You are here: Home CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga Topics facebook

facebook

Search congress-eko tailerrak

by Mikel Lizarralde — last modified Feb 01, 2010 12:00 PM

Pasa den ostegun eta ostiralean Interneteko hainbat zeregin aipatzen zituen Search Congress bilkura burutu zen Bilbon. Hona hemen ostegunean egon ziren hiru tailer interesgarriren kronika bertan hartutako apunteekin.

Audientziak handitzeko estrategiak

Diariovasco.com-eko lantaldeko lau lagunek beste hainbeste hitzaldi eman zituzten ostegun goizeko lehen saioan. Beren webgunearen trafikoa bikoiztea lortu dute urtebetean eta horretarako hainbat bide jorratu dituzte: edukiak, SEO-a eta sare sozialak.

Audientzia handitzeko estrategia (Ainhoa Iglesias)

Lehiakideengandik bereiztea da helburua eta horretarako blogetan aspalditik erabiltzen diren teknikak hasi dira erabiltzen DV-n:

  • Internetera egokituta dagoen eduki originala sortzea.
  • Google News trafiko iturri moduan erabiltzea.
  • Webgunean pasatzen den denbora areagotzea: erlazionatutako artikuluetara loturak eta multimedia edukiak erabiltzea.
  • Sare sozialetan albisteak zabaltzea elkarrizketak sortuz

Posizionamendua komunikabideentzat (Beatriz Santo-Tomás)

Bilatzaileetatik jasotzen duten trafikoa gorantz doa, besteak beste, egiten dituzten ondorengo lanengatik:

  • Kazetariak entrenatu: Interneten nola idatzi behar den, erabiltzaile zein bilatzaileentzako, erakusten diete: bilaketetako hitzak erabili, izenburuak eta testuak nola landu, eta abar.
  • Webgunearen analisia: funtsezkoa da hautsitako loturarik  eta aurkitu gabeko orririk (404 errorea) ez egotea.
  • Estatistikak aztertzearen garrantzia: funtsezkoa da kalitatezko trafikoa eduki nahi bada etorkizunean. Gainera, erabiltzaileek egindakoa aztertzean interes berriak ere topa ditzakegu (horra hor atletismoarentzako sortu duten atal berria).

Bestalde, hitzaldi honetan ere aipatu zen SEOan datozen hilabete eta urteetan etorriko diren aldaketak, bereziki real-time search delakoa.

Sare sozialak (Verónica Vieites)

Behin baino gehiagotan aipatu dugun elkarrizketan parte hartzeko beharra aipatu zuten. Sare sozialetan erabiltzaileekin hitz egin behar da, beraiek benetan zer nahi duten jakin eta horixe emateko.

Gainera, sare sozialetan egon eta hitz egiteko jarrera badaukagu egiten dizkiguten kritikei erantzun ahal izango diegu.

Komunitatea landu beharra dago, pausuz pausu, pixkanaka. Lan horretan dabiltza beraiek, besteak beste Facebooken talde bereziak sortzen: danborrada, zinemaldia edota Jazzaldirako, adibidez.

Monetizazioa eta marketin ekintza bereziak (Maider Perea)

Ondorengo puntuak aipatu ziren hitzaldi honetan, besteak beste:

  • Analitika funtsezkoa da eta eman beharreko pausuak ondo zehaztea komeni da:
    • Helburuak jarri
    • Neurtu daitezkeen irizpideak jarri
    • Diru sarrerak estimatu
    • Epeak jarri kontrolak egiteko
    • Datuak bildu eta analisia egiteko moduan antolatu).
  • Sareak markak plazaratzeko aukera paregabea ematen digu, baina marka hori sarera egokitu behar da. Egokitzapen horretan funtsezkoa da elkarrizketak ematea erabiltzaile eta bezeroekin.
  • DVk errentagarritasuna bilatzeko akzio berriak egin ditu: publizitate modu berriak (publireportajeak egiten dihardute) eta edukien marketina egiten (Klik eta klik, argazki lehiaketak, eta abar).

Metrikak nola probestu

Multiplica enpresako Oriol Ibars-ek eman zuen hitzaldian webgunearen analisia eta probak egin beharrak aipatu ziren.

