You are here: Home CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga 2008

2008

Sub-archives

Merkatuak elkarrizketak dira

by Mikel Lizarralde — last modified Dec 05, 2008 01:45 PM
Filed Under:

Esaldi hori da Cluetrain Manifestuaren 95 tesietan lehena eta entzutetsuena. Manifestu honek defendatzen duenez Interneten eta "benetako munduan" gertatzen diren enpresa transakzioak pertsonen artean egiten dira.

Astearte honetan irakurri ahal izan genuen Microsiervos blogean Cluetrain Manifestuaren liburua zentimo batean salgai jarria zuela Deusto argitaletxeak (jada 20 eurotan dago). Bi aldiz pentsatu gabe, Garik erosi egin zuen.

Gaur jaso dugu bulegoan liburua. Internetekin lotura txikiena duen edonork ezagutu beharko luke Cluetrain Manifestuak diona. Hemen irakur daitezke ingelesez 95 printzipio edo tesiak (eta hemen gazteleraz).

Cluetrain Manifesto

Guztietan lehena sarritan errepikatzen dugu zenbaitzuk: Merkatuak elkarrizketak dira. Interneten ere bai. Enpresen atzean pertsonak daude, eta pertsonek hitzegin egiten duten beraien artean. Internetek elkarrizketa hau beste era batean burutzea suposatzen du, adibidez email bidez, baina elkarrizketa hori egin egin behar da. Edozein webgune, denda online edota sare-sozialen atzean pertsonak daude.

Gure ustez Interneten arrakasta edukitzeko jarrera jakin bat eduki behar da, erabiltzaile eta bezeroekin solasteko jarrera. Marketina, oinarrian, horixe da, bezeroarekin hitzegin, jakin ea zer nahi duen, eta erarik egokienean, horixe eskaini.

Plone Eguna, munduan eta Euskal Herrian

by Luistxo Fernandez — last modified Nov 07, 2008 10:00 AM
Filed Under:

Mundu Plone Eguna da gaur, World Plone Day, eta hainbat hiritan egiten ari diren ekitaldien artean, lan-jardunaldi teknikoa Eibarren, gure bulegoetan.

30 lagun inguru hurbildu dira gaur Eibarrera, gure bulegoetara, munduko beste 30 hiritan bezala World Plone Day ospatzera. Hitzalditxo batzuk izan ditugu, eta oraintxe dira hastekoak bi lan-mintegi praktiko.


Argazkiak.org | World Plone Day 2008 © cc-by-sa: codesyntax

Etorritakoen artean, gure bezero euskaldunetarik batzuk, argazkikiko hiru Plone-master hauek kasu, Dantzan.com-eko Oier Araolaza; Mondragon Unibertsitateko Joxe Aranzabal; eta Goiena.net-eko Iban Arantzabal.

 


Argazkiak.org | Oier, Joxe, Iban © cc-by-sa: codesyntax

Bezero batzuk, hizlari ere bihurtu zaizkigu. Bere esperientzia azaldu digu, adibidez,  Jabier Santamariak, Amorebieta-Etxanoko udal informatikari eta webgune-arduradunak. 


Argazkiak.org | Jabier Santamaria © cc-by-sa: codesyntax

Pozik gaude, halaber, guk garatu ez ditugun Plone proiektuak ere etorri direlako beren burua aurkezpenera. Hauen artean, oso interesgarria izan da Jesus Romok egin duen aurkezpena. EHUko Campus Birtualaren zuzendaria da Romo, eta zaldu digu nola erabili duten Plone beren eKasi elearning plataforma egiteko.


Argazkiak.org | Jesus Romo, EHU © cc-by-sa: codesyntax

Une honetan, EHUko Campus Birtualean Moodle plataforma espezifikoa eta eKasi daude parez pare, eta Campus Birtualak politika neutrala du bi plataforme artean. Moodlek komunitate eta enfoke espezifikoa da, baina eskala arazoak ere eman ditzake EHU bezalako erakunde handi batean. eKasi, berriz, CMS batetik sortutako LMS bat da (CMS: edukiak kudeatzeko sistema; LMS: ikaskuntza kudeatzeko sistema), berariaz sortua, eta komunitaterik gabea... Oraingoz, ze laster plataforma liberatuko dutela ere esan digu Romok.

Gaurko egunaz argazki gehiago Flickr-en. Eta CodeSyntax-eko lankideek jardunaldiak erakutsitako aurkezpenak hemen.

