkoa da posizionamendua egiteko, baina baita Google-en Adwords iragarkiak kontratatu nahi izanez gero ere.

Posizionamendu lana burutu ostean, edota Adwords iragarkiak kontratatu ostean, funtsezkoa da emaitzak neurtzea. Horrela jakin ahal izango dugu zein hitz gakok ematen diguten trafikorik onena eta zein hitz gakorekin saltzen dugun gehien (hori bada gure helburua). Analisi honi esker gure hitz gako zerrenda moldatu beharko genuke, terminu batzuk kenduz eta beste batzuk gehituz.

Zure bisitak ezabatu estatistiketatik

by Mikel Lizarralde — última modificación 27/02/2009 17:33

Gure webguneko estatistikak aztertzerako orduan sarritan ahazten dugu guk geuk ere bertan nabigatzen dugula eta datu horiek ere kontutan hartzen direla. Google Analytics bezalako herraminta bat erabiltzean gure webgunean erabiltzaileek egiten dutena aztertu nahi dugu, horregatik komeni da gure erabilpena hortik ateratzea, analisia zuzenagoa izan dadin.

Estatistiken analisia hori zuzenagoa izan dadin filtroak jar ditzakegu Google Analytics-en.

Nola gehitu filtro bat Google Analytics-en?

  1. Sartu zure kontuan eta egin klik Analytics Settings (gazteleraz, Ajustes de Google Analytics) aukera, goiko ezkerreko aldean dago.
  2. Erdialdean dagoen Add Filter (gazteleraz, Añadir Filtro) aukeran egin klik.
  3. Hainbat filtro mota ezberdin daude, aukeratu hobekien datorkizuna. 

Analytics filtroa gehitzen

IP helbidearen araberako filtroa:

Guk IP helbidearen araberako filtroa erabiltzen dugu. IP helbidea erabiltzaileok Internetera konektatzen garenean daukagun "matrikula" da (ikusi Wikipediako azalpena). Analytics-en gure bisitak estatistiketatik ken ditzakegu pausu hauek jarraituz:

  1. Aukeratu Exclude all traffic from an IP address (gazteleraz, Excluir todo el tráfico procedente de una dirección IP específica) eta jarri bertan zure Interneteko konexioaren IP helbidea.
  2. Zure IP helbidea jakiteko, sartu webgune honetan. Erdialdean agertzen den zenbaki hori da zure IP-a.
  3. Orokorrean, IP helbide gehienak dinamikoak dira, hau da, modem-a itzali eta pizten dugun bakoitzean aldatu egiten da. Ondorioz, IP helbidearen zenbakia eguneratu egin behar da Analytics-en. Gure bulegoan IP helbide finkoa daukagu, beraz ez dugu lan hori egin beharrik.

IP helbidearen filtroa

Jarraitu ehundaka blog RSS bitartez

by Mikel Lizarralde — última modificación 20/02/2009 17:31
Etiquetas:

Aipatu izan dugu lehenago ere interneten elkarrizketa ematen ari dela eta komenigarria dela esaten denaren berri izatea (eta ez soilik gure izena aipatzen badute). Sarri aipatzen dugu blogak irakurri beharra dagoela eta erantzun gisa jasotzen dugu "aizu, hemen lana egiten dugu eta ez daukagu horretarako denborarik". Gure erantzuna argia da: zure lana egiteko modua aldatzen ari da.

Interneteko erabiltzaile aurreratuek ehun blog baino gehiago irakurtzen dituzte (eta egunero jarraitzeko moduko blog interesgarri berriak aurkitzen dituzte). Blog guzti hauek irakurri ahal izateko RSS teknologia darabilte.

Zer da RSS teknologia?

Ba blog batean artikulu berri bat argitaratzen den bakoitzean RSS-ak artikulu horixe bidaltzen dizu. Alerta zerbitzu modukoa da edota epostaz buletin batetara harpidetzearen modukoa.

Nola erabili RSS-a?

Eman izena RSS irakurgailu batean, guk Bloglines eta Google Reader erabiltzen ditugu gehienbat. Ondoren, joan jarraitu nahi dituzun blog edota webguneetara, RSS-aren ikonoa aurkitu (Firefox nabigatzailea erabiltzen baduzu errazagoa da nabigazio barran agertzen delako RSS ikonoa) eta egin klik bertan. Harpidetza pausuak jarraitu ondoren, RSS irakurgailuan jasoko dituzu jarraitzen dituzun webgune guztien azken artikuluak.

Zein abantaila dauzka RSS-ak?

Abantaila nagusia, aurrezten den denbora. RSS-a darabilgunok ez ditugu bisitatzen ehundik gora blog ea zerbait berria argitaratu ote duten ikusteko. Alderantzizkoa gertatzen da, blog horietako batean zerbait berria argitaratzean gure RSS irakurgailura iristen da.

RSS irudiak 

Interneten dauden egunkari ia guztiek RSS teknologia darabilte, ondorioz, blogak jarraitzeaz gain egunkarietako azken artikuluak irakurri ahal izateko ere tresna aparta da (begira Berriaren RSS-ari).

RSS-aren inguruko azalpen gehiago Sustatun eta bideo honetan:

Zer diote Interneten zuri buruz?

by Mikel Lizarralde — última modificación 17/02/2009 00:25

Zer gertatzen da irakurtzen ez duzun egunkari edo aldizkari batean aipatzen bazaituzte? Ba, inork ez badizu abisatzen, ez zarela konturatuko eta ez duzula jakingo zer dioten zuri buruz. Interneten arazo hau ondo konponduta dago.

Interneten norbaitek zuri buruz idatzi duen jakitea oso erraza da. Sartu Google Alerts webgunean eta eman izena bertako alerta zerbitzuan: jakin ezazu zer dioten zure enpresaz, zure produktuaz ... edota zutaz! Idatzi formularioan kontrolatu nahi dituzun terminoak eta zure eposta helbidea. Gainerakoa Google-ek egingo du (aukeratzun duzun maiztasunaren arabera emailak bidaliko dizkizu abixuekin).

Google Alerts

Garrantzitsua da jakitea Interneten zer esaten den zure enpresaren inguruan, gauza onak zein txarrak. Kritikak zentzuzkoak badira, badakigu zertan hobetu behar dugun, baina kritikak faltsuak badira, aukera ona daukagu desmuntatzeko. 

Badira beste hainbat webgune antzerako zerbitzua ematen dutenak, adibidez Blog Pulse edota Technorati, baina Google-ek ematen duen zerbitzua nahikoa izan daiteke hasteko.