Ondorengo akats hauek egiten direla orokorrean aipatu zigun Oriolek:

  • Webgunerako gaizki idatzi.
  • Call to action-a ez da argia.
  • Gure ikuspuntua erabili weba egitean eta ez erabiltzaile edo bezeroarena.
  • Landing pages edota lurreratze orriak gaizki sortu.
  • Erosketa prozesu luze edota nahasgarriak.
  • Neurketarik ez da egiten.

Argi eta garbi azpimarratu zuen konbertsio ratioa haztea izan behar dela gure helburua. Amazon edota Gmail bezalako webguneak ikusi besterik ez dagoela, konbertsioa da helburua.

Konbertsioa lortzeko bide bakarra probak dira, adibidez A/B testak, arrazoi hauengatik:

  • Webgunea ez da perfektua.
  • Ez da esperimentazioaren beldurrik izan behar eta proba ugari egin behar da.
  • Ez gara intuizioaz soilik fidatu behar.
  • Gure erabiltzaileek diseinatu behar dute gure webgunea, ez guk.

Egindako proba hauetan, funtsezkoa da neurketak egitea, aurretik zein ondoren.

Sare sozialak, komunikazioa eta enpresak

Cink enpresako Jesus Gordilloren eskutik joan zen eguneko azken tailerra.

Aditu honen ustetan enpresek bere osotasunean ikusi behar dute Internet eta estrategia garatzean alor ezberdinak landu, batak bestearekin elkarlanean: teknika (webgune on bat eta SEO-a), komunikazioa/marketina eta enpresaren eskaintza. Hirurak izan behar dira lehiakorrak.

Enpresek erabiltzaileekin hitz egin behar dute, era aktiboan, eta komunitatea sortzeko helburua argi edukiz.

Komunitatearen abantailak

by Mikel Lizarralde — last modified Jan 15, 2010 03:48 PM
Filed Under:

Interneten kamisetak saltzen dituen enpresa da Threadless. Erabiltzailea dago beren jardunaren erdi-erdian: erabiltzaileek egiten dituzte kamiseten diseinuak eta hauetatik bozka gehien jasotzen dituztenak ekoizten ditu Threadless-ek. Aukeratua izan den diseinuaren egileari 2.000$ ematen dizkiote.

Egunean 300 bat proposamen jasotzen dituzte eta astean 7 kamiseta argitaratu Threadless.com webgunean. 2009an 30 milioi dolarretako salmentak izan zituen 50 langileko enpresa honek.

Erabiltzailearen inplikazioa bilatzea funtsezkoa izan da. Batetik, merkatuak gustuko izango dituen kamisetak ekoizten dituztelako, erabiltzaileek diseinatu eta aukeratuak; eta bestetik, kamiseta horiek "bereagoak" ikusten dituztela erabiltzaileek, aukeraketa prozesuan parte-hartu dutelako.

Elkarrizketa honetan azaltzen dutenez sare sozialetan ere murgiltzen hasi dira. Facebook-en 100.000 fan inguru dituzte eta milioi eta erdi jarraitzaile Twitterren. Sare hauetan jarduteko moduari buruz, naturaltasuna aipatzen dute, egiten duten komunikazioa beraien moduko pertsonei zuzendua dago eta hazkunde organikoan sinisten dute.

Hona hemen beren komunitatearen indarraren adibide bat. Communist party izeneko kamiseta da beraiek gehien saldu dutena. Begira zenbat argazki dauden Flickr-en kamiseta horrekin, gehienak berau erosi duten pertsonek ateratakoak.

Hala ere, sare sozialen hazkundea baino lehenago ere bere komunitatearekin hitz egiteko jarrera zuen 2000. urtean sortutako enpresa honek. Bere jarduna erabiltzailean oinarrituta dagoenez, funtsezkoa da enpresaren eta erabiltzaileen artean elkarrizketak ematea, baita erabiltzaileen artean ere. Horri eta kamisetak sortzeko prozesuari esker, komunitate sendoa sortzea lortu dute, era natural eta organikoan hazten doan komunitatea.

Facebook-en marketina egiten: Ikea

by Mikel Lizarralde — last modified Nov 26, 2009 04:25 PM
Filed Under:

Ikeak denda berri bat ireki behar zuen Malmo hirian eta berau promozionatzeko sare sozialak erabili zituen. Horrela, mezua era eraginkorrean iritsarazi dio bere xede-taldeari.

Ikea Malmö-ren irekiera sustatzeko Facebook-en ekintza interesgarria burutu zuen altzari-enpresa suediarrak.

