Usted está aquí: Inicio CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga

CS-Tailerraren bloga

Search congress-eko tailerrak

by Mikel Lizarralde — última modificación 01/02/2010 12:00

Pasa den ostegun eta ostiralean Interneteko hainbat zeregin aipatzen zituen Search Congress bilkura burutu zen Bilbon. Hona hemen ostegunean egon ziren hiru tailer interesgarriren kronika bertan hartutako apunteekin.

Audientziak handitzeko estrategiak

Diariovasco.com-eko lantaldeko lau lagunek beste hainbeste hitzaldi eman zituzten ostegun goizeko lehen saioan. Beren webgunearen trafikoa bikoiztea lortu dute urtebetean eta horretarako hainbat bide jorratu dituzte: edukiak, SEO-a eta sare sozialak.

Audientzia handitzeko estrategia (Ainhoa Iglesias)

Lehiakideengandik bereiztea da helburua eta horretarako blogetan aspalditik erabiltzen diren teknikak hasi dira erabiltzen DV-n:

  • Internetera egokituta dagoen eduki originala sortzea.
  • Google News trafiko iturri moduan erabiltzea.
  • Webgunean pasatzen den denbora areagotzea: erlazionatutako artikuluetara loturak eta multimedia edukiak erabiltzea.
  • Sare sozialetan albisteak zabaltzea elkarrizketak sortuz

Posizionamendua komunikabideentzat (Beatriz Santo-Tomás)

Bilatzaileetatik jasotzen duten trafikoa gorantz doa, besteak beste, egiten dituzten ondorengo lanengatik:

  • Kazetariak entrenatu: Interneten nola idatzi behar den, erabiltzaile zein bilatzaileentzako, erakusten diete: bilaketetako hitzak erabili, izenburuak eta testuak nola landu, eta abar.
  • Webgunearen analisia: funtsezkoa da hautsitako loturarik  eta aurkitu gabeko orririk (404 errorea) ez egotea.
  • Estatistikak aztertzearen garrantzia: funtsezkoa da kalitatezko trafikoa eduki nahi bada etorkizunean. Gainera, erabiltzaileek egindakoa aztertzean interes berriak ere topa ditzakegu (horra hor atletismoarentzako sortu duten atal berria).

Bestalde, hitzaldi honetan ere aipatu zen SEOan datozen hilabete eta urteetan etorriko diren aldaketak, bereziki real-time search delakoa.

Sare sozialak (Verónica Vieites)

Behin baino gehiagotan aipatu dugun elkarrizketan parte hartzeko beharra aipatu zuten. Sare sozialetan erabiltzaileekin hitz egin behar da, beraiek benetan zer nahi duten jakin eta horixe emateko.

Gainera, sare sozialetan egon eta hitz egiteko jarrera badaukagu egiten dizkiguten kritikei erantzun ahal izango diegu.

Komunitatea landu beharra dago, pausuz pausu, pixkanaka. Lan horretan dabiltza beraiek, besteak beste Facebooken talde bereziak sortzen: danborrada, zinemaldia edota Jazzaldirako, adibidez.

Monetizazioa eta marketin ekintza bereziak (Maider Perea)

Ondorengo puntuak aipatu ziren hitzaldi honetan, besteak beste:

  • Analitika funtsezkoa da eta eman beharreko pausuak ondo zehaztea komeni da:
    • Helburuak jarri
    • Neurtu daitezkeen irizpideak jarri
    • Diru sarrerak estimatu
    • Epeak jarri kontrolak egiteko
    • Datuak bildu eta analisia egiteko moduan antolatu).
  • Sareak markak plazaratzeko aukera paregabea ematen digu, baina marka hori sarera egokitu behar da. Egokitzapen horretan funtsezkoa da elkarrizketak ematea erabiltzaile eta bezeroekin.
  • DVk errentagarritasuna bilatzeko akzio berriak egin ditu: publizitate modu berriak (publireportajeak egiten dihardute) eta edukien marketina egiten (Klik eta klik, argazki lehiaketak, eta abar).

