Gaia: begoã±eraz

Abe
31
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoña The New York Timesen

 

 

Estatu Batuetako prentsa idatziko izarren artean The New York Times distiratsuenetakoa dugu. Urte asko dira ‘Dama Grisa’ –horrela esaten diote– erreferente handia dela mundu mailako kazetaritzan. Bada, egun batean, gure herriari buruz idatzi zuten.

The New York Times egunkaria 1851 urtean sortu zuten eta harrez gero Estatu Batuetako egunkaririk itzaltsuena bilakatu da, aditu askoren iritziz. 2004 urtean 1.124.000 ale saltzen zuen egunean eta Estatu Batuetatik kanpo ere eragin handia omen dauka. Bere ibilbidean 94 Pulitzer sari irabazi du eta bere herrialdeko historia markatu duten albiste garrantzitsuak eman izan ditu ‘scoop’ –beste inor baino lehen- gisa.
Bada, hara non, The New York Timesen aurkitu dugu Begoñari buruz luze berba egiten duen artikulua. Testua euren korrespontsal batek idatzi zuen, emakume batek hain zuen: Katharine Lee Bates. Argitaratu, 1899ko irailaren 3an egin zuten, egunkariko 12. orrialdean. Titulu nagusia ‘The basque provinces’ –euskal herrialdeak- izanik, azpititulu bi jarri zioten: ‘Pirinioetako zaindariak’ eta ‘Historia handia duten bertako lagunen etxe eta ohiturak’.
Korrespontsalak artikuluaren nondik norakoak azaldu zituen, lehenengo eta bat. Espainian zegoela, ezin alde egin Done Jakue bidea ezagutu barik. Eta hara non, Donostian hastea erabaki zuen. Horregatik hasi zen euskaldunen gainean berbetan eta bidean aurkitutakoa kontatzen. Baina, batez ere, euskaldunen izaeraz eta nortasunaz aritu zen. Paisaiak, lan egiteko gogoa eta gaitasuna, ustezko jatorriak… “Sinestita daude, inongo duda barik, eurak direla Europako arrazarik zaharrena, jatorrizko iberiar haien ondorengoak, zeintzuk Mendebaldetik etorritako ariar osteek Piriniotako leku urrun honetara eraman zituzten”. Jaina, hizkuntza ere aipatu behar: “euren hizkuntza ere badute, Asiakoen tankerakoa. Edengo lorategian berba egiten zelakoan daude. ‘Vascuense’k hogeita bost euskalki ditu, eta atzerritarrentzat hain da zaila ikasteko ezen George Borrowk berak ere berba egiten zuen “zailtasun handiaz”. Ikasle nekatu batek etsi eta gero esan zuenez, “berbak oro har dira idatziz Solomon eta ahozkatuz Nebuchadnezzar”.
Gero, ezin falta, demonioak euskara ikasteko egin zituen ahalegin ustelen kondaira ere aipatu zuen. Baina, bitxia kontua, euskal literatura ere hizpide eduki zuen, labur-labur, esateko euskaraz zegoen apurra “gehien bat, noski, heroien kantuak, dantza-kantuak, ereserkiak, eresiak eta folklore kantuak direla”. Egiari zor, kontua ez da hain harrigarria, jakinda Katharine Lee Bates bera idazlea eta, batez ere, kantuetako letragilea zela.
Ondoren, euskal askatasunen galera eduki zuen hizpide eta Gernika bisitatu zuen, bertako haritza baita ‘euskal independentzia zaharraren bihotza’. Eta bertan haritz zaharraren gainean, karlistaden eta foruen galeren gainean idatzi ostean, Katharine Lee Batesek Begoñara jo zuen.
OUR LADY OF BEGONA