 

Eguneraketa (2008-11-10): Oihaneren bizkotxoaren errezeta

Ostiralean jan genuen bizkotxo goxoaren errezeta pasa digu Oihanek:

  • Yogur natural bat, edota limoizkoa. Yogur potoa neurri moduan erabiliko dugu.
  • 3 arrautza
  • 3 irin-neurri (gogoratu yogur potea darabilgula neurrientzat!)
  • 2 neurri azukre
  • Olio neurri bat
  • Irabiagailuarekin guztia nahastu; oreari bota legami sobre bat
  • Pixkat gehiago irabiatu
  • Labea berotzen jarri 180 gradutara. Moldera orea bota aurretik, eman gurin pixka bat.
  • Sartu labean 180 gradutara 30-35 minutuz
  • Txokolatezko bizkotxoa egiteko, gehitu txokolate neurri bat eta azukre neurri erdia.
  • Almendradudan egiteko, bukaeran almendrak gehitzea nahikoa da (labean sartu aurretik)
  • Bizkotxoa prest dagoen ala ez jakiteko, sartu zotz bat erdialdean, ateratzerakoan guztiz garbia badago, orerik gabe, prest dagoen seinale da.

Nabigatzailea euskaraz izatearen garrantzia

by Luistxo Fernandez — last modified Oct 22, 2008 04:44 PM
Filed Under:

Emun kooperatibak lan munduaren euskalduntzeari buruz daukan blog informatiboan, Lantalan.com-en, elkarrizketa egin didate nabigatzailearen konfigurazio hizkuntzaz. CodeSyntax-en ekimen horren aldeko kanpainan dihardu aspalditik, adibidez, Sustatu albistegiaren bidez, eta gai honen inguruan ebangelizatzea inportantea dela uste dugu. Eskerrik asko Emun eta Lantalan (bi webguneak, bide batez, etxe honek eginak). Jarraian, elkarrizketako testua.

Erabiltzailearentzat ze ondorio izango luke nabigatzailea euskaraz jartzeak?

Kalterako batere ez. Euskaldunak gaztelaniaz ari direla konturatu ere egiten ez diren bezalaxe, berdin gertatuko zaie euskarazko nabigazio-konfigurazioa duten erdaldunei: enteratu ere ez dira egingo.

Ondorio nagusia izango da hau: zenbait webgune eta Interneteko zerbitzuk aukera dute hizkuntzaren arabera eskaintzeko edukia erabiltzaileari. Adibidez, Lantalaneko elkarrizketarako itsatsita jartzeko esan diedan bideoan. Soinua ingelesez du, baina bideoa ikusten hasten bazara, azpitituluak euskaraz azalduko zaizkio euskaraz konfiguratua duenari, eta gaztelaniaz gaztelaniazkoari.

Beste adibideren bat?

Gure enpresaren webgunea, Codesyntax.com gunearen portada bisitatu, eta gaztelaniaz baduzu konfigurazioa, gaztelaniaz azalduko zaizu. Euskaraz baduzu, euskaraz. Helbide bat eta bakarra emanda. Izan ditugu kexuak, "aizue, lehen hitza erdaraz ematen duzue". Ez, barkatu, oker zaude, guk lehen hitza erabiltzailearen hizkuntzan ematen dugu, zu zara gaztelaniaz ari dena sarean.

Estatistika kontua baino ez da?

Ez, hori baino gehiago da. Goiko adibide horiek uste dut adierazten dutela Interneteko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko balio duela honek. Dena dela, estatistika kontuak funtsezkoak dira Interneten. Trafikoaren neurketa eta analitikan egiten den lana ez dakizue norainokoa den...

Google euskaraz izango dugu aurrerantzean?

Agian Google euskaraz azalduko zaio aldaketa egiten duenari, baina Google erdaraz erabiltzen jarraitu nahi duenari, emaiezue preferentziak konfiguratzeko lotura hau, eta hor aukera egin dezala nahi duen hizkuntzaren alde. Nabigatzaile-konfigurazioaren gainetik, Google aukera horiekin azalduko zaio erabiltzaile horri aurrerantzean.

Googlek gure bilaketetan euskarazko orriak lehenetsiko ditu?

Ez, Googlek ez du horretarako filtrorik oraingoz, baina agian etorriko da, hemen informazio gehiago.

Nola ezagutu daiteke hizkuntzaren konfigurazioa, eta nola aldatu?

Mutrikuko Atxukale webgunekoek jarrita dute: Atxukale.com bisitatu, eta lehen orrian esango dizu zein hizkuntza konfigurazio duzun. Hizkuntza bat baino gehiago ager daiteke, euskara lehena izatea da inportantea. Konfiguratzeko, hona argibideak Firefox-erako eta Internet Explorerrerako.

Erakunde batzuetan, trabak omen daude konfigurazioa erabiltzaileak moldatzeko.

Hala da, bai. Ordenagailu askoko erakunde handietan, baldintza zehatz batzuetan konfiguratzen ditu makina guztiek sail jakin batek, eta erabiltzaileari aukera propioak murriztu egiten zaizkio. Segurtasun eta ekonomia arrazoiengatik, ulergarriak izan daitezke enpresa-politika horiek. Kasu honetan, erabaki estrukturalak hartu daitezke, Gipuzkoa Donostia Kutxak egin duen bezala. Kalterik ez inori, eta abantailak euskararentzat.

Plone konferentziaren lehen eguna

by Lur Ibargutxi — last modified Oct 10, 2008 09:15 AM
Filed Under:

Washington DC-n da 2008. urteko Plone konferentzia.

Amaitu da konferentziako lehen eguna (Plone Conference 2008). Orain dabil wifia pixkat hobeto eta oraintxe aprobetxatuko dugu gure partea egiteko. Goizean goiz etorri gara eta benetan inpresio handia ematen duela halako eraikin batek, Ronald Reagan zentroak. Kanpotik ikusita kristorena eta barrutik ere ikaragarria. Behin izena eman, barrura sartu garela eta ondo gosaldu dugula, konferentziako gela handian sartu eta betiko sarrera entzun dugu. Betiko "paripe" berdina: denak jaiki, albokoari eskua eman eta pare bat minutu ondokoak ezagutu. Amerikano batzuekin hitz egin dugu, bueno hobe esanda guk hitz egin dugu zertan lan egiten dugun...

Entzun ditugun gauza interesgarrien artean, Alexander Limi-ren hitzaldia. Limi izan zen Ploneren sortzaileetako bat, eta orain Googleko enplegatua da.

Plone produktuen errepasoan, Real World Intranet delakoa interesatu zaigu. Karpeta eta orriaren arteko erlazioa txarra dela eta tarteko produktu bat sortu behar dela horrelako gauzetarako. CodeSyntaxkook pozik, hori aspalditik daukagula jakinda, DonEdukia deitzen dugun barne produktua, aspaldiko Zope-tik gaurko Plonera egokitu duguna.

"i18n for developers" hitzaldia ere eman du Hanno Schlichting-ek. Amerikano eta inglesentzako txarla, batez ere laburpenaren azkenengo partea ikusita sartu gara, pixkat gauza aurreratuxeagoak komentatuko zituelakoan, baina azkenean ZPT ingurunean eta Python-en itzulpenak nola egin esplikatzen ibili da. Bere ostean gu ginen horretaz gehien zekitenak gela hartan, ematen zuenez...

Eta, jakina, beste gauza asko ere bai. Baina, oraingoz ez dugu denbora gehiago kontatzeko.

Buletin baten lehen eguna

by Gari Araolaza — last modified Oct 01, 2008 12:00 AM
Filed Under:

Zure webgunerako albiste buletin bat jarri behar duzula eta zer egin lehenengo egunean, audientziarik gabe?

Buletina martxan jartzeko unean tentazio handia izaten da, hor nonbaitetik e-posta helbide mordoa bildu eta hain interesgarria den zerbitzu eder honetara harpidetzeko.

Eutsi tentazioari!

Benetan. Hobe da jendea banaka-banaka izena ematen joatea. Beraien kabuz izena eman duten 100 pertsonaz osatutako buletin zerrenda batek urrea balio du, benetan! Horiek dira zure erabiltzaile baliotsuenak!

Aldiz, baimenik gabe harpidetu ditugun 2000 erabiltzailez osatutako buletin zerrendak ez du asko balio. Ez dakigu 2000 pertsona horietatik zenbatek bidaltzen gaituen spam karpetara, zenbatek letxe txarrez hartzen dituen gure mezuak (publizitate negatiboa). Azken finean, ez dakigu 5, 10 edo 100 erabiltzailek diren balio dutenak.

Gainera, aizu!  Hori spama edo zabor-posta da!