Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral
Dokumentu Akzioak

Periferiatik, erral

Mikel Larreategiren bloga

Paseo San Andres edo Ego-gaineko "ez-etxeak"

Azken aldian Eibarren egin den aberrazio handienetako bat Corte Ingles berriaren aurrean daukagu. Hiru etxe bloke egingo zituztela agindu zuten. Baina saldu ez dituztela-eta bat egiten hasita eta bestea plastiko batzuekin tapatuta utzi dute.

Agian ezin da konparaziorik egin, baina pentsatu dendaria zarela eta ez duzula arrautzarik erosten salduta izan arte. Erosleak arrautzak eskatzen dizkizunean, orduan baserrira joan baserritarrari arrautzak erosi eta erosleari saltzen dizkiozu. Euro batzuk beharrean ehundaka milaka eurorekin.

Udalak Alfa zegoen lekuan denbora tarte jakin baten etxeak egiteko baimena emango zion promotoreren bati, baina honek etxe-bloke bakarra eraiki du eta han utzi du bestea. Gure boletin ofizial bietan (Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan) etorri dira harekin egingo omen dutenaren albisteak, badirudi azkena pintura eskolakoek hango horma edo zutabeak margotu egingo dituztela dela. Kalean, hor eraikita dagoena bota egingo dutela ere entzun dut. Ezin du udalak beste erabakirik hartu? Seguru badagoela lege-argudioren bat orain proposatzera noana egiteko, baina borondatea behar horretarako: "nik (udalak) etxeak egiteko lizentzia eman nizun eta zuk ez dituzu eraiki. Hainbat (5? 6? 7?) urte pasatu dira eta ez dirudi aurrera egingo duenik. Lur horiek "erreskatatu" edo "errekuperatu" egingo ditut, ezer ordaindu gabe, eta hor, adibidez Babes Ofizialeko Etxeak eraikiko ditut. Bai, Amaña edo Urki puntan, edo Bolinguan, edo Eibarko toki inakzesibleenetan orain eraikitzen direnak bezala.

Horrek ere badu bere puntua: badirudi legez X etxe "libre" egiten badituzu Y BOE egin behar dituzu. Eibarren X etxe horiek hiri erdian egiten dira (Ego-gainen adibidez), eta BOEak "periferian": Jardinetan, Urki-kurutzekuan, Amañako puntan bariantearen tuneletako bat atzean dutela, ...

Alfa-San Andres-Ego gaineko etxeekin zer? Udalak erreskatatu eta BOEak egin inor indemnizatu gabe (ez Errebalen bezala, lehen saldotan erregalatutakoa berrerosten eta norbait aberasten). Baina noski, horretarako borondatea behar da. 21etik 19k ez dute horretarako borondaterik izango.

Mikel Larreategi 2010/01/08

ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...

... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana.

Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik.

ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten, ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen. Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela.

Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da...

ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago?

Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer?

Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da.

Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak.

Zorionak Maialen!

Ez dut finala osorik jarraitzeko aukerarik izan. Goizean agurreko pare bat bertso eta kartzelako gaia. Arratsaldean oso-osorik.

Zorionak Maialeni txapela lortzeagatik. Gozada bat izan da zure bertsoak entzutea. Amets ere heldu da azken buruz-burukora. Orain lau urte atean geratu zen (4. Maialen 3.arekin berdinduta), eta gaurkoan lortu du goraino heltzea. 

Goizeko azken lanean, kartzelakoan, azken artikulua idazten dagoen kazetariaren paperean jarri dituzte bertsolariak. Hona hemen Ametsek bota dituen hiru perlak:

Hamasei urte ta Egunkarian
hasi nintzen bekario
Martxelok hantxe jarri ninduen
beste baten gregario
Gero Berrian saiatu nintzen
lan onaren ondorio
gero Argian serio
besten hitzaren jario
Berrogei urte pasatu ditut
berrogei kalendario
Orain lumari tintaren partez
malko pila bat dario

Reala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak
Nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
Eta gure preso denak
zirela senideenak
Notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenak

Hauxe dut nere azken eguna
askatu dut alkandora
Luma malkoen atzetik joan da
paper fin zurian gora
Eta gero prest maketarekin
hor daukat ordenadora
gaur egin behar dut froga
nere bizioa droga
idatz dezadan: "muga urtu da
Euskal Herria libro da"
Ez da egia baina egia
bihurtuko da gerora!