Bai, ñ barik idatzi zuen Begoña, edo behintzat horrela argitaratu zuten. Egia esanda, lore ederrekin hasi zen. “Bisitatu ditugun euskal eliza ugarien artean, tartean Donibane Lohizuneko ospetsu hori non Louis XIV ezkondu zen, xamagarriena XVI. mendeko Begoñakoa izan da, Bilbon”. Barrualdea deskribatzean hormetako pinturak nabarmendu zituen, arrisku bizian zeuden barkuak islatzen zutelako. Begoñako Ama bere itsasgizonak babesten zitueneko ideiaren erakusle ziren koadro haiek, kazetariaren iritziz. “Hain ahaltsua ote da zuen Ama Birjina?” galdetu zion koruko umeetako bati. “Izango ez da ba!”, erantzuna. Eta jarraian XVI. mendeko legenda kontatu zion, zelan lapurrek Begoñako Amari koroa kendu nahi izan ziotenean eskuak atxikita gelditu zitzaizkien eta elizetako kanpaiak jotzen hasi ziren.
“Gure aurpegiera –jarraitu zuen kazetariak– ez ei zuen mutila konbentzitu eta zilarrezko plaka eder bat seinalatu zuen. ‘Eta hori ere gure Ama Birjinaren ahalaren emaitza da. Kolera gaitzaren izurritearen sasoian eman zuten. Orduan inguruetako herri guztietan jendea barra-barra hiltzen zen. Baina Begoñako Ama prozesioan Bilboko kaleetatik barrena atera eta harrez gero ez zen beste inor hil, gizon bekatari bat izan ezik. Kaleetatik pasatzean, gizon hark ez zion nahi izan Begoñako Amari begiratu”.
“Hormako koadro luze hori, prozesioaren pintura bat ote da?” galdetu zion kazetariak. “Ez, ez, Señoras (sic). Koadro hori Ama Birjinaren beste mirari zoragarri baten oroigarria da. Uriolek Bilbo irentsi behar zutenean Begoñako Ama atera zuten, hamaika su eta kandelekin batera, eta ibai ondoraino eraman zuten. Bertan urei agindu zien bere bidera bueltatzeko eta obeditu egin zioten eta hiria salbatu zen”.
BILBO
Begoñako aipamena bertan amaitu zuen kazetariak. Ondoren, Begoña baketsutik Bilbo zaratatsura jaitsi zen. Bilboko garapen ekonomikoa laudatu zuen, euskaldunen berezko grinaren erakusle gisa. Natura menderatu eta aurrerapenaren zerbitzuan jarri izana gogotik txalotu zuen. “Euskaldunek, katalanek bezalaxe, serio hartzen dituzte negozioak. Euren mendi errekatxoak errotak mugiarazteko baliatu zituzten, Nervion txikia kanalizatu egin zuten 4.000 tonako barkuak sartu ahal izateko, gaua labe garai ahaltsuen suaz argitu zuten”.
Eta amaitu, euskal jaiekin amaitu zuen bere artikulua Lee Batesek. Mutikoak pilotan jokatzen eta neskatilak euskal dantzetan ikusi zituen, herriko txistulariek –pipers, gaiteroek- euskal doinu zaharrak jotzen zituzten bitartean. Euskal “misterio jokoak” –mystery plays– ospetsuak izan ziren sasoi batean baina gaur egun Gabonetan edo Pazkoan baino ez dira ikusten, idatzi zuen. Eta soloak bedeinkatzeko ekitaldia ere ikusi nahi izan zuen, antzinako paganoen erritoa.
KATHARINE LEE BATES
Katharine Lee Bates (1859-1929) estatu batuarra idazle eta batez ere, kantu-egile gisa egin zen ospetsu. ‘America the Beauty’ ereserki ospetsuaren letren egilea izateagatik ohoratzen dute Estatu Batuetan oraindik ere.
Batesek hamaika olerki liburu, bidaia-kronika eta umeentzako ipuin idatzi zituen. Urte askotan ingeles literaturaren irakasle gisa egin zuen behar.
Bere bizitza pertsonalean ere, emakume ausart eta aurrerakoia izan omen zen. Hogeita hamar urtez Katharine Coman historia eta ekonomia politikoa irakaslearekin bizi izan zen. Aurten bete dira, beraz, Katharine Lee Bates jaio zeneko 150 urteurrena.

