You are here: Home CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga Authors mlizarralde

Mikel Lizarralde

CS tailerraren jardunaldiak

by Mikel Lizarralde — last modified Apr 02, 2009 04:44 PM
Filed Under:

CS Tailerra martxan jartzearen arrazoiak bi dira, bezero eta lagunekin gure esperientzia partekatzea eta harremanak sendotzea.

CS Tailerraren hurrengo jardunaldiak prestatzeko zure intereseko gaiak zeintzuk diren jakin nahi dugu, eta horretarako inkesta bat jarri dugu martxan lagun eta bezeroen artean. Zure laguntza benetan eskertzen dugu!

Hitz gakoen analisia

by Mikel Lizarralde — last modified Mar 13, 2009 01:49 PM
Filed Under:

Posizionamendu edota SEO lana hastean lehen pausuetariko bat webgunearentzako zein hitz gako diren interesgarrienak aztertzea da. Hitz gako horiek bilatzen direnean lehen postuetan agertzea izango da gure helburua.

Hartu ezazu orri zuri bat eta idatzi zurearen tankerako webguneetara iristeko bezeroek Google-en bilatu behar lituzketen hitz edota esaldiak. Beste aukera bat, lehiakideen webguneak aztertzea da, ea zein hitz gako darabilten ikusteko.

Hitz gakoen zerrenda egin ostean, hauetatik erabilienak zeintzuk diren jakin behar dugu, hau da, gure webgunera jende gehien ekarriko dituztenak.  Horretarako Google Keyword Tool erreminta erabil daiteke.

Hala ere, ezin ditugu baztertu trafiko gutxi ekar ditzaketen hitz gako horiek, litekeena da garrantzitsuagoak izatea gure negoziorako eta emaitza hobeak eman ditzakete beste hitz gako batzuek baino (adibidez, benetan interesa daukan trafiko segmentatua badakarte). Hitz gako hauek aukeratzeko prozesu hau funtsezkoa da posizionamendua egiteko, baina baita Google-en Adwords iragarkiak kontratatu nahi izanez gero ere.

Posizionamendu lana burutu ostean, edota Adwords iragarkiak kontratatu ostean, funtsezkoa da emaitzak neurtzea. Horrela jakin ahal izango dugu zein hitz gakok ematen diguten trafikorik onena eta zein hitz gakorekin saltzen dugun gehien (hori bada gure helburua). Analisi honi esker gure hitz gako zerrenda moldatu beharko genuke, terminu batzuk kenduz eta beste batzuk gehituz.

Oinarrizko posizionamendu gomendioak

by Mikel Lizarralde — last modified Mar 04, 2009 11:10 AM
Filed Under:

Google-ek SEO edota posizionamenduaren inguruko oinarrizko gida bat argitaratu zuen azaroan.

Jende gutxik jartzen du zalantzan posizionamendua zein garrantzitsua den gure webguneentzako. Hauxek dira, labur-labur, Google-ek argitaratutako gidan aipatzen diren puntuak:

  • Webgunearen izenburua (title etiketa): sortu izenburu deskriptibo eta laburrak, gomendagarria da webgunearen orri bakoitzarentzari izenburu propioa jartzea. Ondo kokatzeaz gain, gogoan izan bilatzaileen emaitzetan jendeak ikusten duen lehen gauza webgunearen izenburua dela, erakargarria izan behar dira, beraz.
  • Deskribapena (description etiketa): labur eta era deskriptiboan azaldu zure webgunea. Bilatzaileen emaitzetan, izenburuaren azpian agertzen da deskribapena.
  • Webgunearen URL-a (nabegatzailean idazten dugun helbidea): hitz gakoak agertu behar dira bertan, era laburrean bada hobe. Hobe da gure webgune honen moduko URL helbide ulergarriak izatea.
  • Webgunearen nabigazioa: ezar ezazu zure webgunean erabiltzaileek ulertzeko moduko nabigazioa. Erabili kategoria izen deskriptibo eta zentzuzkoak. Gomendagarria da menu nagusian Flash edota JavaScript-ik ez egotea. Breadcrumb-ak (ogi apurrak) erabiltzea gomendagarria da baita ere. Webgunearen mapa edukitzea eta 404 orri erabilgarriak diseinatzea ere garrantzitsua da.
  • Kalitatezko edukia eskaini: pentsa ezazu zure erabiltzaileengan eta eskaini beraiek nahi duten edukia, idatzi beraiengan pentsatzen eta ez bilatzaileengan.
  • Loturak ondo egin: gai honen inguruan, hobe Gariren Nola egin loturak artikulua irakurtzen baduzue.
  • Orrien goiburu etiketak era egokian erabili (h1 eta h2 etiketak): Eskema moduan, erabiltzailea orrian kokatzeko baliagarriak dira, baina orri bakarrean ez da abusatu behar.
  • Argazkiak era egokian landu: Argazki bat webgunera igotzean, jarri izenburu egokia, bilatzaileek asko baloratzen dute.