Eta Maialen. Zer esan honi buruz? Zorionik beroenak. Ez dago hitzik-eta. Hona hemen Txapeldunaren azken agurreko bertsoa:

Gogoratzen naiz lehengo amonen
zazpi gaineko gobaraz
Gogoratzen naiz lehengo amonaz
gaurko amaz ta alabaz
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz
Gure bidea ez da errexa
bete legez, juizioz, trabaz!
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
Eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz-taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz

 

Mikel Larreategi 2009/12/13

Aupa Maialen!

Gogoratzen dudan lehenengo bertsolari txapelketa nagusia 1989koa da. 8 urte besterik ez nituen baina etxeko irrati zaharra erabiliz grabatu zuen amak arratsaldeko saioa.

Jon Lopategik irabazi zuen txapelketa hartako hainbat bertso behin eta berriz entzun ditugu etxean, Andoni Egañak eta Xabier Euzkitzek zortziko txikian egindako batzuk adibidez, bata etxekoandrea eta bestea etxeko azulejoak jartzera etorritako langilea zirelako gaia emanda kantatutakoak.

Aurtengo Txapelketa Nagusiko saio batzuk jarraitzeko aukera izan dut, ez presentzialki, Internet bidez baizik, Info 7 Irratia eta Bertsoa.com atarietatik. Finalera gustura joango nintzateke, baina igande goizean zehar beste konpromiso bat dut eta tarteren baten irratiaren bidez jarraitu beharko dut.

Entzun ditudan saio apurretan Maialen Lujanbioren bi bertso aipatu nahiko nituzke, biak Bergaran jokatutako finalerdian kantatutakoak.

Lehenengoa kartzelako gaiari erantzunez bota zuen lehenengoa. Hauxe zen Bergarako kartzelako gaia: "argazkilaria zara, oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko prest zaude". Hona Maialenek bota zuen lehenengo bertsoa:

Irratiak zion kaleetan
zela jendetza demasa:
pankarta baten ostean oihuz
bete kale eta plaza.
Egoera da tentsoa eta
bazun iskanbila traza;
hemen norbere hitzari eusten
ere ez dago erraza.
Oraindik entzuten da oihartzuna
hori pelotazo jasa,
lurrean odol arrasto batzuk
ta tentsiozko arnasa
Kordoietik hara hona nabil
foto bila nere kasa,
baina kaskodun batek esan dit:
"hemen ez da ezer pasa"

Mikel Laboaren "Eguzkiak urtzen du goian" abestiaren doinua eta neurria erabiliz hiru bertso bordatu zituen Maialenek Bergaran.

Binakako lanean, Beñat Gaztelumendirekin ere lan ederra egin zuen, honako gai honekin: "Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da eta oraintxe sartu zarete epaitegian". Hona Maialenek bota zuen azken bertsoa:

Ikasiko zun ordun kanpoan
zegon denbora apurrean;
Kontuak kontu neskaren ama
distantzia laburrean.
Eska dezaket errukia edo
belaunikatu lurrean;
baina 'barkatu' zein hitz hutsa den
heriotzaren aurrean.

Ea nork irabazten duen igandean BECen. Orain lau urte norbaitek kantatu zuen moduan BECtekada espero da bertan. Maialenek irabaztea ederra litzateke!

Audio-playerrak EuskalTubekoak dira eta jatorrizko audioa Koska Irratiarena da. Eskerrik asko!

Mikel Larreategi 2009/12/09

Tok, tok. Nor da? La Pelota Basqua!

Orain bai? Benetan?

