You are here: Home CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga 2009 February 18 Eposta bidezko kanpainak nola egin

Eposta bidezko kanpainak nola egin

by Gari Araolaza — last modified Feb 18, 2009 07:45 PM
Filed Under:

Ez gara spamaz ari. Zure produktu eta zerbitzuetan interesatuta dagoen jendeari eposta bidez komunikatzeaz baizik. Badaude lan hori ongi egiteko moduak.

Kasu arrunta da gure inguruan: bezeroen 200 helbide dituzu eta denei zerbaiten berri eman nahi diezunean, zure Outlook-era joan eta helbide guztiak itsasten dituzu. Honelako gauzak gertatzen dira kasu hauetan:

  • Ezin jakin benetan nork jaso duen mezua, zenbatek zabaldu duen, zenbatek aldatu duten epostaz, zenbat dauden zure mezuekin nazkatuta edo zenbati joan zaion zure mezua bere spam karpetara.
  • Agian spameatzaile moduan etiketatuko zaituzte eta hortik arazo asko etorri daitezke.
Benetan, ez egin horrelakorik. Norberaren ordenagailutik bidaltzea, azken aukera da.

Eposta bidezko marketingerako soluzioak

Ez hasi asmatzen. Horretarako soluzioak eginda daude, eta beraien erabilpena ez da garestia. Zenbait abantaila aipatzekotan:

  • Mezua HTML eta testu formatuetan bidali daiteke. Eposta sistema bakoitzak (Gmail, Outlook, Yahoo, Hotmail, Thunderbird eta abar) bere "kapritxoak" ditu eta oso zaila da denetan ongi ikusten dela ziurtatzea. Tresna hauekin hori ziurtatu daiteke, aurrez prestatutako txantiloiei esker.
  • Eposta helbideen zerrenda automatikoki garbitzen da. Helbideak ez badabiltza, sistemak berak ematen dio baja. Norbaitek ez badu berriz jaso nahi, klik batekin nahikoa izango du baja emateko.
  • Mezuan jartzen diren lotura guztiek berarekin daramate kliken neurketa. Hau da, jakin dezakegu zenbatek zabaldu duen mezua, zenbatek egin duen klik guk eskainitako loturan eta abar.
  • Egun eta ordu jakin batetarako programatu daiteke sistema.
  • Txantiloietan jasotzaileen datuak txertatu daitezke, "Iñaki lagun maitea" eta horrelakoak sartuz.
  • Sistemak kontu handiz bidaltzen ditu mezuak, ez daitezen spam karpetara erori. Honetarako garrantzitsuak dira mezuen goiburukoak, HTML kodea edo beste zenbait ezaugarri. Adituen kontuak dira, ez du merezi norbera ikasten ibiltzeak.
  • ...eta onena: mezuak ez dira zure ordenagailutik ateratzen. Ez zaizu blokeatzen hainbat ordutaz, ez zara spamer bihurtzen, eta abar.
CodeSyntaxen honelako sistemen inguruko aholkularitza eskaintzen dugu. Normalean CampaignMonitor-ekin egiten dugu lan. Laguntza behar baduzu, badakizu non gauden!