Metrikak nola probestu

Multiplica enpresako Oriol Ibars-ek eman zuen hitzaldian webgunearen analisia eta probak egin beharrak aipatu ziren.

Ondorengo akats hauek egiten direla orokorrean aipatu zigun Oriolek:

  • Webgunerako gaizki idatzi.
  • Call to action-a ez da argia.
  • Gure ikuspuntua erabili weba egitean eta ez erabiltzaile edo bezeroarena.
  • Landing pages edota lurreratze orriak gaizki sortu.
  • Erosketa prozesu luze edota nahasgarriak.
  • Neurketarik ez da egiten.

Argi eta garbi azpimarratu zuen konbertsio ratioa haztea izan behar dela gure helburua. Amazon edota Gmail bezalako webguneak ikusi besterik ez dagoela, konbertsioa da helburua.

Konbertsioa lortzeko bide bakarra probak dira, adibidez A/B testak, arrazoi hauengatik:

  • Webgunea ez da perfektua.
  • Ez da esperimentazioaren beldurrik izan behar eta proba ugari egin behar da.
  • Ez gara intuizioaz soilik fidatu behar.
  • Gure erabiltzaileek diseinatu behar dute gure webgunea, ez guk.

Egindako proba hauetan, funtsezkoa da neurketak egitea, aurretik zein ondoren.

Sare sozialak, komunikazioa eta enpresak

Cink enpresako Jesus Gordilloren eskutik joan zen eguneko azken tailerra.

Aditu honen ustetan enpresek bere osotasunean ikusi behar dute Internet eta estrategia garatzean alor ezberdinak landu, batak bestearekin elkarlanean: teknika (webgune on bat eta SEO-a), komunikazioa/marketina eta enpresaren eskaintza. Hirurak izan behar dira lehiakorrak.

Enpresek erabiltzaileekin hitz egin behar dute, era aktiboan, eta komunitatea sortzeko helburua argi edukiz.

Search Congress Bilbon. Aldaketa garaian jarraitzen dugu

by Gari Araolaza — última modificación 01/02/2010 10:00
Etiquetas:

Urtarrilaren 28 eta 29an Bilbon izan gara Search Congress Bilbao konbentzioan. Handik ekarri ditugun pare bat idea konpartitu nahi genituzke:

Zertaz izan da Search Congress hau?

Bilaketaz aritu gara, Interneteko bilaketaz. Gauza jakina da webguneetara datorren jendearen zati handiena bilatzaileetatik datorrela, edo agian bilatzailetik esan beharko genuke, hau da, San Googletik, gehienok horrekin gabiltzanez. Webgune askotan bisitarien %80 baino gehiago etortzen da bilatzaileetatik. Horregatik da hain garrantzitsua Googlen ondo kokatua egotea, emaitza jakin batekin lehena ateratzea eta bide horretatik bisita asko jasotzea. Horren inguruan jardun dugu kongresu honetan, estatu guztitik etorritako 300 bat SEO profesionalen artean.

Zer da SEO bat?

SEO, Search Engine Optimizer edo Optimization, edo bilatzaileetarako optimizatzailea, azken urteotan webgune askotan lanean hasi diren profesionalak dira. Beraien lana, webgunea zaintzea, Googleren lehen emaitzetan azal daitezen.

Nola egiten duten lana? Modu askotan: testuak moldatuz, teknikoki webguneak txukun mantenduz, neurketak eginez, sare sozialetan webgunea bultzatuz eta beste lan askotan jardunez, horietako asko sekretuak, konpetentzia handia bait dago SEO profesionalen artean. Gaur egun trafiko ertain batetik gorako edozein webgunek du SEO profesional bat lanean.