Paul Riosi irakurri diot Twitter-en:

Escribiendo una nota para valorar la declaración de la Izquierda Abertzale http://bit.ly/1i8CfC

Sartu naiz webgunera, irakurri dut PDFa eta bertako puntu baten zera aurkitu dut:

Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik gabe eta esku sartzerik gabe garatu behar da, soilik bitarteko politikoak eta demokratikoak erabilita. Gure helburuen bila bideratutako estrategia politiko hau, aipatu prozesu  demokratikoa sustatuz eta parte hartzea bultzatuz, aurrerapenak ekarriko dituela ziur gaude. Adibide argia Hegoafrika eta Irlanda dira.

Bale. Ados. Oraingoan benetan? Seguru? The Organization-ek zer dio honi buruz?

Mikel Larreategi 2009/11/14

Iturburuko 8Bko afaria (2009 edition)

Batzuk han ibili ziren galdezka ea 8B ala 8C zer ginen. Momentuan ez nuen gogoan, baina aurreko urteetako kronikei begira 8B ginela aurkitu dut. Pofale.

Denok Miren Guridi ezik
Haritz, Miren eta  hirurok

Lehenago 2005ean, 2006an eta 2008an egin bezala (ados, 2007an pira egin nuen), joan den azaroaren 7an berriz ere batu ginen Iturburun klasean ibilitakoak afaritxoa egiteko. Afarian eskatu bezala, hona hemen bertaratutakoen zerrenda eta pira kopurua:

  1. Iñigo Agirregomezkorta Pira
  2. Gorka Amillategi
  3. Gorka Apellaniz
  4. Mikel Arregi
  5. Mikel Arrieta
  6. Arkaitz Astigarraga
  7. Miren Azurmendi Pira
  8. Haritz Bergara
  9. Unai Campo
  10. Jon Etxaide Pira
  11. Miren Ecenarro Pira
  12. Iker Garate Pira
  13. Ixone Gomez Pira
  14. Miren Guridi
  15. Miren Ibarbia
  16. Mikel Iriondo
  17. Eneko Iriondo
  18. Ibon Izquierdo Pira
  19. Mikel Larreategi
  20. Ekaitz Lizundia Pira
  21. Endika Markina Pira
  22. Oihana Oregi Pira
  23. Alazne Pujol
  24. Gorka Suinaga (goian bego)
  25. Eneritz Txurruka
  26. Mikel Urkiaga
  27. Eider Uzkudun Pira
  28. Unai Vitores Pira

 

Ah, eta Ibarbiak eskatu bezala, hona hemen, hurrengorako, 7. eta 8. mailetan ikasitako bertsoen dokumentua.

Mikel Larreategi 2009/11/10

Hemeroteka Plus revisited: wifitik ere bai

Lehengoan idatzi nuen Hemeroteka Plus zerbitzuari buruz eta nola Eibarko Juan San Martin liburutegian dauden ordenagailuetatik sar zitekeen bertara (orduko € 1eko kostua dute ordenagailu horiek). Atzo, liburutegia dagoen Portalea eraikinean bilera bat nuela-eta, ordenagailuarekin joan eta liburutegiko wifi saretik Hemeroteka Plus aplikaziora sartzen saiatu nintzen... eta baita lortu ere!

Ba hori, jakin dezazuen, wifitik ere funtzionatzen du. Hauxe da helbidea: http://hemerotekaplus.plazagunea.com/eibar

Mikel Larreategi 2009/10/15

Hemeroteka Plus, hori katxarroa!

Eibarko liburutegian izan naiz gaur, 2009ko egunkariak kontsultatu eta orrialdeak PDF formatuan lortzen.

Lagun batek eman zidan pista: Eibarko liburutegian egunkarian on-line kontsultatu eta PDF formatuan lortzeko aukera ematen duen programa bat instalatuta dago. Inguruan galdetu nuen eta inork ez zekien ezer. Azkenean liburutegira idatzi nuen, eta bertako arduradunak eman zidan erantzuna: "Bai, HemerotekaPlus du izena eta bertako ordenagailuetan instalatuta dago".

