October
Sub-archives
Interneteko enpresen negozio eredua
Aste honetan eman da aditzera CodeSyntax-ek sortutako Tagzania Services enpresak dirua jaso duela arrisku kapitaleko erakunde batengandik. Interneti buruz gehiegi ere ez dakien batek baino gehiagok galdetzen digu zein den Tagzania Services-en negozio eredua. Ea azaltzen dugun.
Tagzania Services bitan banatu behar dugu. Batetik Tagzania.com webgunea, kontsumitzaileari zuzentzen zaiona, B2C delakoa. Iragarkietatik lortzen da dirua, gure kasuan Google-en iragarki sistema erabiliz. Bestalde, B2B merkatua daukagu, beste enpresei zuzendutako zerbitzuena. Mapekin, geolokalizazio zerbitzuekin edota web 2.0 delakoarekin erlazionatutako lanak dira. Horren adibide dira Nestoriarentzako egindako CasasZoom edota Google-entzako egindako 3 dimentsiotako eraikinak.
Kontsumitzaileari zuzentzen zaizkien webguneetan bada beste ohiko diru-iturri bat, freemium delakoa (ikusi ingelesezko wikipediako definizioa); funtsean, aplikazioak doako oinarrizko zerbitzua eskaintzen du eta baita ordaindu beharreko zerbitzu zabalago bat. Honen adibide da Flickr, argazkiak partekatzeko webgunea: doako zerbitzua hautatuz gero hilabeteko 100 MB-eko muga daukagu, ezin argazki gehiago igo hurrengo hilerarte. Aldiz, urteko 20 bat euroren truke nahi adina argazki igo ditzazkegu.
Iragarkietan Google Adsense darabilgula aipatu dugu, baina ez da aukera bakarra, ondoren zerrendatzen ditugunak ere interesgarriak dira:
- Babesleak: iragarleak epe jakin baterako kontratatzen du webgunean espazioa. Sustatu bera da horren adibide. Klik-a baino gehiago marka lantzea bilatzen da, izena lortzea.
- Afiliazioak: liburu, diska eta bidaien sektorean erabiltzen da asko sistema hau. Adibidez, liburuei buruz idazten badut, Amazon-ekin akordio batetara irits naiteke niri esker saltzen duten liburu bakoitzaren portzentai bat neretzako izan dadin.
- Babestutako artikuluak: hainbat blogek idazten dute artikulu bat produktu edota zerbitzu baten inguruan diruaren truke.
- Merchandising-a: diseinu edo logo esanguratsua daukan webgune batek kamisetak edota kafe katiluak sal ditzake. Horren adibide da Twitter-en FailWhale irudia, umeentzako arropa ere saltzen dute eta!.
Loogic blogeko artikulu batean oinarritu gara zerrenda hau egiteko, bertan adibide gehiago aurkituko dituzu.
Bilatzaileetako urrezko triangelua
Orokorrean bilatzaileetatik jasotzen dute webgune gehienek bisitarien portzentai handiena. Horregatik da garrantzitsua webgunearentzat interesgarriak diren bilaketa terminuetan ondo kokatua egotea.
Bilatzaileetan ondo kokatua, ondo posizionatua, egoteko egiten den lanari ingelesez SEO (Search Engine Optimization) esaten zaio (beste hainbat terminu ere erabiltzen dituzte zenbaitzuk, baina hobe ez nahastea).
Posizionamendua zein garrantzitsua den azaltzeko nahikoa da "urrezko triangelua" zer den kontatzea. Bilatzaileetako emaitzei nola begiratzen diegun ikertu zuen Eyetools enpresak, begien mugimendua aztertzen. Konturatu ziren jende gehienak triangelu formako eremu batean jartzen zuela arreta. Begira irudiari:
Kuriosoa da emaitza naturalak eta iragarkiak zenbat jendek ikusi dituen jakitea.