SEO-aren hurrengo pausoa: azpiegiturak omen dira

Ostegunean Javier Casares-en hitzaldian egon ginen: El próximo SEO: la infraestructura

Javierren teoria da gaur egun gehienok gauzak ongi egiten ditugula SEO aldetik. Orduan, desberdintzeko hurrengo pausoaren bila jarraitu behar dugula, eta hurrengo pausoa beretzat, abiadura eta perfekzio teknikoa dela. Hau da, zerbitzariak ongi konfiguratzea, webguneak azkar erantzutea, redirekziorik ez edukitzea eta abar. Hainbeste sinesten du gai honetan, bere datacenter propioa sortzen hasi dela!

Hor badugu zer hobetu gehienok. Merezi du Javierren aurkezpena ikustea, informazio gehiena hor dago, bere webgunean jarrita.

Aldaketak SEO munduan: Real-time Search

Kongresuan entzundako gai interesgarriena, SEOen hurrengo erronka Real-time Search edo denbora errealeko bilaketa izango da. (Egia esateko, noiz ez da aldaketa garaia izan Internet munduan?)

Lehen zerbait bilatu eta Googlek emaitza berdinak ematen zituen gaur, bihar, etzi edo datorren astean. Baina gaur egun faktore askok eragiten du bilaketa emaitza batean:

  • Norberaren preferentziak edo aurretik egindako bilaketak edo izandako jokaera Googlen.
  • Webgune berriak. Google geroz eta azkarrago eguneratzen da, eta gaur ezagutzen ez genuen webgune bat ager daiteke bihar emaitzen lehenengo postuetan.
  • Twitter, sare sozialak, albisteak eta beste aktualitateko iturriak integratzen hasi da Google eta kontutan hartzen ditu webgune bat aipatzen dutenean.

Ziurtasun eza sentitzen da SEOen munduan, artifizialki lehenengo postuetan azaltzea geroz eta zailagoa izango bait da.

SEO: oraindik elite baten kontu bat

Baina bestalde, esan daiteke SEO kontu hauekin dabiltzan profesionalak nolabaiteko elite bat osatzen dutela. Etxe alboko informatika enpresa jeneralista horrek webgune bat egiten duenean normalean ez ditu gai hauek kontutan izaten, eta hor ere aldea nabari da.

Beraz, webgune bat egin behar baduzu, pentsatu SEOan eta galdetu horren inguruan zure konfidantzako garatzaileari.

Komunitatearen abantailak

by Mikel Lizarralde — última modificación 15/01/2010 15:48

Interneten kamisetak saltzen dituen enpresa da Threadless. Erabiltzailea dago beren jardunaren erdi-erdian: erabiltzaileek egiten dituzte kamiseten diseinuak eta hauetatik bozka gehien jasotzen dituztenak ekoizten ditu Threadless-ek. Aukeratua izan den diseinuaren egileari 2.000$ ematen dizkiote.

Egunean 300 bat proposamen jasotzen dituzte eta astean 7 kamiseta argitaratu Threadless.com webgunean. 2009an 30 milioi dolarretako salmentak izan zituen 50 langileko enpresa honek.

Erabiltzailearen inplikazioa bilatzea funtsezkoa izan da. Batetik, merkatuak gustuko izango dituen kamisetak ekoizten dituztelako, erabiltzaileek diseinatu eta aukeratuak; eta bestetik, kamiseta horiek "bereagoak" ikusten dituztela erabiltzaileek, aukeraketa prozesuan parte-hartu dutelako.

Elkarrizketa honetan azaltzen dutenez sare sozialetan ere murgiltzen hasi dira. Facebook-en 100.000 fan inguru dituzte eta milioi eta erdi jarraitzaile Twitterren. Sare hauetan jarduteko moduari buruz, naturaltasuna aipatzen dute, egiten duten komunikazioa beraien moduko pertsonei zuzendua dago eta hazkunde organikoan sinisten dute.

Hona hemen beren komunitatearen indarraren adibide bat. Communist party izeneko kamiseta da beraiek gehien saldu dutena. Begira zenbat argazki dauden Flickr-en kamiseta horrekin, gehienak berau erosi duten pertsonek ateratakoak.

