You are here: Home CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga Topics Search Congress Bilbon. Aldaketa garaian jarraitzen dugu

Search Congress Bilbon. Aldaketa garaian jarraitzen dugu

by Gari Araolaza — last modified Feb 01, 2010 10:00 AM
Filed Under:

Urtarrilaren 28 eta 29an Bilbon izan gara Search Congress Bilbao konbentzioan. Handik ekarri ditugun pare bat idea konpartitu nahi genituzke:

Zertaz izan da Search Congress hau?

Bilaketaz aritu gara, Interneteko bilaketaz. Gauza jakina da webguneetara datorren jendearen zati handiena bilatzaileetatik datorrela, edo agian bilatzailetik esan beharko genuke, hau da, San Googletik, gehienok horrekin gabiltzanez. Webgune askotan bisitarien %80 baino gehiago etortzen da bilatzaileetatik. Horregatik da hain garrantzitsua Googlen ondo kokatua egotea, emaitza jakin batekin lehena ateratzea eta bide horretatik bisita asko jasotzea. Horren inguruan jardun dugu kongresu honetan, estatu guztitik etorritako 300 bat SEO profesionalen artean.

Zer da SEO bat?

SEO, Search Engine Optimizer edo Optimization, edo bilatzaileetarako optimizatzailea, azken urteotan webgune askotan lanean hasi diren profesionalak dira. Beraien lana, webgunea zaintzea, Googleren lehen emaitzetan azal daitezen.

Nola egiten duten lana? Modu askotan: testuak moldatuz, teknikoki webguneak txukun mantenduz, neurketak eginez, sare sozialetan webgunea bultzatuz eta beste lan askotan jardunez, horietako asko sekretuak, konpetentzia handia bait dago SEO profesionalen artean. Gaur egun trafiko ertain batetik gorako edozein webgunek du SEO profesional bat lanean.

SEO-aren hurrengo pausoa: azpiegiturak omen dira

Ostegunean Javier Casares-en hitzaldian egon ginen: El próximo SEO: la infraestructura

Javierren teoria da gaur egun gehienok gauzak ongi egiten ditugula SEO aldetik. Orduan, desberdintzeko hurrengo pausoaren bila jarraitu behar dugula, eta hurrengo pausoa beretzat, abiadura eta perfekzio teknikoa dela. Hau da, zerbitzariak ongi konfiguratzea, webguneak azkar erantzutea, redirekziorik ez edukitzea eta abar. Hainbeste sinesten du gai honetan, bere datacenter propioa sortzen hasi dela!

Hor badugu zer hobetu gehienok. Merezi du Javierren aurkezpena ikustea, informazio gehiena hor dago, bere webgunean jarrita.

Aldaketak SEO munduan: Real-time Search

Kongresuan entzundako gai interesgarriena, SEOen hurrengo erronka Real-time Search edo denbora errealeko bilaketa izango da. (Egia esateko, noiz ez da aldaketa garaia izan Internet munduan?)

Lehen zerbait bilatu eta Googlek emaitza berdinak ematen zituen gaur, bihar, etzi edo datorren astean. Baina gaur egun faktore askok eragiten du bilaketa emaitza batean:

  • Norberaren preferentziak edo aurretik egindako bilaketak edo izandako jokaera Googlen.
  • Webgune berriak. Google geroz eta azkarrago eguneratzen da, eta gaur ezagutzen ez genuen webgune bat ager daiteke bihar emaitzen lehenengo postuetan.
  • Twitter, sare sozialak, albisteak eta beste aktualitateko iturriak integratzen hasi da Google eta kontutan hartzen ditu webgune bat aipatzen dutenean.

Ziurtasun eza sentitzen da SEOen munduan, artifizialki lehenengo postuetan azaltzea geroz eta zailagoa izango bait da.

SEO: oraindik elite baten kontu bat

Baina bestalde, esan daiteke SEO kontu hauekin dabiltzan profesionalak nolabaiteko elite bat osatzen dutela. Etxe alboko informatika enpresa jeneralista horrek webgune bat egiten duenean normalean ez ditu gai hauek kontutan izaten, eta hor ere aldea nabari da.

Beraz, webgune bat egin behar baduzu, pentsatu SEOan eta galdetu horren inguruan zure konfidantzako garatzaileari.