Emaitza naturalak
Lehen emaitza: %100
Bigarrena: %100
Hirugarrena: %100
Laugarrena: %85
Bostgarrena: %60
Seigarrena: %50
Zazpigarrena: %50
Zortzigarrena: %30
Bederatzigarrena: %30
Hamargarrena: %20
Iragarkiak
Lehen iragarkia: %50
Bigarrena: %40
Hirugarrena: %30
Laugarrena: %20
Bostgarrena: %10
Seigarrena: %10
Zazpigarrena: %10
Zortzigarrena: %10
Ondorioak
Zure enpresa edo erakundearentzat Internet funtsezkoa bada bezeroen arreta lortzeko, hobe duzu posizionamendua ondo lantzea, bestela jai daukazu!
Iturria Ismael El-Qudsi (gazteleraz)
Eguneraketa (2008/10/30)
Begira ondorengo irudi honi, aurreko kasuan bezala Google-en emaitza orri bat da:
Internautek emaitza bakoitzari emandako klik portzentaia eta denbora agertzen zaigu bertan. Lehen postuen garrantziaz gain, interesgarria da ikustea hobe dela 10. agertzea 7.a baino.
Nabigatzailea euskaraz izatearen garrantzia
Emun kooperatibak lan munduaren euskalduntzeari buruz daukan blog informatiboan, Lantalan.com-en, elkarrizketa egin didate nabigatzailearen konfigurazio hizkuntzaz. CodeSyntax-en ekimen horren aldeko kanpainan dihardu aspalditik, adibidez, Sustatu albistegiaren bidez, eta gai honen inguruan ebangelizatzea inportantea dela uste dugu. Eskerrik asko Emun eta Lantalan (bi webguneak, bide batez, etxe honek eginak). Jarraian, elkarrizketako testua.
Erabiltzailearentzat ze ondorio izango luke nabigatzailea euskaraz jartzeak?
Kalterako batere ez. Euskaldunak gaztelaniaz ari direla konturatu ere egiten ez diren bezalaxe, berdin gertatuko zaie euskarazko nabigazio-konfigurazioa duten erdaldunei: enteratu ere ez dira egingo.
Ondorio nagusia izango da hau: zenbait webgune eta Interneteko zerbitzuk aukera dute hizkuntzaren arabera eskaintzeko edukia erabiltzaileari. Adibidez, Lantalaneko elkarrizketarako itsatsita jartzeko esan diedan bideoan. Soinua ingelesez du, baina bideoa ikusten hasten bazara, azpitituluak euskaraz azalduko zaizkio euskaraz konfiguratua duenari, eta gaztelaniaz gaztelaniazkoari.
Beste adibideren bat?
Gure enpresaren webgunea, Codesyntax.com gunearen portada bisitatu, eta gaztelaniaz baduzu konfigurazioa, gaztelaniaz azalduko zaizu. Euskaraz baduzu, euskaraz. Helbide bat eta bakarra emanda. Izan ditugu kexuak, "aizue, lehen hitza erdaraz ematen duzue". Ez, barkatu, oker zaude, guk lehen hitza erabiltzailearen hizkuntzan ematen dugu, zu zara gaztelaniaz ari dena sarean.
Estatistika kontua baino ez da?
Ez, hori baino gehiago da. Goiko adibide horiek uste dut adierazten dutela Interneteko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko balio duela honek. Dena dela, estatistika kontuak funtsezkoak dira Interneten. Trafikoaren neurketa eta analitikan egiten den lana ez dakizue norainokoa den...
Google euskaraz izango dugu aurrerantzean?
Agian Google euskaraz azalduko zaio aldaketa egiten duenari, baina Google erdaraz erabiltzen jarraitu nahi duenari, emaiezue preferentziak konfiguratzeko lotura hau, eta hor aukera egin dezala nahi duen hizkuntzaren alde. Nabigatzaile-konfigurazioaren gainetik, Google aukera horiekin azalduko zaio erabiltzaile horri aurrerantzean.
Googlek gure bilaketetan euskarazko orriak lehenetsiko ditu?
Ez, Googlek ez du horretarako filtrorik oraingoz, baina agian etorriko da, hemen informazio gehiago.
Nola ezagutu daiteke hizkuntzaren konfigurazioa, eta nola aldatu?