Gomendio gehiago aipatzen dituzte. Hemen ikus dezakezu gaztelaniazko artikulua eta hemendik jaitsi gomendioen PDF-a.

Zure bisitak ezabatu estatistiketatik

by Mikel Lizarralde — last modified Feb 27, 2009 05:33 PM
Filed Under:

Gure webguneko estatistikak aztertzerako orduan sarritan ahazten dugu guk geuk ere bertan nabigatzen dugula eta datu horiek ere kontutan hartzen direla. Google Analytics bezalako herraminta bat erabiltzean gure webgunean erabiltzaileek egiten dutena aztertu nahi dugu, horregatik komeni da gure erabilpena hortik ateratzea, analisia zuzenagoa izan dadin.

Estatistiken analisia hori zuzenagoa izan dadin filtroak jar ditzakegu Google Analytics-en.

Nola gehitu filtro bat Google Analytics-en?

  1. Sartu zure kontuan eta egin klik Analytics Settings (gazteleraz, Ajustes de Google Analytics) aukera, goiko ezkerreko aldean dago.
  2. Erdialdean dagoen Add Filter (gazteleraz, Añadir Filtro) aukeran egin klik.
  3. Hainbat filtro mota ezberdin daude, aukeratu hobekien datorkizuna. 

Analytics filtroa gehitzen

IP helbidearen araberako filtroa:

Guk IP helbidearen araberako filtroa erabiltzen dugu. IP helbidea erabiltzaileok Internetera konektatzen garenean daukagun "matrikula" da (ikusi Wikipediako azalpena). Analytics-en gure bisitak estatistiketatik ken ditzakegu pausu hauek jarraituz:

  1. Aukeratu Exclude all traffic from an IP address (gazteleraz, Excluir todo el tráfico procedente de una dirección IP específica) eta jarri bertan zure Interneteko konexioaren IP helbidea.
  2. Zure IP helbidea jakiteko, sartu webgune honetan. Erdialdean agertzen den zenbaki hori da zure IP-a.
  3. Orokorrean, IP helbide gehienak dinamikoak dira, hau da, modem-a itzali eta pizten dugun bakoitzean aldatu egiten da. Ondorioz, IP helbidearen zenbakia eguneratu egin behar da Analytics-en. Gure bulegoan IP helbide finkoa daukagu, beraz ez dugu lan hori egin beharrik.

IP helbidearen filtroa

Jarraitu ehundaka blog RSS bitartez

by Mikel Lizarralde — last modified Feb 20, 2009 05:31 PM
Filed Under:

Aipatu izan dugu lehenago ere interneten elkarrizketa ematen ari dela eta komenigarria dela esaten denaren berri izatea (eta ez soilik gure izena aipatzen badute). Sarri aipatzen dugu blogak irakurri beharra dagoela eta erantzun gisa jasotzen dugu "aizu, hemen lana egiten dugu eta ez daukagu horretarako denborarik". Gure erantzuna argia da: zure lana egiteko modua aldatzen ari da.

Interneteko erabiltzaile aurreratuek ehun blog baino gehiago irakurtzen dituzte (eta egunero jarraitzeko moduko blog interesgarri berriak aurkitzen dituzte). Blog guzti hauek irakurri ahal izateko RSS teknologia darabilte.

Zer da RSS teknologia?

Ba blog batean artikulu berri bat argitaratzen den bakoitzean RSS-ak artikulu horixe bidaltzen dizu. Alerta zerbitzu modukoa da edota epostaz buletin batetara harpidetzearen modukoa.

Nola erabili RSS-a?

Eman izena RSS irakurgailu batean, guk Bloglines eta Google Reader erabiltzen ditugu gehienbat. Ondoren, joan jarraitu nahi dituzun blog edota webguneetara, RSS-aren ikonoa aurkitu (Firefox nabigatzailea erabiltzen baduzu errazagoa da nabigazio barran agertzen delako RSS ikonoa) eta egin klik bertan. Harpidetza pausuak jarraitu ondoren, RSS irakurgailuan jasoko dituzu jarraitzen dituzun webgune guztien azken artikuluak.

Zein abantaila dauzka RSS-ak?

Abantaila nagusia, aurrezten den denbora. RSS-a darabilgunok ez ditugu bisitatzen ehundik gora blog ea zerbait berria argitaratu ote duten ikusteko. Alderantzizkoa gertatzen da, blog horietako batean zerbait berria argitaratzean gure RSS irakurgailura iristen da.

RSS irudiak 

Interneten dauden egunkari ia guztiek RSS teknologia darabilte, ondorioz, blogak jarraitzeaz gain egunkarietako azken artikuluak irakurri ahal izateko ere tresna aparta da (begira Berriaren RSS-ari).

RSS-aren inguruko azalpen gehiago Sustatun eta bideo honetan: