Hemen zaude: Hasiera CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga Topics usability

usability

Oinarrizko erabilgarritasuna: pentsatu gabe jarraitu beharreko ereduak

by Gari Araolaza — azken aldaketa 2009/01/22 15:41
Etiketak:

Badaude zenbait eredu garrantzitsuak direnak webgune bat diseinatzen gabiltzanean ahaztu behar ez ditugunak.

Sarritan, interfaze berri batean pentsatzen gabiltzala ez ohiko zerbait asmatu nahi izaten dugu. Gogoratu dezagun zenbait eredu ezarrita daudela gure industria honetan eta nahikoa dela eredu horiek gure kasura egokitzea. Gaurkoan hauetako batzuk aipatuko ditugu, hona hemen ekintzara bideratuta dauden botoiekin lotutakoak.

Akzio-botoi bat (Bidali, Onartu, Gorde, ...) diseinatzerakoan kontutan izan beharrekoak:

  • Zenbat eta botoi handiagoa, klik egiteko aukera handiagoak. Botoi bati klik egiteko probabilitatea honen tamainarekiko proportzionala da. Hala ere, badira oraindik hau errespetatzen ez duten hainbat webgune. Adibidez, ondorengo irudian ikus daitekeen orrian erabiltzaileak egin behar duen ekintza nagusia (datuak sartu ostean) "Aceptar" botoian klik egitea da, ezta?
Login pantailan klik egitea

 

  • "Klikagarria" dela argi utzi behar du: sarritan, diseinua asko pertsonalizatu nahi izaten dugu eta webgune ederra eduki, azkenean, botoiek itxura hori galtzen dute eta  erabiltzaileak ez dira ohartzen klik egiteko direnik. Aurreko adibideak puntu honetarako ere balio digu. Ez al litzateke argiagoa izango formulario botoia itxura arrunta izango balu?
  • Askotan, lotura sinple bat da gauzarik argiena: behin baino gehiagotan gertatu izan da emaitza hoberenak azpimarratutako lotura urdin klasikoak ematen dituela. Zentzu honetan, Eduardo Manchon-en artikulu hau gomendatu ohi dut.

Nora doa bisitarien arreta webguneetan

by Mikel Lizarralde — azken aldaketa 2008/11/21 15:56
Etiketak:

Eye tracking-az jardun izan dugu lehenago. Ikerketa hauek erabiltzaileek arreta non jartzen duten aztertzen dute. Errepasatu ondorengo puntu hauek, garrantzitsuak dira eta webguneen diseinua eta eduki sorkuntzarako.

Gordetako loturak errepasatuz Seth Godin-en artikulu interesgarria aurkitu dut, webguneen erabiltzaileek arreta non jartzen duten jakiteko egindako ikerketen ondorioak dira. Hona hemen labur-labur:

  • Testuek irudiek baino arreta gehiago bereganatzen dute. Kontrakoa dirudien arren, testuak gehiago erakartzen ditu erabiltzaileak.
  • Lehen bistadizoa goiko ezkerreko izkinara doa. Horretara ohitu gaituzte orain arteko webgune eta ordenagailuko programek.
  • Begirada goiko ezkerreko partean hasi eta beherantz eta eskubirantz doa. F izkiaren formako bidea egiten.
  • Erabiltzaileek banner iragarkiei ez diete kasurik egiten.
  • Letra tipo eta formatu arraro edo xelebreei ez diete kasurik egiten.
  • Kopuruak zenbaki moduan erakutsi.
  • Letra tamaina webgunea nola begiratzen den baldintzatzen du. Letra tamaina txikiak testuan arreta gehiago jartzera behartzen du erabiltzailea; tamaina handiak, aldiz, webgunea eskaneatzera animatzen gaitu.
  • Erabiltzaileek bigarren mailako tituluetan arreta jartzen dute baldin eta interesgarriak badira. Tituluetan komenigarria da hitz-gakoak aipatzea, batetik, erabiltzaileak erakartzeko, eta bestetik, bilatzaileetan hobeto posizionatzeko.
  • Erabiltzaileek webguneen zati gutxi eskaneatzen dituzte.
  • Parrafo laburrek luzeek baino emaitza hobeak lortzen dituzte.
  • Zutabe bakarreko formatuak emaitza hobeak lortzen ditu hainbat zutabe dituenak baino.
  • Goikaldeko ezker partean dauden iragarkiek jasotzen dute arreta gehien.
  • Eduki garrantzitsuenaren ondoan dauden iragarkiak gehiago ikuste dira.
  • Testu hutsezko iragarkietan beste iragarkiek baino arreta gehiago lortzen dute.
  • Irudiak geroz eta tamainu handiagoa, orduan eta arreta gehiago bereganatzen du.
  • Argazkietan aurpegiak argi agertzen badira, emaitza hobeak lortzen dira. Argazkiek benetako jendea erakusten badute eta ez modeluak, emaitza hobeak.
  • Izenburuek, titularrek, erabiltzaileen begirada erakartzen dute.
  • Erabiltzaileek denbora asko pasatzen dute menu eta botoiei begira, horregatik funtsezkoa da hauek ondo diseinatzea.
  • Zerrendek erabiltzaileen arretari eusten diote. Parrafoak banatzeko eta edukia estrukturatzeko balio du, baita testua eskaneatzeko errazagoa egiteko ere.
  • Testu bloke handiek arreta uxatu egiten dute. Ez du axola zein ondo idatziak dauden eta edukia zein interesgarria den. Parrafo handiak banatu egin behar dira beste txikiago batzuetan eta zerrendetan.
  • Testuaren formatuak arreta bereganatzen laguntzen du. Negritazko letrek edota italikoek, eskaneatzeko prozesua errazten dute, baina neurrian erabili behar dira, beharrezkoak direnean.
  • Gune hutsak edo zuriak izatea ona da.
  • Nabigazio tresnak webgunearen goiakaldean badaude gehiago erabiltzen dira.

CodeSyntax usability lab

by Gari Araolaza — azken aldaketa 2008/09/24 00:00
Etiketak:

Erabiltzaile testak egiteko toki egokia prestatu dugu bulego berrian.

Erabiltzaile testak

Webguneak egiterakoan garrantzitsua da erabiltzaileekin frogatzea. Web garatzaileok batzutan dauzkagun aurreiritziek ez digute errealitatea ikusten uzten, eta oker egon gaitezkeela onartu behar dugu.

Horretarako erabiltzaile testak egiten dira. Erabiltzaile test batean, webgunea ezagutzen ez duen erabiltzaile ahalik errepresentatiboena hartu eta gure produktuaren aurrean jartzen dugu. Webgunea orokorrean ebaluatzeko balio digu, ulertzen duen zer den, zertarako den, zer egin daitekeen, nola nabigatu eta informazioa aurkitu eta abar. Bestetik, aplikazio bereziak martxan jarri baditugu, horiek aztertzeko ere balio digu: izenemate bat, erosketa bat edo akzio konplexuren bat.

Erabiltzaile bat hartu eta gidari batekin batera lan horiek egiten jartzen dugu. Bitartean, beste gela batetik bere jokaera eta sentsazioak behatzen ditugu.

Usability lab edo erabilgarritasun laborategia


Argazkiak.org | CodeSyntax usability lab © cc-by-sa: garaolaza

CodeSyntax-en bulego berrian horretarako gune bat prestatu dugu. Funtsean bi gela dira, espiatzeko ispilu batez banatuta. Audio aldetik ere prestatu behar dugu, alde bateko komentarioak bestean entzun daitezen. Oraindik ez gara erabiltzen hasi, baina hiru lagun jarri ditugu argazkirako plantak egiten. Hor dauzkazue Lur, Mikel eta Kere.