Irekiera baino aste batzuk lehenago saltoki berriaren kudeatzaileari profila sortu zioten Facebook-en. Profil horretan Ikearen altzariz betetako hainbat argazki atera zituzten, erabiltzaileei esanaz argazkiotan agertzen ziren altzariak lortu ahal zituztela.

Horretarako argazkietan pertsonak etiketatzeko sistema bera erabiliz, hau da, eskuratu nahi zuten altzaria etiketatu behar zuten norberaren etiketa gehituz. Altzaria etiketatzen zuen lehen erabiltzailearentzako izango zen.

Hona hemen egindakoaren azalpen bideoa (ingelesez):

Helburu publikoa eskatu gabeko mezuz spameatu ordez, beren konplizitatea bilatu zuten. Izan ere, pertsona batek altzari bat etiketatzen zuen bakoitzean bere profilean agertzen baizen, lagun guztiek ikusteko moduan.

Horrela, altzariak doan lortzeko aukera ahoz aho zabaldu zen, nahiko era merkean, saltoki berriaren albistea bolo-bolo plazaratzea lortuz.

Iturria Mashable

Facebook marketinerako nola erabili

by Mikel Lizarralde — last modified Feb 03, 2009 04:00 PM
Filed Under:

Sare sozial bat da Facebook, moda-modan dagoena. Bere abantailarik handiena, lortzen den "biralitatea", igorri nahi dugun mezua erraz eta merke zabaltzeko aukera. Nola erabil dezakete enpresa edota ekimen sozialek beraien alde?

Facebook aukera ona da zure marka ezagutzera emateko, baina ez pasa Spamaren mugarik, bestela, onuraren ordez, kaltea besterik ez duzu lortuko. Gure enpresa, produktu, zerbitzu edota ekimena Facebook-en ezagutzera emateko ondorengo doako aukerak dauzkagu:

1. Norberaren profila

Gehien kontrolatzen den gunea norberaren profila da, adibidez, gure webgunera lotura jarriz edota guk nahi dugun informazioa erakutsiz. Norberaren profil orritik jende asko pasatzen da.

Zenbait erabiltzaileren estrategia talde askotara gehitzea izaten da, pertsona askoren laguna egin (bezero, lagun, hornitzaile, ezagun, ...). Horrela trafiko ugari lortzen dute beraien profil orrirako. Baina kontuz, ez pasa Spamaren mugarik.

Zuk ez baduzu zure marka aipatzen... ez du inork aipatuko!

2. Taldeak (Groups)

Marketin birala egiteko erarik sinpleena. Markaren inguruan komunitate bat sortzeko aukera ematen digu.Eduki interesgarria ematen badiogu taldeko partaide bati, marketin birala martxan jarriko da eta bere lagunei esango die taldera gehitzeko, eta horrela taldea handitzen joango da.Zein talderen parte zaren zure profil orrian agertzen denez, trafiko handia sortzen da hauetatik taldeetara.

Taldeen arazoak:

- Taldea handitzen doan heinean arazoak egoten dira erabiltzaileei mezuak bidaltzeko (Facebook hau konpontzen ari omen da, 1000-1500 partaidetik aurrera gertatzen omen da arazo hori).

- Taldea ezaguna bilakatzen bada, spammerren jomuga bilakatu daiteke.

- Taldeei ezin zaie aplikaziorik gehitu. Horretarako Facebook Pages-ak daude.

3. Orriak (Pages)

2007ko azaroan atera zuen Facebook-ek Pages. Taldeen aldean badituzte zenbait ezberdintasun.

- Gehiago pertsonalizatu daitezke. HTML-a edota Flash-a gehitu, aplikazioak gehitu, ...

- Erabiltzaileen profil orrietan deigarriagoak dira.

- Ez dago mugarik erabiltzaileei mezuak bidaltzerako orduan.

- Taldearen zale direnek ezin diete beraien lagunei gonbidapenik bidali orrira etortzeko. Norberak ikus behar du lagunaren profil orrian edota mini-feed-ean orri horren fan-a zarela eta eskuz gehitu behar zara. Biralitatea apur bat galtzen da.

- Facebook jarraipena egiten ari da sortu diren orriak baimena daukaten jendeak eginak izatean.

4. Hitzorduak (Events)

Events orriaren erabilpena ekitaldien inguruan antolatuta dago: hitzaldi bat, jardunaldi bat edota ikastaro bat iragartzeaz gain, marka batek erabil lezake produktu berri baten kaleratzea dela eta, edota enpresan egin behar den aldaketa esanguratsu bat iragartzeko.

Events-ek, marketin birala egiteaz gain, bezero eta erabiltzaileekin erlazioa sortzeko balio du. Gainera argazkiak, bideoak eta halako gauzak gehitu daitezke.

Bestalde, Events-en bitartez erraza izan daiteke ekitaldira doan jendearekin erlazioa mantentzea, doazenen zerrenda edukitzea, izena eman dutenak ikusteko aukera, ...

5. Oharrak eta argazkiak (Notes and Photos)

Argazkiak eta blogetako post-ak Facebookera eramaten eta lagunei erakustea ahalbideratzen digu.

Markari buruz hitzegiteko balio dezake, baina kotuz, eduki interesgarria eman behar da eta ez da spamik egin behar.

Argazkietan, garrantzitsua da jendea etiketatzea, horrela, mezu bat jasoko dutelako esanez argazki batean daudela. Pertsona jakin baten arreta geureganatu nahi badugu sistema baliagarria da.

6. Mezuak (Messages)

Emailaren parekidea dela esan daiteke. Erabiltzaile batek beste bati zuzenean bidaltzen dion mezua. Baina ez dauzka emailaren oinarrizko funtzionalitateak (bilaketa, sailkatzea, filtratzea edota Gmail-en moduan izarrak jartzea garrantzia emateko).

Nahiz eta Facebooken ezin den ikusi lagunak ez direnen profilik, badago aukera mezuak bidaltzeko. Sistema ona izan daiteke jende interesgarriarekin lehen harremana izateko.

Hori bai, mezu asko bidaltzen baditugu, spam-a dela pentsa dezake Facebook-ek eta kontua itxi diezaguke.

7. Azoka (Marketplace)

Iragarki klasifikatuak jartzean datza. Zerbait saldu edota erosteko, lana eskaintzen duzulako, ...

Norbera partaide den edozein saretan jarri daitezke iragarkiak. Baina sare bat baino gehiagotan jarri nahi izanez gero dolar bat ordaindu beharra dago.

Iragarki asko (gehiegi) jartzen badituzu (ordaindu gabekoak), Facebook-en sistemak pentsa dezake spamerra zarela eta zure kontua itxi.

8. Elkarbanatu / Idatzitako artikuluak (Share / Posted Items)

Aplikazio honen bitartez zure taldea, orria, hitzordua, argazkia edota aplikazioa eman dezakezu ezagutzera bi eratara:

- Izaera propioa (edo leku propioa) emanaz norberaren profileko argitaratutako gauzen atalean.

- Lagunei zuzenean mezu moduan bidaltzen.

Zure profilean jartzen baduzu zenbait klik lortzeko aukera daukazu, hala ere, efektiboagoa da zuzenean mezu bat bidaltzea lagunei, klik ratio handiagoa lortzeko aukera dago.

9. Sareak (Networks)

Taldeen orriaren tankerakoa da bertako partaideentzako. Unibertsitateko sarea, lanekoa edota sare geografikoa adibide ugarienak dira. Sareek ondorengoa eskaini diezaiekete beren partaideei:

- Hitzorduak, posteatutako gauzak, iragarkiak (marketplace), ... deskubritzeko beste era bat.

- Edozeinek idazteko diskusio foroak eta hormak (wall).

Spam-a egiteko leku ezagunenak dira. Horregatik, sare batean mezu bat jartzean, mezu hori spam moduan ikusia izan daiteke, nahiz eta ez izan.

10. Mini Feed eta News Feed-a

Erabiltzaile batek hurrengo zerrendako edozer gauza egiten duenean, bere mini Feed-era gehitzen du Facebook-ek: talde batetara gehitu, ekitaldi batetara joan, orri edota talderen baten zale bilakatu, argazkia batean etiketatua izan, ... Hauxe mini Feed-ean agertzen da eta gure lagunek ikus dezakete. Horrek biralitatea dakar.

Erabiltzaile bakoitzaren Mini Feed-a bakoitzaren profilean agertzen da, eta zure lagun guztien mini Feed-ak zure haserako orrian agertzen zaizkizu "Azken berriak" gisa eta News Feed izena daukate.

Erabiltzaile baten mini Feed-a bere lagun askok ikusi dezakete, beraz era aproposa da marketin birala egiteko.

Iturria: Facebook Marketing Bible (ingelesez)