Berton aldizkaria | begoã±eraz


Aza
30
8:00

Mahatserria (Bilbo): Begoñako Txikitoa

 Begoñako Txikitoa esaten zioten pilotari mahatsorri ospetsu bati. Baina, XX. mendearen lehenengo erdialdean, ezizen horrexekin beste pertsona bat famatu zen. Ha Rufino San Vicente Navarro zen, Chiquito de Begoña gaitzizenez sona handiko toreatzaile bilakatu zena.

Argazkian: Bizkaitar toreatzaileak. Ezkerretik hasita, Fortuna, Gaona, Torquito, Ale, Begoñako Txikitoa eta Cocherito.

Gauza jakina da Cocherito de Bilbao toreatzailea, Castor Jauregibeitia alegia, Bilbokoa barik, Begoñakoa zela. Baina ez da berau Begoñak eman duen toreatzaile bakarra. Bere sasoian, Begoñako Txikitoa ere plazarik plaza ibili zen, zezenak toreatzen. Hurrengo lerroetan bere ibilbidearen berri ematen ahaleginduko gara.
Gaur egun harrigarria egiten bazaigu ere, XIX. mendeko azken laurdenak toreatzaile sorta bikaina eman zuen Bilbok eta Ezker aldeak. Cocherito izan zen, duda barik, denen artean ospetsuena, baina besteek ere euren bidea urratu zuten adituek toreoaren 'urrezko aroa' esaten dioten XX. mendeko lehenengo hamarkadetan. Castor Jauregibeitia 1876an jaio zen, lau urte geroago Begoñako Txikitoa eta sasoi hartakoak dira, baita ere, Torquito (Serafin Bigiola, Barakaldo 1888), Fortuna (Diego Markiaran, Sestao 1895) eta Ale (Alejandro Saiz, Bilbo 1891), besteak beste.
COCHERITOGAZ
Goazen harira. Pentsatuko zenuten bezala, Begoñan jaio zen Rufino Segundo San Vicente Navarro, 1880ko uztailaren hasieran. Aita, Jose San Vicente Bilbao; ama, Toribia Navarro Egiron. Antza denez, Rufinok gaztetan kristal grabatzaile moduan egin zuen behar, baina toreadore izateko grinaz, ogibide hori laga eta zezen-plazan debutatzea lortu zuen. Bilbon egin ei zuen lehenengo (1901ean, batzuen arabera, eta askoz geroago, 1908an, beste batzuen esanetan). Ondoren Madrileko plazan be aurkeztu zen. Antza denez, aitabitxi nor eta bere herrikide Cocherito de Bilbao eduki zuen. Duda barik, Jauregibeitiarekin harreman estua edukiko zuen, garai batean behintzat. Cocheritok Bilbon egin zuen azken korridan (1919), Rufino San Vicente zegoen kartelean, Torquito eta Fortunarekin batera.  
Debutatu eta gero, hurrengo urteetan plazarik plaza ibili zen Begoñako Txikito, hala penintsulan zehar nola Ameriketan barrena. Askotan toreatzailerik onenak eduki zituen aldean, besteak beste Bomba ospetsua, Txirrita mutilzaharrak bere ezkontzarako agindu zuena –“Machaquito ta Bombita ditut, etorritzeko esanak”-.
Adituek diotenez, uda aldean penintsulan egoten zen San Vicente, baina udagoienetik aurrera Ameriketara joaten zen, Mexiko, Peru, Venezuela eta Kolonbiako zezen-korridetan toreatzera.
Dinamika hura, antza denez, 1922an eten zuen. Harrez gero, Ameriketan gelditu zen, eta zezenetan jarraitu bazuen ere, ez ei zen penintsulara bueltatu. Hala ere, datu hori ez da guztiz zuzena, inon irakurri baitugu despedida ere Bilbon egin zuela, 1928an, Fortuna eta El Gallo (oilarra) toreatzaileak lagun zituela.
ZAURIAK UGARI
Begoñako Txikitoaren bizitza apur bat arakatzen ibilita, zezenek behin baino gehiagotan zauritu zutela jakin dugu. 1911an, berbarako, Mexikoko hiriburuko El Toreo de la Condesa plazan zezen batek adarkatu zuen. Ondorioz, bere lankide Isidoro Martí ‘Flores’-ek korridako zezen guztiak (sei) hil behar izan zituen.
Dena dela, kutsu erromantikoagoa dario beste zauri bati. Juan Guillermo Palaciok Medellingo El Apunte egunkarian 2006an idatzi zuenaren arabera, Txikito, “Perun toreatzean ibili eta gero, patuak hala aginduta, Medellin ondoko herri batera iritsi zen, baita bertan adarkada larri bat jaso ere. Bidaia mando gainean egin behar zenez, herri hartan hilabete egin behar izan zuen, osorik sendatu arte. Orduan, denbora alferrik ez galtzeko, bere erizainarekin maitemindu zen. Antioquiako emakume harekin ezkondu zen eta harekin egon zen hil arte”.
Horra hor Txikito zergatik gelditu zen Medellin aldean. Antioquia Medellinen dagoen lurraldea da, Kolonbian. Cossioren entziklopediaren arabera, Fredonia izeneko herrian bizi izan ziren andre-gizonak.
Esan legez, 1928an laga zituen plazak. Harrez gero ez dugu datu askorik bildu. Arazo ekonomikoak eduki zituela pentsa genezake. Izan ere, 1934an Madrilen eta 1935ean Bilbon, Begoñako Txikitoaren aldeko zezenketak egin zituzten, dirua batzeko antza.
Edozelan be, askoz geroago hil zen. Cossioren arabera, 1963an Medellinen, 83 urtekoa zela beraz. Arestian aipatutako Juan Guillermo Palaciok idatzi zuenez, Begoñako Txikitoa “toreatzaile ausarta eta zezenketa latzetakoa” izan ei zen.

Berton aldizkaria | begoã±eraz