Mutrikuko Atxukale webgunekoek jarrita dute: Atxukale.com bisitatu, eta lehen orrian esango dizu zein hizkuntza konfigurazio duzun. Hizkuntza bat baino gehiago ager daiteke, euskara lehena izatea da inportantea. Konfiguratzeko, hona argibideak Firefox-erako eta Internet Explorerrerako.
Erakunde batzuetan, trabak omen daude konfigurazioa erabiltzaileak moldatzeko.
Hala da, bai. Ordenagailu askoko erakunde handietan, baldintza zehatz batzuetan konfiguratzen ditu makina guztiek sail jakin batek, eta erabiltzaileari aukera propioak murriztu egiten zaizkio. Segurtasun eta ekonomia arrazoiengatik, ulergarriak izan daitezke enpresa-politika horiek. Kasu honetan, erabaki estrukturalak hartu daitezke, Gipuzkoa Donostia Kutxak egin duen bezala. Kalterik ez inori, eta abantailak euskararentzat.
Malagako Software Libre Konferentzian
Gure inguruan Amorebieta Udaleko adibidea dugu nazioareko ekimen honen partaide
Plone konferentziaren lehen eguna
Washington DC-n da 2008. urteko Plone konferentzia.
Amaitu da konferentziako lehen eguna (Plone Conference 2008). Orain dabil wifia pixkat hobeto eta oraintxe aprobetxatuko dugu gure partea egiteko. Goizean goiz etorri gara eta benetan inpresio handia ematen duela halako eraikin batek, Ronald Reagan zentroak. Kanpotik ikusita kristorena eta barrutik ere ikaragarria. Behin izena eman, barrura sartu garela eta ondo gosaldu dugula, konferentziako gela handian sartu eta betiko sarrera entzun dugu. Betiko "paripe" berdina: denak jaiki, albokoari eskua eman eta pare bat minutu ondokoak ezagutu. Amerikano batzuekin hitz egin dugu, bueno hobe esanda guk hitz egin dugu zertan lan egiten dugun...
Entzun ditugun gauza interesgarrien artean, Alexander Limi-ren hitzaldia. Limi izan zen Ploneren sortzaileetako bat, eta orain Googleko enplegatua da.
Plone produktuen errepasoan, Real World Intranet delakoa interesatu zaigu. Karpeta eta orriaren arteko erlazioa txarra dela eta tarteko produktu bat sortu behar dela horrelako gauzetarako. CodeSyntaxkook pozik, hori aspalditik daukagula jakinda, DonEdukia deitzen dugun barne produktua, aspaldiko Zope-tik gaurko Plonera egokitu duguna.
"i18n for developers" hitzaldia ere eman du Hanno Schlichting-ek. Amerikano eta inglesentzako txarla, batez ere laburpenaren azkenengo partea ikusita sartu gara, pixkat gauza aurreratuxeagoak komentatuko zituelakoan, baina azkenean ZPT ingurunean eta Python-en itzulpenak nola egin esplikatzen ibili da. Bere ostean gu ginen horretaz gehien zekitenak gela hartan, ematen zuenez...
Eta, jakina, beste gauza asko ere bai. Baina, oraingoz ez dugu denbora gehiago kontatzeko.
Buletin baten lehen eguna
Zure webgunerako albiste buletin bat jarri behar duzula eta zer egin lehenengo egunean, audientziarik gabe?
Buletina martxan jartzeko unean tentazio handia izaten da, hor nonbaitetik e-posta helbide mordoa bildu eta hain interesgarria den zerbitzu eder honetara harpidetzeko.
Eutsi tentazioari!
Benetan. Hobe da jendea banaka-banaka izena ematen joatea. Beraien kabuz izena eman duten 100 pertsonaz osatutako buletin zerrenda batek urrea balio du, benetan! Horiek dira zure erabiltzaile baliotsuenak!
Aldiz, baimenik gabe harpidetu ditugun 2000 erabiltzailez osatutako buletin zerrendak ez du asko balio. Ez dakigu 2000 pertsona horietatik zenbatek bidaltzen gaituen spam karpetara, zenbatek letxe txarrez hartzen dituen gure mezuak (publizitate negatiboa). Azken finean, ez dakigu 5, 10 edo 100 erabiltzailek diren balio dutenak.
Gainera, aizu! Hori spama edo zabor-posta da!