Gaur arratsaldean bertara joan naiz, urtean zehar egunkarietan Deporreko xake taldeari buruz argitaratu direnen orrialdeak lortzera (prentsa memoria egin nahiean nabil). Ordu beterako ordenagailua erreserbatu eta ordaindu (euro 1 besterik ez) eta hantxe hasi naiz bilaka.

Mahaigainean zegoen lotura baten klik egin eta webgune batera konektatu da: http://hemerotekaplus.plazagunea.com/eibar/default.cfm (adi, ez dabil. Ziur aski IP bidezko filtroa edukiko dute ezarrita). Han aurkezpen testu bat zegoen eta berehala bilaketako aukera. Egunkari mordo bat zegoen han. Niri DV, El Correo eta Noticias interesatzen zitzaizkidan, baina El Mundo, Diario de Noticias, El Pais, Berria, Gara eta beste batzuk ere baziren. Eta nire sorpresarako eta kitto aldizkaria ere bai. 

Egunkariak 2004tik daude indexatuta bertan, eta orrialdez orrialde zein testu libreko bilaketa eginez kontsultatu daitezke. Nik nahi nituen orrialde guztiak indexatuta nituen (data eta izenburuarekin) eta 2009an "ajedrez" bilaketa bat eginda, nahiko azkar aurkitu ditut. Behar nuena lortu eta PDFen saski baten sartu ditut nahi nituen orrialdeak. Bukatu dudanean saski horretako PDFak e-postaz bidali dizkit sistemak. Bide batez, bilaketarekin, lokalizatu gabe nituen, hau da RSSetan agertzen ez zaizkidan, horrela egiten baitut egunkarien bigilantzia, beste pare bat orrialde ere aurkitu ditut.

Urte bukaerako prentsa memoriak eta antzekoak egiteko tresna paregabea Plazaguneak egindako HemerotekaPlus hau. Aurtengo memoriaren bolumena bikoiztu egingo dut horrela. Hori katxarroa!

Mikel Larreategi 2009/10/06

Globo-sondak

Atmosferia ikertzeko erabiltzen dittue zientzialarixak globo-sondak (edo zunda-globoak).



Neurgailu batzuk ipini, gas batekin bete eta airera jaurtitzen dittue lurretik altura jakin batera daren atmosferako kondiziñuak zein diran jakitzeko. Geure agintxarixak be holako gauzak egittera ohittuta dare. Húrrenekuak gainera egunkarixak erabiltzen dittue horretarako, "cartas al director" edo "la mirilla" moduko atalak aprobetxauta, gure herrixan zer egin leikian sugeritzen agertzen diran kartak geure agintarixak eurak idatzittakuak dira. Eta eurak idatzittakuak ez badira, eurak bultzatutakuak bai behintzat.

Estaziño kale osteko kaliakin pasau zan, eta oin dala astebetetik autobus geltokixakin be bai. Inork ezer esan aurretik hor urten dira Errebaleko autobus geltokixan inguruko eritzixak batera eta bestera. Agintarixak be segiduan urten dira "herrixari entzuten" Errebalerako beste proposamen batzuk egitten. Zuek egindako proposamenak sinistia nahi dozue? Errebalen "agindu" zenduen fotomontajia eta gero pasau dan dana ikusitta, zelan eukiko dogu ba konfiantza zuek proposatutako ezertan? Junixuan aldaketia eukia neban hizpide; oinguan bebai. 

Datorren udal hauteskundietarako herri plataforma bat aurkezteko beharra bati baiño gehixagori entzun detsat. Horixe izango litzake azkenengo urtietan herrixan pasau diranendako erantzun egokixa. Alkategaixa topau bihar. Hau be globo-sonda bat izango ete da?

Mikel Larreategi 2009/09/29

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
capablanca Capablanca, 2010/01/05
maialen guapaaaaaaaaaaa imanol, 2009/12/16
Eyyyyyyyy almansa, 2009/12/14
BTN09 Mikel, 2009/12/14