Hala ere, sare sozialen hazkundea baino lehenago ere bere komunitatearekin hitz egiteko jarrera zuen 2000. urtean sortutako enpresa honek. Bere jarduna erabiltzailean oinarrituta dagoenez, funtsezkoa da enpresaren eta erabiltzaileen artean elkarrizketak ematea, baita erabiltzaileen artean ere. Horri eta kamisetak sortzeko prozesuari esker, komunitate sendoa sortzea lortu dute, era natural eta organikoan hazten doan komunitatea.

Facebook-en marketina egiten: Ikea

by Mikel Lizarralde — última modificación 26/11/2009 16:25
Etiquetas:

Ikeak denda berri bat ireki behar zuen Malmo hirian eta berau promozionatzeko sare sozialak erabili zituen. Horrela, mezua era eraginkorrean iritsarazi dio bere xede-taldeari.

Ikea Malmö-ren irekiera sustatzeko Facebook-en ekintza interesgarria burutu zuen altzari-enpresa suediarrak.

Irekiera baino aste batzuk lehenago saltoki berriaren kudeatzaileari profila sortu zioten Facebook-en. Profil horretan Ikearen altzariz betetako hainbat argazki atera zituzten, erabiltzaileei esanaz argazkiotan agertzen ziren altzariak lortu ahal zituztela.

Horretarako argazkietan pertsonak etiketatzeko sistema bera erabiliz, hau da, eskuratu nahi zuten altzaria etiketatu behar zuten norberaren etiketa gehituz. Altzaria etiketatzen zuen lehen erabiltzailearentzako izango zen.

Hona hemen egindakoaren azalpen bideoa (ingelesez):

Helburu publikoa eskatu gabeko mezuz spameatu ordez, beren konplizitatea bilatu zuten. Izan ere, pertsona batek altzari bat etiketatzen zuen bakoitzean bere profilean agertzen baizen, lagun guztiek ikusteko moduan.

Horrela, altzariak doan lortzeko aukera ahoz aho zabaldu zen, nahiko era merkean, saltoki berriaren albistea bolo-bolo plazaratzea lortuz.

Iturria Mashable

Community manager

by Mikel Lizarralde — última modificación 13/11/2009 14:42

Erabiltzaile eta bezeroek geroz eta iritzi gehiago jartzen dituzten enpresen inguruan interneten. Iritzi hauek kudeatzeko eta bezeroaren eta enpresaren arteko erlazioa kudeatzeko figura berri bat sortzen ari da: comunnity manager-a.

eTc blogekoek community manager-en (PDF fitxategira lotura) inguruko dokumentu interesgarria plazaratu dute. Joxe Aranzabalek laburpen erabilgarria egin digu bere Faroan.

Community manager hauen eginkizuna merkatuarekin hitz egitea da, Joxek horrela laburtu dizkigu:

  1. Entzun. Etengabe arakatu behar du sarea, jakiteko zer esaten den gure enpresaz, gure lehiakideez eta gure merkatuaz.
  2. Hedatu informazio hori barruan. Entzundakotik gauza izan behar da informaziorik inportanteena jaso eta enpresa edo erakundearen barruan zabaltzeko.
  3. Azaldu komunitateari enpresaren jarrera. Komunitate kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean. Erantzun eta hitz egiten du enpresa agertzen den sare sozial guztietan. Halaber, artikuluak idazten ditu enpresaren blogean edo gainerako hedabide sozialetan.
  4. Liderrak bilatu, barruan zein kanpoan. Enpresa guztietan izaten dira liderrak. Komunitate kudeatzailea gai izan behar da horiek antzeman eta biltzeko.
  5. Bilatu elkarlanerako bideak komunitatea eta enpresaren artean.

Joxek egiten duen gomendio bera egiten dugu, jaitsi dokumentua eta irakurri lasai-lasai.